Harrizko bloke sendo baten erdian, garai batean xafla antzeko bat zena asma daiteke, ziur aski, norbaiten oroigarri gisa idatzitako hitzak izango zituena. Gainean, brontzezko bi zapata baino ez daude, estatuaren orkatilak hautsi ostean geratu zen gauza bakarra. Herdoilak jan ezin izan dituen letoizko bi pieza astun baino ez. Auskalo gainean zena zergatik bota zuten, baina geratzen dena horixe da, harritzar baten gainean dagoen zapata pare krakatua.
Azkenean, gauza guztiekin berdin gertatzen da, desagertzen direnean, irudi bakar bat geratzen zaigu. Nire aiton-amonen etxean makina bat hildako ikusitakoa naiz, garai batean, hildakoa, azken agurra eta sakramentuak jaso aurretik, ehortzi aitzin, etxean izaten baitzen. Izeba Amandriren aurpegi luze eta zurbila, Dominikaren kokots eta sudur luze bezain zorrotzak, itsua zen aitona hil berritan lehen aldiz betaurreko beltzik gabe ikusi nuenekoa, aiton-amona eta sendiko kideen hilotzak, etxeko egongelan, nire logela ondoan azken gaua egiten zutenekoak.
Auzoko hildakoen aurpegiak ere oroitzen ditut, Joxe Martinen aurpegia, metrailak birrindua, ezkaratz ondoan gaindosiak jota hildako neskatoarena, egun euritsu hartan surflari eta sorosleek atera zuten itotako gorputz puztua, eta auzoko taberna batean hil zuten gizon baten zerraldotik metro batera bereizten zen bere betun beltzeko zapata. Asko dira ikusi ditudan hilotzak, baina pertsona horiek guztiak oroitzen ditudanean bestelako irudiak etortzen zaizkit burura. Bata, «soziedadean» oroitzen dut, mahai buru. Beste bat arrainari ezkata kentzen; erreboteko zestaren soka nola lotu behar den erakusten, ehizatutako galeperrak amonari ematen, jaunartzea egiten, mailua eta igitaia zituen bainu jantzi gorriekin sorosle lanetan, ogia banatzen edo errieta egiten oroitzen ditut egun ez dauden gertuko zenbait defuntu.
Montgomery Ernest Thomas Kaluhiokalani, Buttons, auzoan ezagutu nuen, Azara kalean zen surf denda bateko erakusleihoan. Orduak egiten genituen denda atarian, beiraren beste aldean, telebista txiki batean jartzen zituzten bideoak ikusten. Behin eta berriz errepikatzen ziren film haiek buruz genekizkien. Protagonistak miresten genituen eta haien jarrerak antzezten saiatzen ginen.
Buttons agertzen zenean pipak jateari uzten genion, mikrofono burua zuen mutiko beltzaranak egiten zituenak ikusteko. Sekulakoa zen, ez zen haren parekorik, ez zen munduan inor hark egiten zituenak gaindituko zituenik. Orain, Buttons joan da eta bere irudiak berragertu dira. Agian, egunen batean estatua eder bat egingo diote, eta urte askoren buruan, brontzezko bi sandalia bakarrik geratuko dira, baina ziur naiz belaunaldi oso batek buruan izango duen irudia bestelakoa izango dela, Hawaiiko hondartza batean harea zuria jaten agertzen zen surflari beltzaran eta irribarretsu baten argazkia. Buttons bere-berean, alegia.