Vysoke Tatry: azal gogorra, muin samurra
Vysoke Tatry, Tatra Garaiak, Eslovakia iparraldean dagoen mendi multzo harritsua da. Ez da handia, baina bere txikian 2.500 metroko 100 gailur pasa ditu, Karpato mendikateko garaienak. Gune alpinoa da oso, fisikoki samurra ez, baina aterpez, jendez eta garraio publikoz aberatsa.
Karpatoak Austrian hasi eta Errumanian bukatzen dira. 1.500 kilometroko mendikate luzea da, arku itxurakoa; Europako bigarren mendikate luzeena, Eskandinaviako Alpeen ondoren. Mendebaldeko Karpatoetan daude Tatra Garaiak, Vysoke Tatry eslovakieraz: Karpato mendikate guztiko mendi multzo garaiena eta alpinoena da. 2.600 metroko langa gainditzen duten 10 mendi ditu, eta 2.500dik gora ehun baino gehiago. Goragune handiko mendiak dira, Poprad eskualdeko hiriburua 600 metro eskasean baitago. Gailur gehienak bailara baino 1.500 metro gorago jaikitzen dira, eta mendi handi eta zailen itxura ematen diote Tatra Garaien eskualdeari.
Mendi zeharkaldiak dira han oso ohikoak. Motxila astun samarra bizkarrean hartu eta egurra, lauzpabost egunez, aterpez aterpe, egunero 2.000 metroren bueltan dauden lepoak gaindituz. Jende piloa ibiltzen da Vysoke Tatryn udan, batez ere eslovakiarrak, eta poloniar dezente. Askok zeharkaldiak egiten dituzte udan, eta aterpeak gordetzeko garaiz mugitzen ez bazara, planak aldatzeko beharrean egongo zara. Horixe gertatu zitzaigun guri.
Plangintza ezari beti bilatzen zaio buelta, eta Tatry mendietan egiten den lehen sartu-irtenarekin azkar jabetzen da bisitaria haiek mendi basatiak, harritsuak, garaiak eta fisikoki nahiko exijenteak direla. Esan nahi da lauzpabost eguneko zeharkaldi bat egiteko prestakuntza fisiko ona eduki behar dela, eta egun osoan motxila astun samarra bizkarrean emateko prest egon. Aterpeak onak dira, erosoak, baina jakina da mendiko aterpeetan ia beti logela, komuna eta beste partekatu egin behar direla.
Zeharkaldirik gabe, eguneko irteerak egitea da aukera onena. Mendien bihotzean sartu aurretik, osteratxoa Poprad hiriburuan. 50.000 biztanleko hiri zatar samarra da, eta ez dauka zer bisitatu askorik. Trenean eroso irits daiteke Tatry eskualdeko hiriburura, Txekiako Praga hiriburutik, edota Krakoviatik (Polonia). Poprad Europan non dagoen kokatzeko datu bat: Ukrainako muga 300 bat kilometrora bakarrik dago.
Zeharkaldi nekosorik egin gabe ere aukera aberatsa dago; zeharkaldiko etaparen bat, Tatry mendialdeko gailur garaien bat igo, eta ondoren, bizpahiru eguneko nekea arintzeko, bailarako herrietan osteratxo lasaiak egin, edo eski estazioetako igogailuak erabili. Terrazaren batean Eslovakiako garagardo goxoa dastatzea ere txarra ez. Garagardo ona eta Euskal Herrian baino merkeagoa.
Garraio sare publikoa da eskualdeak daukan aldeko ezaugarri garrantzitsua. Autorik gabe mendi magal guztietara iristen diren trenbideak daude. Komeni, garraio publikoa erabiltzea, udan auto pilaketa handiak sortzen baitira, bisitariak trumilka bertaratzen direlako Tatry eskualdera. Poprad-eko tren geltokitik Strbske Pleso edo Tatranska Lomnica herrietara daraman tren zerbitzua ezin hobea da.
Strbske Pleso eta Rysy
Vysoke Tatry eskualdean turista oldea jasotzen duten bi gune daude. Strbske Pleso eta Tatranska Lomnica. Strbske laku baten bueltan eraikitako gune turistiko soila da. 1.300 metrora dago, eski estazio txiki bat du. Jende oldea bertaratzen da hara udan, eta deigarria da ze auto pilaketa handiak sortzen diren. Nahi beste zerbitzu daude, turistaren mesedean. Esan dugu garagardoak prezio ona duela, otorduek ere bai: 10-12 euroren truke ondo jan daiteke.
Strbske Plesotik mendi magalera hurbiltzea erraza da. Aukeretako bat Horsky aterpea da. Aterpea, edo mendiko hotela, Popradske pleso lakuaren ertzean. Toki paradisiakoa da, egiari zor. 2.000 metrotik gorako menditzarrak ezker-eskuin. 1.500 metrora dago Horsky, eta abiapuntu egokia da irteerak egiteko. Lehen irteeran zeharkaldiko etapa bateko zati bat egin dugu, bideak nolakoak diren ezagutze aldera, batez ere: Horskyn hasi eta Sliezsky Domo aterperaino, Ostrvou lepoan barrena. Bidea harritsua da erabat, batere belazerik gabea. Mendiko xenda zabala da, baina ordu batzuetako ibileraren bueltan astindu serioa ematen zaie hanka zuztarrei eta hauspoari.
Harritsua eta malkartsua
Eguraldiaren faktorea aintzat hartu behar da Tatra mendietan. Udako erauntsiak ohikoak dira han, eta komeni da iragarpena zehatz aztertzea. Batez ere goi mendietara igotzean. Rysy da horietako bat, Eslovakia eta Polonia banatzen dituen tontorra, eta Poloniako mendi garaiena, 2.499 metrorekin. Jende gehien erakartzen duen Tatra mendietako gailurra da, baina ez da paseo bat. 6-7 orduko buelta eskatzen du Horsky aterpetik, eta bidea, nola ez, harritsua eta malkartsua da. Bidean eskailera eta ferrata batzuk ditu. Ez dira zailak, baina tentuz egin behar da bidea, batez ere zorua bustita badago.
Chata Pod Bysmi aterpea dago 2.250 metrora, freskagarri bat edan eta atseden pixka bat hartzeko. Arreta ematen duen seinalea ere bai, bertan, takoiekin ibiltzea debekatuta dagoela dioena. Ironiaz jarritako seinalea da, noski, Rysy mendira mendian ibiltzeko batere ohiturarik ez duen hiriko jende piloari zuzendua. Jende gehiena kaleko kirol oinetako soilekin doa, hiriko kaleetan barrena joango balitz bezala. Rysy mendiak, azken tartean, mendizalea besoak erabiltzera behartzen duen igoera malkartsua dauka, eta jendeak gorriak ikusten ditu han ez jausteko. Gailurra dauka itsusien Rysyk, dozenaka lagun pilatzen baitira une oro han: 2.500 metroko gailur elegante batek erromeria edo prozesio itxura hartzen du.
Aurreko bi egunetan harri festan utzitako indarrak berreskuratze aldera, bi proposamen interesgarri: Solisko eski estazioa, eta Solisko mendia, lehena. Teleferikoan 1.830 metroraino igo daiteke, 20 euro ordainduz. Handik, lasai, Solisko gailurrera igo, 2.100 metro eskasera, eta gailurretik ikuspegi dotorearekin gozatu. Krivan mendia azalduko zaigu mendebaldera. Bertakoek diotenez, Vysoke Tatry eskualdeko mendirik ederrenetakoa da Krivan, 2.495 metroko piramide dotorea. Skok ur jauzietara ere txango lasaia egin daiteke, bi ordu eskas baino ez Strbske Plesotik.
Trenean, Tatra mendien magaletik
Mendebaldeko gune turistiko garrantzitsuena Strbske Pleso bada, ekialdekoa Tatranska Lomnica da. Hau ere eski estazio baten babesean sortutako herri turistikoa. 45 minutu eta euro pare bat nahikoa dira herri batetik bestera iristeko, trenean. Mendebaldetik ekialdera Tatry mendikateko gailur garaiena ikus daiteke trenetik: Gerlachovsky Stit, 2.655 metrora. Arrazoi zehatza ez dakigu, baina bertara mendi gidari batekin bakarrik igo daiteke. Mendi serioa dirudi magaletik, baina masifikazioa neurtzeko erabakia dirudi.
Tatranska Lomnicatik gertu Tatry mendikateko bigarren gailur garaiena dago: Lomnicky Stit, 2.633 metrokoa. Hara igotzeko teleferiko bat dago, Tatranskatik gailurreraino ordu erdi eskasean igotzen dena. Gailurrean, gehienez, 15 minutu egon daiteke bisitaria, eta teleferikoaren salneurria, pentsatzeko modukoa: 76 euro. Lomnicky Stit-era oinez igotzeko aukeraz galdetu genuen, turismo bulegoan, eta hauxe erantzun zigun langileak: «Baina nola igoko zara oinez? Ezinezkoa da, ez al duzu mendia ikusten?». Aztertu genuen, gailurrera oinez igotzeko aukeraren bat, baina ez dago informazio askorik. Alternatiba ona da Skalnate Pleso tarteko geltokiraino igotzea teleferikoan, eta handik Sedio Pod Svistokou lepora joatea, ordu pare bateko bidean, Zdiar herritik datorren bidea ezagutzeko. Zdiar zen, hasierako plangintzan, zeharkaldia hasi behar genuen herria.
Tatranskara bueltatuta, azken eguna, lasaitasun apur bat. Harria protagonista, berriz, azken egunean, baina kobazulo batekoa. Tatranskatik 10 kilometrora, Belianska Janskyña izena duen leize ikaragarria da. Ordu pare bateko bisitan geologiak milioika urteetan egin duen artelanaz gozatzeko aukera izango dugu. 866 eskailera igotzen dira, denera, eta 125 metroko desnibela libratu. Han eta hemen putzuak daude, urak moldeatutako figura ikusgarriak. Jertsea bizkarrean hartu, leize barruan bospasei graduko tenperatura baitago!