Teknologia berrien topaketa hasi da Bartzelonan
Japoniera, errusiera, katalana, nola ez, baina batez ere ingelesa entzuten da gaur L’Hospitalet de Llobregaten kokatzen den Mobile World Congress azokan. Gaur goizean hasi da ofizialki ostegunera arte luzatuko den biltzarra. Sakeleko telefonoen topaketa bada ere, bestelako teknologia berriak ere topa ditzazkegu hemen.
Hasi da Bartzelonako Mobile World Congress. Ateak goizean goiz zabaldu baditu ere, 11.00ak aldera hasi da zoramena, inaugurazio ofizialarekin batera hitzaldi interesgarri ugari ere une horretan eskaini baitituzte. Babel dorrea dirudi L’Hospitalet de Llobregat hirian kokatzen den eraikinak, hainbeste hizkuntza entzuten dira eta. Dotore jantzita, negozioak egiteko etorri direla nabari zaie gehienei. Metroan jada, geltokiak aurrera egiten genituela gero eta jende gehiago sartzen ari zen, akreditazioa lepotik zintzilik zutela. Antolakuntza bikaina dute eta jendetza ondo bideratzen dakite, azokan bertan ere bai. Erraldoia den eraikinean edonon daude langileak laguntzeko prest, eta eskertzen da, azoka hau zoramena delako.
Ateak zeharkatu orduko etorkizunean sartzen ari garela dirudi. Izan ere, MWCaren leloa «Creating a better future» (etorkizun hobea eraikitzen) da, baina ohiko arazoak agerikoak dira. «Barkatu, zein da wifia?», da gehien entzuten dudan galdera eta orainaldira itzultzen naiz bat-batean.
Formalitate horren erdian, hizlariek umorearekin ekiten diote badakitelako bestela ezinezkoa izango dela hainbeste pertsonen arreta irabaztea. Aurkezle batek galtzerdi marradun arrosak jantzi ditu, hizlari batek irudiekin txisteak egin ditu eta beste batek trajea jantzi beharrean, txima luzeak, artilezko txanoa eta marradun kamiseta jantzi ditu.
Azoka bizia
Baina hitzaldiez aparte badago zer ikusi azokan. Errealitate birtualeko betaurrekoak edonon daude. Globoan ibili nahi al duzu? Badaukazu aukera, eta gidatu egin dezakezu gainera. Golfean jokatu dezakegu, zonbiak hil edo errusiar mendian ibili. Betaurrekoak jantzi, eta gozatu.
Shoulderpod enpresak bere stand txikia dauka eta kazetarien arreta pizten du batez ere. Edozein sakeleko telefono kamera profesional bihurtzeko tresnak eskaintzen dituzte. Tripodea, selfia egiteko tresna, soinua hobetzeko mikrofonoa, argiztapen egokirako tresna txikia… guztiek telefonoarekin bat egin dezakete eta kazetaria telebista kamerari edo argazkilari bilakatu daiteke, baita zuzenekoak egin ere, beste inoren laguntzarik gabe. Egun sare sozialetan zuzeneko ugari egiten direnez, horretarako tresna baliagarriak izan daitezke osagarri hauek.
Handik gertu daude Waterviveko langileak, medikuz jantzita. Izan ere, telefonoaren medikuak dira nolabait. Sakelekoa bustitzen zaigunean arroz pote batean sartu ohi dugu, eta horrek hezetasuna kentzeko balio du, baina oxidoa ez du kentzen. Enpresa honek oxidoa kentzeko gai den likido kimiko bat asmatu du. Telefonoa itzali eta likido horretan sartu behar da 7 minutuz. Ondoren, 24 ordu utzi behar da ondo lehortzen eta kitto.
Asmakizun berri eta erabilgarri gehiagoren bila ibiliko gara datozen egunetan.