Haritz Larrañaga
DONOSTIA

Cloudbreak: Munstro bat, Ozeano Barean

Ipar hemisferioan itsaski gutxien izaten den unean pizten da Cloudbreakeko munstroa, hego hemisferioan, Ozeano Barearen erdian, edozein surflariren ametsetako paradisuan. Alta, aberats gutxi batzuek baino ezin izan zuten surf egin bertan bi hamarkadatan.

Cloudbreakeko munstroa Ozeano Barean pizten da.
Cloudbreakeko munstroa Ozeano Barean pizten da.

Azken urteetan ohiko bilakatu da sasoi honetan Fijin hartutako irudi ikusgarriak argitaratzea. Ipar hemisferioan itsaskirik ez den arren, hego hemisferioan itzelezko olatuak izaten baitira urtero.

Tavaruako uhartean aurkitzen da Cloudbreak urautsia. Fijiko artxipelagoa osatzen duten uharteen artean handiena den Viti Levu uhartetik 26 kilometrora, Ozeano Barearen erdian. Horrela, uharte artean galduta, munduko ezker olatu onenetakoak eskaintzen ditu apiril eta urria bitartean.

Bertako biztanleek «Nakuru Kuru Malagi» (uharri edo arrezifeko ekaitz hodeia) deitzen zioten urautsi famatua dagoen eremuari eta hortik datorkio surflariek ezarri zioten izena, Cloudbreak (hodei-uharria).

Viti Levu uhartetik gertu dago Tavarua uhartea. Irla txikia da, 120.000 metroko azalera du, baina zortzi urautsi ditu. Cloudbreak, Restaurants, Tavarua Rights, Kiddieland, Swimming Pools, Namotu Left, Wilkes Pass, eta Desperations.

Restaurants eta Cloudbreak dira Tavaruako olatu ezagunenak. Biak dira munduko ezker olatu onenetakoak, baina Cloudbreak da irudi ikusgarrienak eskaintzen dituena. Teahupoo edo Pipelineko olatu beldurgarriekin aldera daiteke, antzeko forma eta arriskuak baititu, baina askoz ere ibilbide luzeagoa du.

Koral uharteetan ohikoa den moduan, Tavaruan ere olatuak hondartzatik oso urrun lehertzen dira, kanpoaldeko uharrietan, eta ondorioz, bertaratzeko ia modu bakarra ontzian joatea izaten da. Egun, edonor joan daiteke, baina urte luzez uharte pribatua izan zen.

Ederra, zaila eta arriskutsua

Edozein itsasalditan surf egiteko aukera eskaintzen duen ezker olatua da Cloudbreak. Olatu zaila da, adituen esanetan, kanpotik begiratuta dirudiena baino zailagoa, baina maila altua duten surflarien artean kuttunenetakoa da; izan ere, tubo zinez luzeak egiteko aukera eskaintzen du, bereziki olatuak oso handiak direnean.

Sekzio luzeak izaten ditu sarri, iragateko zailak, baina sekzio guztiek bat egiten dutenean olatua amaigabea bilakatzen da. Esan bezala, ariketa guztiak egiteko aukera eskaintzen du, baina ez da irakurtzen batere erraza, sekzioak bat-batean jasotzen baitira ibilbidean zehar.

Egiaz, hiru urautsik osatzen dute Clouddreak eta olatuak oso handiak direnean soilik batzen dira hiru sekzioak. Itsaso zabalean lehertzen den aldeari ‘The Point’ deitzen diote; olatuaren hasiera izango litzateke. Ibilbidearen erdialdean jasotzen den sekzioari ‘Teh Middle’ esaten diote, eta amaierako sekzioari, ‘Shiss Kababs’.

Olatuen tamainaren arabera eta itsaskiaren norabidearen arabera, olatuek kalitate hobea edo okerragoa izan dezakete eremuetako bakoitzean. The Midle eremu azkarra da, egokia tuboak egiteko, baina Shis Kebabs da tubo sakonenak eskaintzen dituena. Sakonera oso txikiko eremu oso arriskutsua da, olatua bizirik dagoen koralezko uharri zorrotzaren gainean lehertzen baita indar handiarekin.

Hego-mendebaldeko itsaskiekin, hiru sekzioak olatu bakar bihurtzen direnean 350 metrotik gorako ibilbidea egiten du olatuak. Aldiz, korronte handiak eta haize ufada handiak etengabe norabidez aldatzen dira eta horrek olatuaren forman eragina izaten du; beraz, itsasoaren baldintzak azkar alda daitezke.

Klima tropikala, eguzki ederra, ura 26 graduan, eta berau ezin gardenagoa da Tavaruan, baina korronte eta arrezifeez gain, baditu bestelako arriskuak ere. Marrazoak, itsasoko sugeak eta harri arrainak daude uretan. Azken hau munduko arrain pozoitsuenetako bat da eta gizakiarentzat hilgarria izan daiteke. Gainera, istripuren bat izanez gero, gertuen dagoen ospitalea bi ordura dago.

Fiji uharteetako errepublika 332 irla baino gehiagoz osatuta dagoen nazioa da. Melanesian dago, Ozeano Barearen hegoaldean. Nazioa osatzen duten uharteetatik 110etan ez da inor bizi eta gainerako irletan barreiatuta 849.000 biztanle inguru bizi dira; beraz, inguruan olatu ederrak dauden uharte mordoa dagoela pentsa daiteke, baina arriskuak ere ez dira falta.

Surflarien kolonizazioa

Pulitzer saria jaso zuen William Finnegan idazlea izan zen Cloudbreakeko olatuekin gozatu zuen lehen surflarietako bat. ‘Barbarian Days: A Surfing Life’ liburuan kontatzen du Tavaruara 1978an egin zuen lehen bidaia. «Nabilatik eraman gintuzten arrantzaleek ez zuten inoiz surf taula bat ikusi. Ez zuten sinesten olatu gainean ibiltzeko erabiltzen genuela»

Kontuan hartu behar da 1970. urtera arte kolonia ingelesa izan zela Fiji, eta 1987ko irailean errepublika ezarri zutela. Ordutik, hizkuntza ofizialak ingelesa, fijiera eta hindia dira. Azken hau, batez ere, indiar jatorriko biztanleek hitz egiten dute. Hortaz, aldaketa politiko sakonak gertatzen ari ziren unean agertu ziren lehen aldiz surflariak Fijin.

Dave Clark Santa Barbarako enpresaria ere lehenetarikoen artean zegoen. 1983an Scott Funk izeneko surflari batekin elkartu eta bertako autoritateen baimena eskuratu ostean Tavarua Island Resort luxuzko hotela eraiki zuten. Deus ez zegoen uharte bat izatetik luxuzko uharte izatera pasatu zen; Boleibolera jolasteko jokalekua, haizagailuak sabaietan, arrantzan egiteko irteerak turistentzat, jatetxea, bezeroei ikuskizuna eskaintzeko prest zeuden Fijiko dantzariak, eta abar.

Mundu osoan ezaguna bilakatu zen lekua, baina kritika asko jaso zituzten bi enpresariek. Besteak beste, olatuak pribatizatzea egozten zieten, sekretu bat zena argitaratzea eta surfaren esentzia saltzea. Hotelean leku bat eskura zezaketen bezero aberats bakanentzako urautsi bilakatu zen orduan.

1987an Australiako lagun talde bat iritsi zen Tavarua ondoan dagoen Malololailai uhartetik, eta Fijin surf egiten hasi ziren. Hoteleko bezeroek alde egiteko eskatu zieten, baina australiarrek ezezkoari eutsi eta sekulako jipoia jaso zuten. Horren ostean, bertako arrantzaleak izan ziren Cloudbreakeko uharrira joateko baimena eskatu zutenak. Hala ere, urautsiko ateek itxita jarraitu zuten eta hurrengo bi hamarkadetan gutxi batzuk soilik izan ziren Cloudbreakeko olatuekin gozatu ahal izan zutenak.

Slaterren kuttuna

Gauzak horrela, jabetza pribatukoa zen Tavarua, baina 2010eko uztailean lurzoruaren legedia aldatu zen, eta ordutik posible da irlako leku bikainetan surf egitea. Ondorioz, munduko surf txapelketak ere egiten dira bertan. 1999. eta 2008. urte artean ia urtero egiten zen munduko txapelketa uharte pribatuan.

2011eko uztailean, Jeffreys Bayko txapelketan olatuak ez ziren batere onak, eta urautsi horretan munduko txapel gehien irabaziak zituen Kelly Slater lehiakideak (guztira lau txapela) txapelketari bizkar eman eta Cloudbreaken inoiz izan den itsaski handienetako baten bila abiatzea erabaki zuen.

Urte bat geroago, munduko txapelketa izan zen Cloudbreaken eta finalean Mick Fanning eta Kelly Slater aritu ziren. Biak eskuin surflariak direnez, atzerakako tuboen ikuskizun bikaina eskaini zuten, baina olatu hoberena Kelly Slaterrek hartu zuen eta laugarren txapela eskuratu zuen Tavaruan.

Slaterrek oso ongi ezagutzen du Cloudbreak, bere kuttunetakoa baita baina, hala eta guztiz ere, finalean hartu zuen olatuarekin liluratuta geratu zen: «Amets batean nengoela uste nuen. Ezin nuen sinetsi halako zortea izan nezakeenik. Dena ahaztu eta olatuaren edertasunean murgildu nintzen. Urdin-urdina zen, leuna eta perfektua», adierazi zuen.

Oso ongi ezagutzen duen olatua da eta bertako jendearekin harreman berezia du.