Youtubek 2013an gehien ikusitako surfeko bost bideoak aurkeztu ditu. Olatu gutxi eta tontakeria lepo, alegia surfa bere izate puruan. Ikusleek eman diete ospea irudi hauei eta bide batez “surf” esaten denean gehiengoak zer uler dezakeen erakutsi dute. Freaky Lover jaunak dioen moduan, «garrantzitsuena ez da igortzen den mezua, hartzaileak zer jaso edo ulertu duen baizik».
Bosgarren postuan pasa den maiatzaren 13an Teahupooko olatu beldurgarrian hartutako irudiak. Hiru minututan oilo ipurdia jartzen duten tubo munstroak eta surflarien erorketa muturrekoak ageri dira. Surflarien mugimenduak abiadura makalean eta azkarrean uztartuta, perkusio zorrotzen erritmoan. Olatu handietako irudiak maite dituen edonorentzako gomendagarria.
Laugarren postuan, aurtengo Biarritzeko munduko nesken txapelketa egiteko argitaratu zuten iragarki polemikoa, ipurdi gozo bat bai, baina olaturik erakusten ez zuena. Propaganda egiteko bakarrik ez, berau jasotzeko ere gutxieneko irizpideak finkatu beharko liratekeela gogorarazi zuten batzuek. Ez zen surf komunitatea aztoratu, baina behingoagatik gutxiengo baten mezuak gehiengoaren isiltasuna biluzgorritu zuen.
Hirugarren postuan, Jamie O'Brien surflari hawaiiarra eta lagunekin egiten dituen tontakeriak. Lema gabeko taularekin isurbide zikin bateko maldan behera ikus daiteke, kortxozko taulekin olatuekin jolasean ere bai, baina orokorrean ageri dena zera da, surf gutxi, pitokeria asko eta propaganda hasieratik amaiera arte.
Bigarren postuan pasa den urtarrilaren 28an Garrett McNamarrak Portugalen hartutako olatu erraldoiaren irudiak. Nazareko kostaldeak itsaski bortitzak direnean eskaintzen duen ikuskizun itzelezkoa orkestra sinfoniko bikain batekin lagunduta. Minutu eskaseko bideo ikusgarria, hiru milioi eta erdi ikusle erakarri dituena.
Eta azkenik, lehen postuan, 2013ko surfeko bideo ikusiena. Sei milioi pertsonak klikatu dute youtubeko estekan Anastasia Ashley lehiakidea dantzan ikusteko. Huntington Beacheko barraren hondoan, jende gehien erakartzen duen munduko surf txapelketa batean, neskatoa beroketak egiten agertzen da. Belarrietan itsatsita dituen walk man moderno baten aurikularrek soinean jantzita daraman bainu jantziak baino gehiago estaltzen dute.
Gorputz liraineko neskatxa, unean entzuten ari den musikaren arabera mugitzen dela pentsa daiteke. Ipurdia atzera eta aurrera dabil, gora, behera, makurtu, luzatu,... bai, ikuskizun ederra da halakoak maite ditugunontzat. Ipur masailetan hozka egiteko gogoa ere ematen du, baina ondoan duen surf taulagatik ez balitz ez legoke “surf movies” kategorian sartzeko arrazoirik.
Hala ere, bere alde ona ere badu kontu honek. Aurrerantzean txori txikia astindu nahi duenak, Youtubeko bilagailuan hitz lizun eta deserosoak idatzi beharrean, “surf” hitza jartzearekin nahikoa izango du.