@iontelleria

Perseiden arrastoari begiratzeko gau aproposenak

Urtero inguratzen da Lurra Swift-tuttle kometak utzi ohi duen arrastora abuztuaren bigarren astearen bueltan, haren ondarrak dira Perseidak izenarekin ezagutzen ditugun izar-uxoak. Abuztuaren 12tik 13rako gaua izango da hauek ikusteko puntu gorena, baina biharko zerua lainoek estaliko dutela dirudienez, oraindik egin ez baduzue gaur bertan begiratzea onena.

Izar-uxoen 2013ko argazki ikusgarria (Dani POZO | AFP)
Izar-uxoen 2013ko argazki ikusgarria (Dani POZO | AFP)

Aproposena abuztuaren 12tik 13rako gaua izan arren, azken egunetan agerian dira Perseidak euskal zeruaren parean ere. Lainotzeko joeran da eguraldia gurean eta biharkoari itxaron gabe gaur bertan zerura begiratzea komeni [Eguraldia NAIZen]. Zerurik garbiena Zuberoan izango da, gainontzeko herrialdeetan lainoak espero dira ilunabarrerako, nahiz eta gauerdian argitu dezakeen zertxobait.

Izar iheskor edo izar-uxo hauek gure zerutik igaroko direla esan ohi dugun arren, gu edo Lurra bera da euren arrastora gerturatzen dena abuztuaren bigarren astearen bueltan urtero. Swift-tuttle kometak igaro ostean utzi ohi duen arrastoa da Perseida gisa ezagutzen ditugun espektakuluaren sorburu.

Abuztuaren 10aren bueltan izanik, kristautasunak bere egin zuen naturaren adierazpide hau ‘San Lorentzoren malkoak’ zirela adieraziz. Perseidak izena dute Perseus konstelazioaren parean ikusten direlako.

Nola ikusi

Zerura begiratuta aski da, normalean, ikuskizuna gozatzeko, baina dagokion konstelazioa topatu eta hari so izateko tresna ugari dira gaur-gaurkoz. Adibidez, bada mugikorrentzat aplikazio egoki bat, ‘Star Chart’ izenekoa, gauden lekutik begiratu eta ortziaren mapa eta bertako konstelazioen berri ematen diguna [Android | Apple].

Gurean lainoak izan daitezke zerura begira bilatzen duguna ez aurkitzeko oztopo nagusi, baita hirigune nagusien bueltan dagoen zeruaren gehiegizko argiztatzea ere, noski. Lehenak konponbide zaila du, bigarrenak errazagoa, argi ahalik eta gutxieneko eremu batera joatea aski. Aurten, gainera, ilargiak ere erraztuko Perseidak ikustea, ilberria ostiralean izango baita eta baztarreko argia besterik ez baitu gure sateliteak.