Korrika 23. honetan zehar gertatzen denaren berri emango du NAIZek zuzeneko honen bitartez, Irundik martxoaren 14an atera eta Baionara hilaren 24an heldu arte. Albisteak, argazkiak, bideoak, elkarrizketak, erreportajeak... dena hemendik bildurik aurkituko duzu.
Ikustekoa da Korrika 23 honetan lanean egon diren bolondresen poza, dantzan ari dira. Arrakasta handia izan baita, dudarik izpirik gabe, 2.792 kilometro hauetan zehar azaleratu, ikusarazi, gozatu, bizi dena.
Aurretik AEKko ordezkariek dena eskertu dute oholtzetik eta euskaraz aritzera animatu dute jendetza.
Baionako Askatasunaren Plaza mukuru beterik ageri da ekitaldian. Eta orain besta karrika guztietara zabaltzen hasia da.
Eta berari egokitu zaio, beraz, azken metroetan lekukoa eramatea. Txalapartako Tafallako editore eta idazle gaztearen mezua zeraman lekukoa, alegia. Oraintxe zabaldu du eta irakurtzeari ekingo dio. Hunkituta dago... eta nor ez plaza honetan.
Garazi Arrularen mezuak nabarmentzen du Korrika «herri bat gosea» badela, «euskaraz harro bizitzeko gosea». Eta gaur egungo terminoak erabiliz laburbildu du egoera: herri horrek ez duela euskararekiko «kontingentzia planik» nahi; baizik eta «egiazko trantsizioa».
Ez da ahaztu behar, esan du editoreak, «hizkuntzaren auzia politikoa dela; eta urgentziazkoa». Euskararen komunitatea zabaltzeko gura ere aipatu du mezuaren egileak: «Mundu oso bat kabitzen baita euskaran. Garenak eta izango direnak, etorri direnak eta etortzen ari direnak, dagoeneko bagarenak/badirenak».
Euskalgintzako ordezkarien eskutik (erakunde eta talde ezberdinak txanda motzetan) ari da hurbiltzen lekukoa helmugara. Oso-oso gutxi falta zaio Korrika 23. honi.
‘Azterketak euskaraz’ eta ‘Euskara ofiziala’ entzuten da, ohiko aldarrikapenekin batera.
EH Bai eta EH Bilduko kideak elkarrekin Korrikaren buruan, hamar kilometro inguru falta denean.
«Gaur Baionan zazpi herrialdez osatutako herria garela, etorkizuna erabaki nahi dugula eta euskara aldarrikatuko ditugu», adierazi du Arnaldo Otegik guztien izenean.
Gure Eskuk eraman du lekukoa Baionan, Sare eta Etxerati pasa aurretik. Zenbait aldiz ikusarazi ditu haren aldarrikapenak Korrika honetan, baina Lapurdiko hiriburuan bereziki deigarria izango da. Ikurriña handi hau paratu dute, suhiltzaileen laguntzarekin, erabakitzeko eskubidearen alde.
Baionako Askatasunaren Plaza girotzen ari da. Ordubete inguru falta da Korrika bertara iristeko. Amaierarekin batera ezagutuko dugu zer dakarren lekukoak eta nor den egilea.
Baionan da berriz Korrika, 10.55ak direla, eta jada ez da hemendik aterako. Herriko Etxeko zenbait zinegotzik hartu dute lekukoa.
Ordu eta erdiko ibilbidea egingo du oraindik Lapurdiko hiriburutik. Azken kilometroetan, lehenik euskal gehiengo sindikalak eramango du lekukoa eta gero euskalgintzako hainbat eragile (UEMA, Hekimen, Ikastolen Elkartea, Seaska, EHIGE, Biga Bai, Azterketak Euskaraz, eta jakina, Kontseilua)