Andoni Urbistondo
.
.

Aran bailara, Euskal Herriko zortzigarren herrialdea

Opor eskualde ezin hobea da Aran bailara. Lasaia da, baina bizitza handikoa behin eguneko jarduna eginda. Herri dotoreez zipriztindua, eta mendi eta eski zaleari aukera oparoa ematen diona. 2.500 metrotik gorako mendi asko ditu. Besteak beste.

Antzina, XII. eta XIII. mendeetan, Euskal Herriko artzainak Aran bailararaino iritsi ziren. Gaur, bailara hura Katalunia da, baina izan zitekeen Euskal Herria, bertako izenen %30 eta %40 artean jatorriz euskara izenak baitira. Bailararen izena, esaterako: Aran, euskarazko «haran» hitzetik eratorria. Zer esan paisaiari buruz: berdea, menditsua, bailara estu eta malkartsuak... Euskal Herriko Kantauri isurialdearen ispilu, baina Euskal Herriak ez daukan altxor aberatsarekin: 2.500 metrotik gora dituzten mendi asko.

Zazpi mende luzeetan gauza asko aldatzen dira, baina pentsatzekoa da 700 urte artera Aran bailaran bizibidea bilatu zuten euskal artzainek, eta egun Pirinioetako txoko hartara bertaratzen diren milaka euskal herritarrek, mendiak, ibaiak eta beste begi berdinekin ikusiko dituztela. Izan ere, zazpi mende hutsaren hurrengoa dira bizi garen mundu zaharrean geografia edo geologia kontuetan. Aran gizakiaren esku hartzeak aldatu du, herrien handitzeak, turismoak eta ekonomiak. Bailara aberatsen, dirudunen gune esklusibo izan baitzen duela bi hamarkada.

Izan zen garai bat, 90eko hamarkada, non motxileroak gaizki ikusiak zeuden Aran bailaran. Horiek han ematen zituzten opor egunetan diru gutxi gastatzen zutelakoan zuten ospe txar hori. Vielhan ostatu merkea bilatzea zeregin aski zaila zen, eta Garona ibaian gora, Salardu herrian zeuden mendizale aterpe bitan hartu ohi zuten ostatu: Centre Excursionista de Catalunya (CEC ) eta Refugi Rosta aterpeetan. Otorduak ere bertan egiten zituzten, Arties eta Vielha herrietan bazkaldu edo afaltzeko txanpon asko behar baitziren.

Baqueira Beret-eko pistetan eskiatzeko 7.000 pezeta ordaindu behar zen forfait-a, beste edozein eski estazioren bikoitza. Ohikoa zen pistetan Espainiako errege izandakoa ikustea, baita Jose Maria Aznar presidente zena ere, Beret-eko ipar eskiko pistetan. Vielhako Avinguda d’Arros etorbide nagusian milioi askoko auto handiekin ibiltzen ziren aberaskumeak ere eguneroko kontua ziren. Haiek hobeto zaintzeko edo, oso ohikoak ziren poliziaren kontrolak bailarako sarreran. Zer esanik ez, autoetako matrikula zaharretan, Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako identifikazioa berehalakoa zenean.

Aran bailaran etxeak erosteko neurgailua Baqueira Beret eski estazioko pistak dira. Vielhan salneurri jakin bat dute, eta bailaran bidean gora egiten den heinean, garestitu egiten dira. Vielhan milioi erdia balio bazuten, Escunhaun, 2 kilometrora, 100.000 euro gehiago. Arties-en, sei kilometrora, garestiago, eta zer esanik ez Salardun, Tredos-en edo Baqueira herrian. Baina egun batean krisia iritsi zen. Eta aberatsen distira itzali. Poltsikoak tristatu egin ziren, eta Aran bailara berregokitu egin zen, ezinbestean.

Azken urteetan lan erraza da Vielhan 30-40 euro ordaintzea hotel gau bakoitzeko, gosariarekin. Bi eta hiru izarreko hotelak, baina txukunak. Apartamentuak ere ez dira garestiak, ordaina partekatuz gero, eta aukera oso handia da (14.000 logelako gaitasuna du bailarak). Otorduei dagokionez, egokitzea mantsoago doa. Vielhan kalez kale ibili behar da, otordu kartak aztertu, afari bategatik 15-20 euro baino gutxiago ordaintzeko. Bazkaltzeko ere eguneko menu gehientsuenak 12-14 euro artekoak dira. Pintxogintza ere ez da merkea, Donostia edo Bilboko salneurrien parekoa. Kalitatea ere, antzekoa da. Taberna askotan pintxo eskaintza oparo-oparoa da.

Mendiaren aurpegi guztiak

Gosea egiteko, lo ondo egiteko, gorputza nekarazi behar da, eta Aran bailaran dozenaka aukera daude hori egiteko. Aukera politak, gainera. Eski alpinoa da horietan erosoena. Trasteak hartu eta Baqueira-Beret estaziora joan. Mendiko eskia edo eski nordikoa egiteko ere Bereteko ordeka abiapuntu egokia da, Baqueira herritik 8 bat kilometrora. Mendiko eskia egiteko paradisua da Aran bailara.

Elur malda handi eta zabalak, eta elurra gozo-gozoa, Pirinioetako txoko gutxitan aurkituko dena. Mendiko eskia egiteko toki aproposak dira Montarto gailurra (2.833 metro), Pla de Beret-etik Tuc de Parros (2.727 m.), eta Lac de Baciver-etik Marimanha (2.662 m.) gailurrera. Tuc de la Salana ere igoera polit eta erosoa da eskarmentu handia ez daukanarentzat (2.483 metro). Elur-jausi arriskuari arreta berezia eskaini behar zaio azken horretan. Aran bailarak goizero elur-jausien informazio osatua ematen duen erakundea sortu berri du, Lauegi izenekoa.

Erraketekin ibiltzeko ere txango interesgarria osa daiteke Beret-eko zabaletik: bost bat kilometroko bide errazean Montgarriko eliza eta herri hutsera irits zaitezke (ordu pare bat joan, beste hainbeste buelta). Erraketak lehen aldiz janztea sentsazio polita da. Batez ere bazterrak elurrez lepo badaude. Mendiko bota arruntekin belauneraino hondoratzen den tokian, erraketekin erraz-erraz elurraren gainean. Montgarrin otordua egin daiteke, baina sosak eraman, badaezpada.

Mendiko botak aukeratuz gero, zaila da nora joatea erabakitzea. Bailarara iritsi berritan, Vilamos herrira igo eta hango behatokitik Aneto handia hatzekin ukitzeko moduan ikusten duzunean, gailurreraino jauzi egiteko gogoa ematen dizu. Aneto, baina, mendi potoloa da Artiga de Lin bailaratik ikusita, luzea eta zaila. Zer esanik ez neguko jantzi zuriarekin badago... Joan zaitezke Val de Ruda ikusgarrira, Baqueira herrian hasten den pista batetik. Estahns de Saboredora iritsiko zara ordu pare bateko bidea eginda, eta Garona ibaiaren sorburua ezagutu, 2.580 metrora.

Garona da Aran bailararen arima. Bailara osoa «moldatu» duen ur emari ikaragarria. Iturri batzuen arabera, latinetik dator Garumna izena. Euskaratik eratorria dela diote beste batzuek: «gar» eta «ona» hitzen batuketatik. «Gar» garbi hitzetik letorke. Ur garbiko, ur oneko ibaia. Garona 600 kilometro pasa da luze, eta Bordelen itsasoratzen da Kantauri itsasoan, estuario zabal batean. Uste zabaldua da Garona Maladeta glaziarrean jaiotzen dela, Forau de Aigualluts delakoan. Lur azpitik lau kilometro egiten ditu elur urak, eta Artiga de Lin-en irteten da lur azalera, Es Bordes herritik 8 kilometrora. Hara iristerako, ordea, Garona erreka sendoa da dagoeneko, ordurako ia 50 kilometroko bidea zizelkatu duena.

Indartsu egiten du bidea, bailaran behera. 2013ko ekainean euri erauntsiek eta elurraren urtze azkarrak erreka bere bidetik atera eta txikizio handiak egin zituen bailaran. Urak bare datoz gaur egun, kanalizazio berrien ondorioz. Arriu Nere erreka, adibide on. Nere errekak (euskal jatorriko beste izen bat), Vielha erdirik erdi zatitzen du eta burrunba latza ateratzen du Tuc de Molieres-etik emaritsu datorrenean.

Aiguamog, Valarties eta Unhola errekastoak ere bizi-bizi datoz. Neguak oporrak hartu ditu Aran bailaran udazken bukaeran, Euskal Herrian bezala, eta hego haize epela tontor garaienetako elurra lurmentzen ari da etengabe. Elurra, egon, badago, dena den. Batez ere leku ospeletan eta 2.000 metrotik gora. Montardo, Tuc de Colomer, Besiberri, Aneto... zuri-zuri daude. Horiek ondo ikusteko Restanca edo Colomer aterpeetara doazen bide bakartietatik ibilita bururik nekatuena ere arintzen da. Eta nekea erabat arindu ez bada, Banhos de Tredos ostatuko ur termaletan lasaitzea baina gauza erakargarriagorik ez. 33 gradutan dago lur azpian berotzen den ura, eta putzutik metro gutxira dena zuri-zuri.

Aran bailara agurtzeko aukera erosoagoa izan liteke Bossost herrian geldialditxoa egin, bailarako elikagai batzuk erosi, eta Les herriko bainuetxean ordu pare bateko atsedentxoa egitea (30 euro). Handik etxerako buelta lasai-lasaia izango da, ur termalek giharrak lokartu ostean. Euskal Herrira bidean, A-64 autobideko Pyrenees atseden gunean geratzea onena (Paue baino lehentxeago), eta hango begiraleku ikusgarritik, Pirinioen handitasunaren argazkiarekin bueltatzea eguneroko errutinara. Euskal Herriko zortzigarren herrialdetik beste zazpietara pozik bueltatzeko.