Testua eta argazkiak: Oriol Clavera
gara-2023-08-22-Reportaje
transhumantziaren une bat.

Rotjako transhumantzia, lauhazkan jarraitzen duen tradizioa

Urtero-urtero, San Migel eguna igarota, berrehundik gora behor, moxal eta zaldi etxera itzultzen dira transhumantzian, Katalunia iparraldeko Conflent eskualdeko Rotja mendian udako bazkaleku izan dituzten larreetatik. Lau mendetan zehar, ezerk ez du eten, ezta pandemiek ere.

Gaua da, eta mendiko bost ibilgailuk muga igaro dute, Ares mendatean, Ripolles eta Vallespir eskualdeen artean. Ordubeteko bidaiaren ondoren, eguzkia atera da, eta Prats-de-Mollo-la-Preste-n hartu duten pista harritsuan aurrera egin ahala, gero eta gorago dago. Roques Blanques-eko igarobidea zeharkatu, eta atzean utzi dute Vallespir; bideak bihurgunetsu egiten du behera. Conflent eskualdean, Rotjako mendira sartu dira. Handik gertu izango dute zain Celine gaztea, zeinak, lotsa puntu batekin, ongietorria egingo baitie. Eugassera da bera, escamots-ez arduratu den artzaina; Rotjan, escamots deitzen zaie hiru hilabetez libre bazkatu diren abere-saldoei: behorrei, beren moxalei eta zaldi arretatsuei.

Gosari eder bat eta gero, oinez ibiltzen hasteko ordua iritsi da. Celinek, bere lana baita, badaki non dagoen escamot bakoitza, eta hala adierazi die berriz animaliekin elkartzera doazen gizon-emakumeen taldeei. Can Pastoret-eko Guillem-ek sortaldeko isurialdean dauzka animaliak. Mas Ca n’Illa-ko Marisak, Celinen etxola baino goraxeago topa ditzake. Mas el Querol-eko Josep-ek zortea alde du, eta gorago ditu, Portella de Rotja-rantz.

Can Vacada-ko Mariak lan gehiago izango du. Rotjako errekak sigi-sagan zeharkatzen duen sakonunean dauzka animaliak, Tet ibaiaren noranzkoan, eta ez dirudi animaliek etxera itzultzeko gogorik dutenik. Bere suhiaren eta Celinen laguntzaz, pixkanaka animaliak bideratzen ari da. Pirinenc catala arrazako behorrak dira, ikaragarri indartsuak, eta ez da erraza horiek gidatzea.

Baina «bizitza osoan zehar aritu dira horretan, izan behiekin, izan behorrekin»; hala esan du Mariak, 68 urterekin mendian gora aise baino aiseago doan bitartean. «Uda hemen igarotzea gustatzen zaie; ez du beheran adinako berorik egiten, eta jatekoa oparoa izaten da. Aurten, behor bat hil zaigu, baina moxalak bazka janda biziraun du». Behorrek eta zaldiek honezkero ezaguna dute bidea, eta behin bideratuta, badakite norantz egin behar duten. Urtero, urriko lehen astea amaitu aurretik, itzultzeko ordua iristen zaie.

Duela urte batzuk, San Migel egunaren inguruan itzultzen ziren, baina garaiak –baita klimatikoak ere– aldatu egiten dira, eta horietara egokitzen dira animaliak. Hori bai, urriaren 13an, zita berezi bat izaten dute Espinavell herrixkan. San Joan egunetik San Pedro egunera bitartean igotzen dira, Camprodon ibarrean bero gehiegi hasten duenean eta iparraldeko bazkalekuek freskoak eta belartsuak izateko itxura dutenean.

Ibar bat eta familia ugari

Rotja, mendia deitzen dioten arren, ibar bat da, Katalunia iparraldeko Pi udalerrian kokatuta dagoena. Paisaia hori ez da, nonbait, asko aldatu XVII. mendetik, Mollo-ko hiru familiak –Mas Pastoret-eko Pastoret, Mas Ca n’Illa-ko Buxeda eta Mas el Querol-eko Pastoret– Rotjako bi mila hektareak erosi zituztenetik, udan behiak, behorrak eta ardiak bazkatzera eramateko. Ez 1659ko Pirinioetako Hitzarmenaren ondoriozko erreinu-aldaketak, ez Frantziaren okupazio naziak, ez 36ko altxamendu faxista eta ondorengo Gerra Zibilak ez zieten euren jabetza galarazi, eta beti jarraitu zuten ganadua hara igotzen. Eta ez haiek bakarrik: baita beste herri batzuetako beste familia batzuek ere. Baina aurreko mendeko 60ko hamarkadan, Pi udalerriak herri-lur guztiak saldu zituen, belgikar batzuek –Estatuaren laguntzarekin– neguko estazio bat eraiki zezaten, uste baitzuten horrek Frantziako barne-turismoa sustatuko zuela.

Eta Mollo-ko hiru familiek gauza bera egin zuten; hori bai, eurentzat gorde zituzten hektarea baten jabetza eta udako hiru hilabeteetan 130 ganadu-buru heldu lur haietara bazkatzera eramateko eskubide betierekoa. «Gutxiegi gara; horretan huts egiten dugu», adierazi du Joan Pastoret-ek, zeinaren seme Guillem-ek arbasoen XVII. mendeko tradizioari eusten baitio. Handik denbora batera, Estatu frantsesak, belgikarrek baldintzak betetzen ez zituztela-eta, beste erosle bat topatu zuen: aurrezki kutxa baten gizarte-ekintza. Eta natura-erreserba izendatu zuten ingurua.

Itzul gaitezen, baina, hona eta orainera. Portella de Rotja-ra iritsi dira arnasestuka: apatxek bidea marrazten duen xendrako harriak urratzen dituzte, eta zintzarriek hondoko musika jartzen dute. Lau putre hegan ari dira haien buruen gainetik gertu. Hemen, haizea hotza da, eta bizkortu egiten da isurialde-aldaketarekin, haien parean, handi eta dotore, Costabona (2.464 metro) agertu ahala.

Celinek bere bideari amaiera ematen dion tokia da; hemen agurtuko ditu guztiak datorren udara arte. Maria, Jordi eta Josep, igoera gogorraren ondoren, atseden hartzen ari dira arroka batzuen gainean eserita, eta astiro-astiro pasatzen ari diren escamotsei begira daude. Belaunaldiz belaunaldi urratutako xendrei jarraituz eta kota berari eutsiz, Tec ibaiaren arroa inguratu dute, zeinak urak Vallespir eskualdera isurtzen baititu, hemendik gertu jaio ondoren, Ter eta Tet ibaien moduan (ematen du norbaitek aho-korapilo bat egin nahi izan zuela).

Berrehun buru baino gehiago

Coma del Tec-en daude. Leku honetan, lehen aldiz, gertatzen denaren dimentsioaz jabetu gaitezke. Ehun eta hogeita hamar behor eta zaldi, beren moxalekin; guztira, berrehun eta hogeita hamar buru doaz bidean aurrera; putreen behatokian egongo bagina, ferra batean zehar luzatzen direla irudituko litzaiguke. Lerroak osatzen dituzten puntutxoak, inurriak bezala, Vallespir, Conflent eta Ripolles elkartzen diren lekurantz: Pal mendaterantz.

Portella de Rotja igo dute lehenik, eta ordekan joan dira Pal mendatera arte; orain, jaitsiera dator. Animaliek gorantz ihes egiten dute, Costabonaren hegoaldeko hegaletik. Izan ere, uda hasieran, joaneko transhumantzian, elurtegi batek handik igaroarazi zituen. Eta, besterik gabe, orduan egindako bidea ekidin nahi dute. Guillem, Josep eta Albert atzetik jarraika dituzte, beherantz etor daitezen eta Costabonaren gaineko txapela moduko laino baten erdian gal ez daitezen.

Beherago, Espinavell-eko herri-lurrak topatuko dituzte, Collada Fonda-n. Han, jeep batzuk daude, gizon-emakumeen zain, bost orduko ibilbidearen ostean. Mas Ca n’Illa-ko Marisa “gustura” dago: «Beti urduri zoaz haiekin: dena ondo ateratzea nahi duzu, zaldi eta behor guztiak jaitsi ahal izatea. Eta ohartzen zara egun oso polita izan dela, eta beste ganaduzaleekin gosaria, esperientziak eta anekdotak partekatu dituzula”»

Eta mokadu bat egitera joango dira, ondo merezita izango dute eta. Hizketagai asko izaten dituzte, baina beti agertzen da, guztien ahotan, Francesc Pastoret i Sau, Siscu del Querol izenez ezagunagoa dena. Hirurogei urtetan baino gehiagotan, bera izan zen eugasser-a eta unaia (2008an igo ziren, azkenekoz, behiak), Siscot-en ondoren, zeinari laguntzen aritzen baitzen gazte-gaztetatik. Eta zalantzarik gabe, oso maitatua izan zen, pertsona xumea eta on hutsa. Agian, gogoratuko dute behor eta zaldi zaharragoek ere -Bartomeu ospetsuak kasu, zeinak sari asko jaso baitzituen feria eta lehiaketetan-, Collada Fonda-n bazka hartzen duten bitartean.

Espinavell-eko Tria de Mulats

Han egongo dira egun batzuetan, hilaren 13ra arte. Gaur egun, egun horretan egiten da Espinavell-en Tria de Mulats delakoa -1975az geroztik, zaldi-feria gisa-. Ordura arte, tria bakarrik egiten zen (moxalak behorretatik banatzea), goizean, eta arratsaldean, Mollo-ko feriara jaisten ziren, saltzera. Han saltzen ez zirenak Santa Teresatik jaisten ziren, hilaren 15ean, Camprodon-era, eta han batzen zitzaizkien Llanars eta Setcases-ekoak. Saldu gabe jarraitzen bazuten, hilaren 18an, Sant Lluc-era joaten ziren (Olot). «Eta han, nire aitak, zeina oinez jaisten baitzen Mollo-tik, behorrak saldu behar zituen nahitaez. Izan ere, salduz gero, lineako autoan itzultzen zen etxera; ordea, saldu ezean, berriz oinez itzuli behar izaten zuen». Hala adierazi du Joan Pastoret-ek, Espinavell-eko egungo Tria de Mulats-en sustatzaileetako batek. Eta gogora ekarri du, emozio eutsi eta zintzo baten ondorioz pitzatutako ahotsarekin, ezagutu ez zuen aitona, mendian hotzez hil zena. «Asko borrokatu da; gure sustraiak dira. Gure arbasoek egiten zutena ohoratu behar dugu, haiek askoz baliabide gutxiagorekin egiten baitzuten».

Horregatik, belaunaldi-erreleboa dagoen bitartean, behintzat, urtero-urtero, San Joan egunetik San Pedro egunera bitartean, Mollo-ko zazpi etxetako abere-saldoek (Can Pastoret, Mas el Querol, Mas Ca n’Illa, Can Gasco, Can Vacada, Can Bach eta Mas Galzeran) zikloari ekingo diote berriz, martxotik ekainera bitartean jaiotako moxalekin, eta Rotjako mendirantz abiatuko dira, non libre bazkatuko diren, aldi berean berriz elkartze bat izango den itzulera baten zain.