Uda giroan, Euskal Herria jaietan
Uda giroan, hamaika ekitaldiz gozatzeko aukera paregabea eskaintzen du Euskal Herriak. Batzuk, gehienak, itsasoarekin zuzenean lotuta daude. Beste batzuek, berriz, ez dute kresal usainik. Bidaia berezia proposatzen dugu, jai giroan zenbait geldialdi eginez, uztailetik irailera bitartean.
Uda iristen denean, Euskal Herriko dozenaka herrik jaiak ospatzen dituzte. Alabaina, herriko festak ez ezik, tradizio bihurtu diren hamaika ekitaldi antolatzen dira. Zerrenda oso luzea da. Guk honako hauek aukeratu ditugu, besteak beste: Artzain Egunak, Zubigainekoa Lesakan, Zikiro jatea Zugarramurdiko leizetan, Baztandarren Biltzarra Elizondon, Kutxa Eguna Hondarribian, Antzarra Eguna Lekeition, Ondarroako Arrantzale eguna, Orhipean Otsagabian, Nafarroako mahats-bilketa festa Erriberrin, Artikutza Eguna, 1912ko galernaren inguruko omenaldia Bermeon, Hiru behien zerga San Martingo harrian, Burdinaren Eguna Urdazubin, Gatzaren jardunaldi gastronomikoak, Bargotako Sorginkeria Astea, Izaroko teila Izaron...
Nafarroako mahats bilketaren festa, Erriberrin
Irail hasieran, 5ean zehazki, Antzara eguna ospatzen da Lekeition. Hiru mende baino gehiago dituen tradizioa da eta milaka bisitari erakartzen ditu urtero, irudi benetan ikusgarriak eskaintzen dituelako.
Portua mahoi kolorez tindatzen da. Uretan dozenaka batel daude, egun horretarako propio dekoratuta. Kuadrillak izaten dira protagonista nagusiak.
Txanda egokitzen zaienean, itsasontziak arraunean hurbilduko dira antzararen parera eta taldeko batek lepotik helduko dio. Saiatuko da ahalik eta denbora gehien zintzilik irauten eta, azkenean, irabaziko du jasoaldi gehien egin eta antzararen burua lortzen duenak.
Antzara eguna, Lekeition
Santiago egunean, uztailaren 25ean, belaunaldiz belaunaldi errepikatu den ohitura berriz ere ikusgai izango da Hondarribiko kaleetan: oparotasun erritua. Kutxa egunean, arrantzale baten alaba prozesioan joango da Arrantzaleen Ermandadeko arkutik Hondarribiko elizara, buruan ‘Kutxa’ duela. Barruan kofradiako urteko kontuen liburuak joango dira. Agintarien eta hamabi arraunlari gazteren laguntzarekin bidea egingo du neskak.
Elizara iritsitakoan, kanpainako emaitzak irakurri ondoren, taldea berriro prozesioan abiatuko da irteera puntura, Ermandadeko Arkura, alegia. Une horretan hasiko da oparotasun erritua. Neska gaztea birak ematen hasiko da, kutxa buruan duela. Tradizioaren arabera, zenbat eta bira gehiago eman orduan eta ugariagoa izango da arrantza urtea.
Zikiro jatea, Zugarramurdiko leizetan
Abuztuaren 18a hitzordu berezia izaten da Zugarramurdiko leizetan: Zikiro jatea. Herriko jaietako ekitaldirik jendetsuena da, benetan berezia, bertako zein inguruko ehunka lagun erakartzen baititu hitzorduak. 2.000 inguru elkartzen dira otorduan.
Goizeko 8.00etan hasiko dira zikiroa prestatzen eta 14.30ean izanen da bazkaria. Dena dela, denbora tarte horretan herriko jaiez gozatzeko aprobetxatzen dute bertaratzen direnek.
Zubigainekoa, Lesakan
Uztailaren 7a, San Fermin eguna, berezia da Lesakan, herritarrek Zubigainekoa dantzatzen dutelako Onin ibaiaren ertzeko pretil gainean. Lesakako ezpata-dantzaren zatia da Zubigainekoa.
Herriko auzoen artean XV. mendean sinaturiko bake itunaren oroigarria omen da dantza hau, zenbaitzuek urari buruzko San Joaneko solstizio errituekin lotzen badute ere. Hormen gainean aurrera eta atzera eginez dantzatzen da Zubigainekoa eta, ondoren, bandera astintzen da, ikusleen txalo artean. 2019. urtera arte dantzariak gizonezkoak ziren, baina urte horretan lehen aldiz 3 emakume ezpata-dantzarik parte hartu zuten ikuskizunean.
Santaneroen esku-dantza, Ordizian
Azkenengo urtean ezkondu berri diren ordiziarrak Santaneroen kofradiako kide berri izango dira eta esku-dantza egingo dute, urtero bezala, uztailaren 27an, Santa Ana jaietan.
‘Santaneroen dantza’ izenarekin ezagutzen da belaunaldiz belaunaldi errepikatu den ohitura. Herriko plazan gizon eta emakumeek dantza egiten dute. Alkandora zuri eta praka beltzez jantzita mutilak, soineko dotoreekin eta Manilako mantoiekin neskak.
Usadio zahar honen lehen aipamena 1509koa da. Ikuskizun berezia da esku-dantza eta plaza herritarrez betetzen da ezkonberrien dantza ikusteko.
Hiru behien zerga, San Martingo harrian
Uztailaren 13a heltzen den bakoitzean berritzen dute milaka urte dituen Hiru behien zerga, Europako zaharrena. Mugaren bi aldeetako jendea San Martingo harriaren inguruan bilduko da; izan ere, natura kokaleku erakargarri hori Pirinioetako Erronkari eta Baretous haranen artean dago. 1375. urtean, ebazpen bidezko epai batek urtero hiru behi ordaindu behar izatea ezarri zien biarnotarrei, Erronkariko bazkalekuak ustiatzeagatik.
Izabako albaitariak aukeratu ohi ditu hiru abelburu onenak, hortz-hagin, ile eta adakera berdintsuekin. Animaliak eman aurretik, biarnotarrek, Frantziako bandera agerian dutela, eta erronkariarrek, haraneko ohiko jantziez, bake konpromisoa berretsiko dute, modu sinbolikoan: esku batzuk beste batzuen gainean jarri eta denek batera «pax avant, pax avant, pax avant» esango dute. Mendateak zaindu eta begiratuko dituzten zaintzaileak izendatu ondoren, herri bazkari alaia egin ohi dute.
Hitzordu honen jatorria ezezaguna den arren, batzuen ustez Kristo aurretiko 125. urtean sortu zen. Hainbat mendetan ordaintzen aritu eta gero, XIV. mendean erritua egiteari utzi zioten. Ondorioz, zenbait liskar izan ziren eta baita hainbat hildako eta zauritu ere. Hain zuzen ere, gertakari latz horien ondorioz eman zen ebazpen bidezko epaia, eta 1375. urtetik ez da behin ere bertan behera utzi. Geroztik, urtero, bi haranek epaia berresten dute, azkenean anaitasun festa bilakatu den epaia.
Gatzaren jardunaldi gastronomikoak
Gatzaren jardunaldi gastronomikoak uztailaren bukaeran ospatuko dira Jaitzen.
Bertara hurbiltzen direnek hamaika ekitaldiz gozatzeko parada izango dute: gatz lorearen uzta berriaren aurkezpena, bisita antzeztuak, gastronomia tailerrak, artisautza eta abeltzaintza azokak, haur tailerrak...
Martxan jarraitzen duten gatzaga gutxienetakoak dira Jaitzen aurkitzen direnak, erromatarren garaitik hona iraun dutenak. Beraz, denboran atzera egiteko aukera eskaintzen du Jaitzeko topaketak, gatza betidanik ustiatua izan baita bertan.
Alabaina, ez da gatzaren inguruan udan Euskal Herrian egiten den festa bakarra, uztailaren hasieran gatzaren azoka egiten baita Gesaltza Añanan.
Artikutza zabalik, San Agustin egunean
Abuztuaren 28an, San Agustin egunean, Artikutzak bere egun handia ospatuko du aurten ere. Urteko egun bakarra da baimenik gabe naturagunean sar daitekeela, eta horregatik joaten dira ehunka bisitari. Lehen, abuztuaren 28a errentak ordaintzeko eguna izaten zen inguruko bizilagunentzat, baina gaur egun festarako aitzakia izaten da. Eguna mezarekin hasiko da aurten ere, 11.00etan.
Ondoren, beti bezala, hainbat ekitaldiz gozatu ahal izango dute bisitariek: herri kirolak, taloegileak, erromeria, pilota txapelketak, artisau erakusketak, bazkaria, dantzaldia, gazta dastaketa, bertsolariak… Jakina, eskulanak erakusteko zein saltzeko postuak ere egongo dira. Entzutez ezaguna da Artikutzako naturagunea. Donostiako Udalaren jabego pribatua izan arren, Goizuetako lurretan dago. Oiartzun, Lesaka, Arantza, Zubieta, Labaien eta Goizuetako mendiek inguratzen dute 3.700 hektareako ingurua.
Baztandarren biltzarra, Elizondon
1963. urtetik ospatzen den Baztandarren Biltzarraren beste edizio bat izanen da Elizondon uztailean, baztandarren arteko senidetasun jai handian. Ibarra osatzen duten hamabost herrietako biztanleek egindako karrozak ibiliko dira goizean herriko karrikak alaitzen.
Eguneko egitaraua goizean hasiko da orga desfilearekin. Ondoren, Mutil-dantza egingo da Udaletxe plazan, non dantzariak poliki-poliki elkartzen joango diren. Herri bazkariaren ondotik, musika nagusi izanen da arratseraino.
Orhipean, Otsagabian
Abuztuaren bukaeran, dagoeneko galduta dauden hainbat lanbide berreskuratuko ditu asteburu batez Otsagabiak, Orhipean ekimenari esker.
Iruleak, garbitzaileak, bizarginak... Herritarrak duela 100 urte bezala jantziko dira eta haurrek, berriz, garai hartako jolasak berreskuratuko dituzte, hala nola inkea, torta eta marroa.
Beraz, herritarren konplizitatearekin, Otsagabiak denboran bidaia bat egingo du atzera, aspaldiko bizimodua gogora ekarriz eta bertako ohiturak ezagutaraziz.
Arrantzale eguna, Ondarroan
Abuztu erdialdean Andramaixak ospatuko dira Ondarroan. Ohi bezala, Leokadiren jaitsierarekin hasiko dira jaiak, elizako teilatutik jaisten denean Kortxeleko Mamuen artetik.
Jaietako egunik handiena, hala ere, Arrantzale eguna izaten da 17an. Herritarrak mahoizko arropa urdinekin kaleratzen dira, arrantzaleen lanerako betiko arropekin. Ohikoa izaten da elkarte gastronomikoetan marmitakoa egitea. Bigarren platera atun errea edo atuna kipularekin izaten da.
Burdinaren eguna, Urdazubin
Urdazubiko Burdinaren eguna abuztuan izanen da, adin guztientzat bideratutako ekitaldi ugarirekin.
Ekimenak Bizkaiko meatzeetatik burdina ekartzen zuten unea gogoratzen du. San Salbador eliza parera ekartzen zuten idi gurdiz eta, hain zuzen ere, egun horretan une hori irudikatzen dute.
Horrez gain, beste ekitaldi batzuk ere antolatuko dituzte, artisautza eta lurreko produktuen merkatua, besteak beste.
Izaroko teila, Izaron
Maialen eguna hunkigarria da Bermeon. Goizean meza entzuten da Santa Eufemia elizan eta, ondoren, arrain-ontzietan Izarora hurbildu eta han teila bat botako du aurten ere herriko alkateak, «Honaino zabaltzen dira Bermeoko itxuginak» esanez. Horrela, Izaro Bermeorena dela gogoraraziko dute berriz.
Teila bota eta ikurrina Izaro gainean jarri ondoren, herritarrak eta bisitariak, denak, Elantxobera joango dira. Bertako alkatea Bermeokoaren zain izango da. Herritik gora igo eta ohorezko aurreskua dantzatuko da.
Arratsalde erdira arte iraungo du jaiak. Eta gero lehenik Mundakara eta ondoren Bermeora itzuliko dira itsasontzietan. Egun horretan Bermeon sekulako jendetza biltzen da, eta animazioa ez da sekula falta.
Mairuaren alardea, Antzuolan
Mairuaren alardea egingo da Antzuolan uztailean, herriko jaietan. Antzuolatarrek gogora ekarriko dute, urtero bezala, orain dela mila urte Abdelrraman III Kordobako kalifaren tropen aurkako borroka.
Ospakizunean bi zati bereizten dira: batetik, kaleetan zehar egiten den desfilea, eta, bestetik, herriko plazako ekitaldia. Mairua, desfilea, kanoiak, eskopeteroak, dantzariak, Iparragirreren bertsoak, musika, herriko bandera, bolbora usaina… dena nahasiko da Mairuaren alardearen jaialdian.
Bargotako sorginkeria astea
Uztailaren erdialdean sorginkeria astea ospatuko da Bargotan. Herriko kaleak XVII. mendera itzuliko dira, estandartez, lasto zakuz eta antzinako altzairuz beteta.
Hainbat ekitaldi antolatuko dituzte, guztiak sorginkeriarekin zerikusia dutenak: Erdi Aroko merkatua, Nafarroako artisau produktuen salmenta, txoko tematikoak, hitzaldiak, erakusketak, tailerrak...
Horrez gain, herriko pertsonaia historiko ezagunetako bat ikusteko parada ere izanen da: Johanes aztia.
Artzain egunak
Iraileko lehen igandean ospatzen da urtero, Legazpin, Gipuzkoako artzain eguna, Euskal Herrian ongi errotutako lanbidea goraipatu eta babestu nahi duen hitzordua.
Egunean zehar, zenbait lehiaketa egingo dira, besteak beste, Gipuzkoako artzain gazta txapelketa. Lehen hamar sarituak Euskal Herriko norgehiagorako sailkatuko dira. Gainera, Gipuzkoako artzain zakur txapelketa ere egingo da.
Beti bezala, herria jai giroan murgilduko da eta ez dira faltako artisau postuak, haragi eta gazta dastaketak, mozketa erakusketak eta omenaldiak.
Egun batzuk lehenago, abuztuaren bukaeran, Uharte-Arakileko artzain eguna ospatuko da, ehunka lagun biltzen duena.
1912ko galerna gogoan, Bermeon
1912ko abuztuaren 12an gertatutako galernaren ondorioz hildako 143 arrantzaleak omenduko ditu Galerna taldeak eta Bermeoko Udalak, zenbait ekitaldiren bidez.
Arratsaldean itsasontzi tradizionalak uretaratuko dira eta, ondoren, ontzien prozesio isila egingo da Xixilirantz. Lehorrean dauden herritarrak Baztarretik Portuzaharrera jaitsiko dira eta bertan kandelak banatuko dira, galernan euren bizia galdu zutenen arrantzaleak gogoratzeko. Herritarrak bokalerantz abiatuko dira kandelekin eta han itsasontziekin batuko dira guztiak, elkarrekin lore eskaintza egiteko.
Guztira, Bermeon, 75 emakume alargun gelditu ziren, asko haurdun, eta San Roke egunean ezkonduko ziren beste 20 neska senargairik gabe gelditu ziren.
1912ko galernan Matxitxakoko lurmuturretik 45 miliatara arrantzan zeunden 143 arrantzale hil ziren; 116 bermeotarrak ziren eta besteak inguruko herrietakoak, Elantxobe, Lekeitio eta Ondarroakoak. Bermeoko herriak arrantzale horiei guztiei eta euren bizia aurrera atera behar izan zuten familiei omenaldi txiki bat egiten die urtero.
Kutxa Eguna, Hondarribian
Abuztuaren bukaeran edo irailaren hasieran, Nafarroako mahats bilketaren festa egiten da Erriberrin, Nafarroako Ardo Kofradiak antolatuta.
Egitaraua kofradeen desfilearekin eta mahats bilketaren pregoiaren irakurketarekin hasiko da. Ondoren, mahatsaren zapalketaz eta lehenengo muztioaren dastaketa herrikoiaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek zein bisitariek.
Horrez gain, hainbat ekitaldi antolatuko dituzte festa eguna baino lehen, hala nola lehiaketa tematikoak, ardoarekin zerikusia duten pintxo dastaketa eta mahastietara bisita gidatuak.