Aste honetan Roxy PRO, munduko nesken surf txapelketa da Bairritzen.
Bainujantzi estua darama berak, tira, beraiek, denek. Ipurmasailak alde batera eta bestera dabiltza nonahi, arnasa hartu nahi balute bezala. Eta begiradak, denek elkarri begiratzen badiogu ere, inoiz ez dute gure begi niniek aukeratutako angeluek bat egiten. Tarteka, halabeharrez edo, lotsa gorritzen gara, bularraldean oraindik ilerik badugunok, begirada lotsagaberen batek, haren begiei baina begira ez garela ari atzematen gaituenean.
Munduarekin haserre dagoen neska hawaiiar batek salgai duen bigarren eskuko taula erakusten du, berarekin dituen tatuaje polinesiarrekin batera. Gogor itxura salgarria da halakoetan. Ez dago argi hawaiiarra den ere, baina aldizkarietako neska surflariaren profila betetzen du. Irletako surflari sufrituaren irudi bizia da.
Hileak narras eta alkandora loreduna erdi irekia duen argazkilariak, neskatoak solasean eta irribarrez harrapatu nahi ditu, modu naturalean, haiek konturatu gabe alegia, sorpresan. Beraien artean, arerioak izanda ere, zer-nolako giro bikaina daukaten dioen ohiko artikulua laguntzeko.
Haurrentzako bideo jolasak, egonean kontsumitzen egoteko gela egokituak, birziklatutako osagaiekin egindako alferrikako gauzak eta arte modukoak ikusgai, non eta kontsumitzen ez duenak sarrerarik ez duen «Mac-eremuan». Propaganda abestiak bozgorailuetan ozen, propaganda eta propaganda artean. Eta «politenaren» irudi modeloa, nonahi, benetako lehiakidearen erreplika berbera, tamaina naturalean, ia egiazkoa baina hobea eta beragandik metro gutxira. Nire saltsan nabil.
Bero egiten du Biarritzen. Bero arrosa. Egarri naiz, garagardo fresko bat hartzera noa, 5 euroan, irribarrea behin marraztu eta gainetik kendu ezin izan duen neska ponpox batengana. Hozkailuak ez omen du hozten; «ça marche pas!» dio, Naomi Campbell ezezagun batek. «Ez du axola» esan nahi duen keinu hori egiten diot modu baldarrean, soilik gizonezkook egiten dugun imintzio erridikuluan, zer pentsatzen ari garen ezkutatzeko egin arren, are eta ageriago uzten gaituen irribarre mokoloa marraztuaz.
Petrilean eseri, garagardoa apur bat freskatzeko putz egin eta lehen hurrupa bat eman diot. Azkar edan dut, ez diot garagardo beroari plastikozko edalontzia urtzeko astirik eman nahi. Itsasora begiratu eta lau puntu ikus daitezke, lau kolore. Itsaso urdin eta olatu zuri artean mugitzen dira, batzuetan azkar eta besteetan astiro, akorde nahasiek bultzatzen duten nota dardartiak bezala, edo haizeak ufadetan mugitzen duen lurreko hosto dantzariaren gisan.
Bozgorailuetatik, mikrofonoa hain zuzen garrasi egitea ekiditeko asmatu zutela ikasi ez duen speaker-a entzun daiteke, bertakoa ez den beste edozein hizkuntzatan esaldi laburrak igortzen. Bere gizon ahotsak iratzarri nau: «Stephaniren azken olatuak zortzi puntu jaso ditu».
Batzuetan zertara natorren ahazten zait.