Kanpoan bizi diren euskal herritarren jarduna dut mintzagai ohikoan, baita Euskal Herriaz kanpoan esaten direnak ere, ordea, noizbehinka. Realeko entrenatzaile berriaren kontura ‘Daily Mirror’ egunkariaren izenburu honek harritu nau: «Roberto Martinezen oharpena David Moyesi: ‘Ez zoaz Espainiara, Euskal Herrira baizik’». Martinez entrenatzaile kataluniarra Evertonen egungo entrenatzailea da, Moyes bera ordezkatu zuen 2013an.
Agerikari britaniarraren artikuluan Martinezek dio kirol ikuspegitik «jakin beharrezko guztia dakiela» baina azkar konturatu beharko lukeela «ez doala Espainiara, Euskal Herrira doala. Realak euskal filosofian oinarrituriko ohiturak ditu eta euskal herritarrek euren hizkuntza propioa dute».
Hurrengo esaldiek gehixeago harritu naute, deskribapena baino desioa gehiago dirudi honek: «Hango jendeak ez du sekula espainolez hitz egiten», dio kataluniarrak. Jarraian hizkuntzari erreferentzia zehatzagoa: «Hori da Moyesen erronkaren edertasuna. Oso gogorra da espainiar batentzat euskara ikastea, ingeles hiztun batentzat, beraz, demasako erronka da! Pentsa, nik ezin dut hitz egin euskaraz!».
Kaleak kale, gazteleraz ikasten nekatu ordez helduko al dio euskarari entrenatzaile eskoziarrak?