Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna izan zen atzo. Nazio Batuen Batzar Nagusiak otsailaren 11a hala izendatzea erabaki zuen 2015an. Zientziaren alorrean emakumeek ez dituzte gizonen aukera berberak eta hura salatzeko, eta bide batez, zientzia eta teknologian emakumeen ekarpena goraipatzeko helburua du egunak.
Emakume eta Neska Zientzialariaren Eguna laugarren edizioa izan zen atzokoa eta hura ospatzeko lau ikerketa zentrok elkar hartu zuten atzo Donostian. Donostia International Physics Center-ek (DIPC), Materialen Fisika Zentroak (CFM), CIC Nanogunek eta CIC Biomagunek programazio bateratua antolatu dute, zientzia ere nesken kontua badela erakusteko..
UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak generoen arteko ezberdintasunak agerian ipintzen saiatzeko eta emakumeek zientziaren eta teknologiaren munduan egiten duten lana nabarmentzeko ‘Leku hori’ bideoa zabaldu zuen orain bi urte.
Aurreiritzien kontra egin nahi zuen bideoak, ikasketak hautatzerako orduan estereotipoek eragina dutela gauza jakina baita.
Orokorrean gutxi izan ohi dira zientziaren bidea ibiltzen duten emakumeak eta bidea ere aldapatsuagoa izan ohi dute. orain bi urte Nazio Batuak hamalau herrialdetan egindako ikerketa baten arabera, zientzia arloan ikasten ari diren emakumeek lizentziatura bat, maisutza bat eta doktoretza bat amaitzeko probabilitatea %18koa, %8koa eta %2koa da, hurrenez hurren. Ikasle gizonezkoen kasuan, berriz, %37koa, %18koa eta %6koa da probabilitatea. Aldea nabarmena da, eta are nabarmenagoa karrera ikertzailean aurrera egin ahala.