Surflariok lasai surf egiteko urautsi ezkuturen bat xerkatzen dugu eta horretarako mapak, argazkiak eta urautsi posibleentzako koordenadak behatzen ditugu. Orain gutxi, olatu onak eskainiko dituen urautsi bakarti bat aurkitzeko modu bakarra lurralde hotzetara jotzea zela nioen, baina oker nenegoen.
Aurkitu dut fantasiazko uharte liluragarria, urautsi utopikoa, eguzkia, ur epela, olatu bikainak, kultura aberatsa eta biztanle eredugarriak biltzen dituen kotoizko gaztelu samurra. Eta zuekin partekatu nahi dut surflari berekoi gisa hilobira eraman beharko nukeen sekretua, bai baitakit isilpekoa ezkutuan gordeko duten irakurle leialak zaretela.
Topatu dudan irlaren izenak euskal hitza dirudi. Ozeano Barearen bihotzean aurkitzen da Huahine-Iti, hego hemisferioan, Australia eta Hego Amerika artean. Tahiti uhartetik 175 kilometro ipar-mendebaldera, Polinesia frantsesa osatzen duten irletako bat da. 6.000 biztanle ditu eta, gu bezala, frantsesek kolonizatu zituzten bertakoak, eta, guk bezala, oraindik haien eskubide kultural eta politikoak aldarrikatzen dituzte.
“Huahine l’ile rebelle” dokumental zoragarria ikusi ostean piztu zitzaidan arra. Bertako biztanleek ez zuten inguruko uharteetako kideek erakutsi ohi duten sumisio jarrerarik eta ez zen apaingarri ustelik haien diskurtsoan. Erreportajeak hitzaurrean bertan ohartarazten zuen: «Leku sekretu eta babestuenetako bat da, eta, inguruko irlak turistek menderatuak diren arren, bada oraindik kanpotarrei aurre egiten dien uharte salbai eta menderakaitz bat».
Uhartearen historia eta izena ere erakargarriak dira. Hiro, jainko handiak, bere kanoarekin zeharkatu omen zuen lurralde hura eta ordutik bi uharte omen dira, bata handia, Huahine Nui, eta bestea ttipia, Huahine-Iti. “Sexe de femme” izenaz ere ezaguna da azken hori, antza, lurraldeak duen formagatik.
Badu beste bereizgarri bat leku magiko honek. Agintariak, nagusiki emakumeak izan dira. Erregeek baino, erreginek gobernatutako herrialdea izan da, eta, agian, horregatik garatu du egun duen izpiritu kritikoa. Halako osagai zoragarriak dituen leku batek perfektua izateko gauza bakarra behar du, olatu ederrak, eta Huahinen hori ere ez da falta. “Huahine” hitzak polinesieraz alua esan nahi omen du. Beraz, sekulakoa topatu dut. Paradisua. Pottottina izeneko uharte bat, ur garden eta epelekin, eguzkiak gauez baino atseden hartzen ez duen eremu bat, eta, gainera, ezker-eskuin sekulako olatuak jasotzen dituen urautsiak dituena. Zer gehiago?