@manexaltuna

Euskararen egoera Interneten «indartzeko» estrategiak behar direla nabarmendu dute

PuntuEUS Fundazioak euskarak Interneten duen presentzia aztertu du eta egoera «osasuntsua» dela nabarmendu du Josu Waliño zuzendariak. Hala ere, azken hiru urteetan erabilera «egonkor» mantendu dela azaldu du eta estrategiak behar direla «indartzeko».

Lorea Bilbao, Bizkaiko Aldundiko Euskara eta Kulturako Foru diputatua; Josu Waliño, PuntuEUS Fundazioko zuzendaria; eta Iker Sagasti, Ironteceko zuzendaria. (Marisol RAMIREZ / FOKU)
Lorea Bilbao, Bizkaiko Aldundiko Euskara eta Kulturako Foru diputatua; Josu Waliño, PuntuEUS Fundazioko zuzendaria; eta Iker Sagasti, Ironteceko zuzendaria. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Lorea Bilbao, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kulturako diputatuak; Josu Waliño, PuntuEUS Fundazioko zuzendaria; eta Iker Sagasti, Irontec enpresako zuzendariak, euskarak Interneten duen presentzia aztertzen duen neurketaren emaitza aurkeztu dute Bilboko Rekalde aretoan.

Lorea Bilbao izan da lehena hitza hartzen eta .eus domeinua orain dela hiru urte jarri zela martxan gogoratu du. «Apurka-apurka» joan dela hedatzen esan du eta azken urtean, Bizkaian izan duela hazkunde handiena azpimarratu du.

Hala ere, PuntuEUS Fundazioko zuzendaria den Josu Waliñok azaldu duenez, Gipuzkoak aurretik jarraitzen du erregistratutako domeinu kopuruan eta Euskal Herriko banaketa soziolinguistikoak eragina duela geografikoki esan du. «Kaleko euskarak interneten islada du», gaineratu du.

Une honetan, 8.200 webgunek dute .eus domeinua eta urte bukaeran 10.000 izatera iristea da helburua. Euskal Herrian 236.000 domeinu daudela erregistraturik azaldu du. Hazkundea %22koa izan da, espero zutena baino bost puntu gehiago.

Interneten euskararen presentziari dagokionez 26.663 webgunek euskarazko edukiren bat dutela esan du Waliñok. «Datu ona da», baina Euskal Herrian dauden %16a bakarrik suposatzen dutela azaldu.

Euskararen ingurune digitala hazten ari dela nabarmendu du, baina bere kezka azaldu du azken hiru urteetan egoera egonkor mantendu delako. Waliñok egoera iraultzeko estrategiak behar direla azpimarratu du.