Surflari ernegatua blog naiz+

Eddie Would go

 

Ezaguna da surflarien artean «Eddie would go» esaldia. Mundu osoak ezagutzen du Eddie eta mundu osoak ezagutzen du aipatu esaldia. Mundu osoak ezagutzen du estatubatuar nazionalistek aurkeztutako itsasgizon isolatuaren irudia eta mundu osoak ikasi du itsasoa maite duen historiarik gabeko surflari baten istorioa. Ordea, «nekez uzten du gesalak itsasoa, ez hare harriak basamortua».

Eddie, surflaria baino lehenago Eddie Aikau zen, eta Aikau baino lehenago hawaiiarra zen, eta horren aurretik ez zen, izan balitz, bere omenez txapelketa egiten dutenek garbituko baitzuten. Izan zirelako ez dira eta ez direlako izango dira, edo alderantziz, edo antzeko zerbait...

Eddiek kamera estatubatuarren aurrean hitz egiteko aukera izan zuenean Waimeako badian ageri zen, bere bainujantzi horiarekin eta surf taula horiagoarekin. Mikrofonoa ahoan jarri zioten, eskerrak itxita zeukan une hartan bestela laringearekin hitz egin beharko zukeen. Txapela irabazteak zer sorrarazten zion galdetuta irabazlea bera ez zela erantzun zuen eta kazetariak mikroaren esponja-estalkia bere trakea garbitzeko erabili nahi zuela ikusita, pauso bat atzera eman eta kazetariaren tentaldia kolpean moztu zuen, «gaur hawaiiar guztiek irabazi dute» gaineratu zuenean.

Eddie zer zen jakin nahi duenak, ez dio Quiksilverreko marketin arduradunari galdegin behar, bere sendiari baizik. Orduan ulertuko du, nahi eta ahal duenak, Eddie, Hawaiiko Argala zela. Desberdintasun batekin, Argalak ez bezala, Eddiek garbi zeukan kolonizatzaileekin batu zitzakeen ezer ez zegoela. Alegia, euskalduna balitz, Eddiek zera esango zukeen: «Espainol edo frantsesekin batzen gaituena ez da nazio bereko kide izatea, ezta klase bereko kide izatea ere... horiekin ez gaitu ezerk batzen, ezta edaten dugun iturri bereko urak ere!».

Harrezkero komunikabide estatubatuarrak Eddie saihesten saiatu ziren eta horregatik irudi gehienak bera hil ostekoak dira, alegia bera presente izan gabe bera hizpide duten irudiak. Horien artean aurkitzen da «Eddie would go!» esamoldea famatu bilakatu zuen pasadizoa.

1986. urtean izan zen, Eddieren omenez Waimean egin behar zuten lehen txapelketan, antolatzaileak eztabaidan ari ziren, lehiaketa egin edo ez; izan ere, baldintzak muturrekoak ziren, itsasoak kostaldea bortitz kolpatzen zuen, bi etxe birrindu eta zenbait errepide hondoratu zituen. Kamera batek, laringe bila, muturra sartu zuen eztabaidan ari ziren kideen erdian. Kazetari lotsagabearen bultzada saihestearren alde batera egin zuen kideen esanak arretaz entzuten ari zen Mark Foo surflari hawaiiarra, eta momentu horretan esan zuen esaldi famatua: «Eddie would go!», alegia, Eddie itsasoratu egingo zatekeen. Horrela limurtu zituen bilkuran ziren kideak urte batzuk beranduago mundu osoko kameren aurrean Mavericksen bizia galdu zuen lagunak.

Datorren asteburuan olatuak ez dira itzelezkoak izango eta beraz bestelako gauzak egiteko aukera ona izan daiteke edozein surflarirentzat. Aukeren artean espetxeetara antolatu diren martxetan parte hartzea dago. Gonbidapena jasoko balu, nik badakik Eddiek zer egingo lukeen...«Eddie would go!».