Torres del Paine, munduaren amaieran oinez
Última Esperanza probintzian, aónikenk indioen antzinako bizilekuak bidexka-sare zoragarria eskaintzen du. Haran malkartsuak, turkesa koloreko urak dituzten aintzirak, ur-jauzi harrigarriak, glaziar handiak, baso misteriotsuak; hori guztia dute zain ibiltariek Torres del Paine Parke Nazionalean.
Torres del Paine Parke Nazionalean zehar trekkingean hasi aurretik Txileko Santiagon sartu-irten bat egingo dugu, jet lag-a baretzeko eta bidaia luzetik suspertzeko, eta hortik Punta Arenas-era jauzi egingo dugu hegazkinez. Hortik, berriz, autobusez Puerto Natales-era abiatuko gara; Juanjo txiletarrarekin elkartuko gara hor, trekkingean lagunduko digun gidarekin. Hiri horretan itxiko ditugu parkean zeharreko ibilaldiarekin loturiko kontu guztiak eta azken orduan falta zaigun edozer bertan erosi beharko dugu, dela kantinplora, dela linterna edo bota pare bat.
Parkeko aterpe gehienak kudeatzen dituen enpresa Fantastic Sur-ek Puerto Natales-en ere baditu bulegoak. Parkean sartu ahal izateko ezinbestekoa da aterpeetan erreserba egina izatea; gainerakoan, basozainek ez digute sartzen utziko.
Parke nazional honek oinez egiteko makina bat aukera eskaintzen ditu, eta nahierara antola daitezke ibilbideak. Baina sakon ezagutu nahi izanez gero, ezinbestean bi ibilbide klasikoetako bat egin beharko dugu. O eta W izenez ezagutzen dira ibilbideok; izena parkearen kartografia gainean bideek duten formatik datorkie. Lehena da luzeena; Paine mendiguneari buelta osoa ematen dio eta sasoikoen daudenen gustukoena da.
Baina erronka mental eta fisiko hau ezin da neguan egin, bidea itxita egoten delako; zortzi bat egun behar izaten dira eta janaria eta kanpatzeko beharrezko gauzak eraman beharra dago. W ibilbidea aukeratzen dute gehienek, O ibilbidea baino errazagoa baita. Jateko eta lotarako aterpez ondo hornituta dago ibilbide osoa, eta ez dugu galduko horregatik parkeko paisaia enblematikoenak ikusteko aukera. Lauzpabost egunean egingo dugu eta ohikoena Base Torres aterpetxetik abiatzea da. Hor igaroko dugu guk gaua, datozen egunotan mendikatea ekialdetik mendebaldera egiteko.
Lehen bi etapek Base Torreseko begiratokira garamatzate. Egun bakarrean egin daiteke, baina guk nahiago izan dugu bitan egin, horrela begiratokitik gertu lo egin eta Base Torres eguzkiaren lehen printzekin ikusteko. Ascencio ibaia zeharkatu eta bere ertzetik haranean gora eginez, bide bihurgunetsu batetik Paso de los Vientos-era iritsi gara; erne ibili behar dugu bertan, eguraldi makurra denean Eolo jainkoak amildegitik behera bota gaitzake eta. Kilometro gutxira, zubi eseki batetik berriro ibaia gurutzatu ondoren, Chileno aterpetxera heldu gara.
Bertan egingo dugu gure bigarren gaua. Aterpetxeetan afaltzea oso atsegina izaten da, ibiltarien artean giro polita sortzen baita. Juanjok, brasildar talde batekin hizketaldi animatuan gaudela ikusi duenean, disimuluz gugana hurbildu eta zera esan digu: «Gau honetan ezin zarete despistatu, oso goiz oheratu behar duzue, bihar eguna argitu baino lehen abiatu behar dugu eta». Ingurua ezagutzen dutenek diotenez, Torres del Paine ikusteko ordurik onena eguzkia irteten den ordua da; izan ere, ohikoena lainoek erabat edo hein batean estalita egotea da.
«Energiaz kargatu»
Goizalde betean, erabat ilun dagoela, abiatu gara gure kopeta-argiek gidatuta. 4:30ak dira eta euri txikia ari du; ea horrek ez digun plana zapuzten, Base Torres lehen eguzki izpiek nola argitzen duten ikustera goaz. Ascencio ibaiaren ertzean gora goaz berriz ere; ordu eta erdian glaziar zahar baten morrenara iritsi gara. Hortik aurrera bidea zaildu egiten da, hartxingadiak zeharkatzen baitu bidea. 45 minutu behar izan ditugu morrenaren bi kilometro pasatxoak egiteko eta, hori eginda, gure aurrean aintzira turkesa izugarri bat agertu da eta gainean, Torres del Paine zorrotzak, parkeko toki enblematikoena.
Ez da inon ikusten eguzki irteera, eta dorreak, beren legendari ohore eginez, lainoz babestuta ageri dira; aterpetxetik atera garenetik bidelagun izan dugun euri txikia ari du oraindik. Ez dio axola, ordea; askoz interesgarriago dirudite eguraldi txarrarekin, lainoak mugitzen diren heinean agertuz eta ezkutatuz. Indarberritzeko mokadua egin eta gero, jaitsierari ekin diogu, milaka urteko lenga baso batera iritsi arte (Nothofagus pumilio da lenga zuhaitza); goizean ez dugu hori ikusterik izan, ilun zegoela eta.
Baso trinkoak euritik babestu gaitu Chileno aterpetxeraino. Bertan gure motxilak jaso, eta kondor baten hegaldi lasaiak lagunduta, Ascencio ibaiaren haranean behera jarraitzen dugu, inguruan bista ederrak ditugula, aintzirak eta Monte Almirante Nietoko glaziar esekia. Harana amaitzen den tokian, mendebalderantz egin dugu, aintziraz zipriztindutako bide erraz batetik. Hortik Cuernos aterpetxera iritsi gara, gaua Nordenskjold laku ondoan emateko.
Hirugarren eguneko jardunaldia izango da ibilbide osoko luze eta zailena. Gosaltzen ari garela, Juanjok hau ohartarazi digu: «Kargatu energiaz, 19 kilometro egiteko zortzi ordu ditugu aurrean». Nordenskjold aintzira ertzetik jarraitzen du bideak, Italiar kanpamenturaino, non pago antartikozko (Nothofagus antarctica) baso baten azpian kanpa dezaketen janari eta kanpin-dendarekin mugitzen diren txangozaleek. Hor kontsignak ditugu gure motxila uzteko; hala, beharrezko duguna soilik hartuta, Valle del Francés basatia igo eta jaisten emango ditugu ondorengo sei orduak.
Lehen kilometroetan neke fisiko handiak erasan gaitu; benetan gogorrak dira, aldapagatik eta Francés begiratokiraino harritik harrira salto eginez joan beharra dagoelako. Behatokian nekea arindu digu glaziar bat ikusteak; inguru honetako tontor handienaren, 3.050 metroko Paine Grande zorrotzaren, mendebaldeko isurialde osoa estaltzen du glaziarrak. Udan, izotz-jausiak bata bestearen atzetik amiltzen ikustea egundoko ikuskizuna da.
Bideak gorantz jarraitzen du ondoren, baina askoz ere onberagoa da gurekin; lenga eta pago antartikozko (Nothofagus antarctica) baso batean barrena goaz, estutasunik gabe mendian gora. Bidean landare-espezie ugari topatu ditugu eta Juanjok harro erakutsi dizkigu zenbait lore: «Hauek dira eskualdeko ohikoenak. Hor dituzue birjinaren zapatatxoak (Calceolaria uniflora), nire gustukoena gorri eta horiaren konbinazio bikaina delako. Zure eskuinaldeko zuhaixka loretsu hori chilco-a (Fuchsia magellanica) da; kanpai formako eta fuksia koloreko loreak ditu, bere izen zientifikoak adierazten duen bezala. Eta gure oinetan orkidea benetan ederra daukagu (Chloraea magellanica), bere hosto zurien gainean dituen lerro berdeen marrazkiak ezaugarri dituena».
Britainiar kanpamentua atzean utzi, eta izen bereko behatokira iritsi gara; bertatik Francés haranaren goiibarraren 360° graduko ikusmira pribilegiatua daukagu. Glaziar-zirku erraldoi bat, ikaragarrizko formazio arrokatsu multzoak koroatuta. Juanjok tontor batzuk seinalatu eta beren toponimoak eman dizkigu: «Catedral, Aleta de Tiburón, Los Gemelos, Trono Blanco, Cerro Espada, Cerro Hoja eta Cerro Máscara».
Barre egin du, zuzen begiratu nau eta hau bota dit: «Ohartzen zara zein erraza den horietako bakoitzari izenak ematen dion figura antzematea?». Baietz diogu buruarekin, baina egia esan maskara, tronu zuria eta katedrala ez ditugu inondik ere igartzen. Fruitu lehor batzuk jan eta gero, haranean behera abiatu gara, eta parkeko zaintzailearen etxolara iritsi eta motxilak jaso ditugu. Italiar kanpamentua eta Nordenskjold aintzira atzean utzi eta Skottsberg aintzira-ren ertzetik doan bide uhindun batean sartu gara, Paine Grandeko aterpera garamatzana.
Parkean zehar egin beharreko azken etapan gaude. Ez da oso luzea, lau bat ordukoa, Grey aterperaino heltzeko. Lehen zatian igoera malkartsu eta bihurgunetsua dago, Grey aintzira eta glaziarraren gaineko begiratoki eder batean amaitzen dena. Haize izoztu batek bortizki astindu gaitu bat-batean; berokiak motxilatik atera behar izan ditugu eta tarteka lau hankatan ibili behar izan dugu haizeari aurre egiteko.
Azkenik, lenga eta ñire baso bat zeharkatzen duen bidexka hartu dugu, Las Piedras ibaia gurutzatzen duena, eta, lasai antzean, Grey aterpera iritsi gara, W ibilbidearen amaierara. Moilan katamaran bat dugu zain. Honekin amaituko da Torres del Painen egin dugun bidaia. Zibilizaziora itzultzear gaude, izotz-puska eta izeberg artean gustura nabigatuz, gure aurpegiak argiztatzen dituen bitartean glaziarrak islatzen duen urdin metalikoari begiratuz.