Andoni Urbistondo

Peña del Castillo: elurarren gatibu

Gurutzea lauzpabost metroko burdin puska zatarra da. Hain da handia, ezen Lagrandik bertatik ere ikusten baita. Baina ikaragarria da paisaia. Joar, ekialdean, Errioxako mendiak, hegoaldean. Larrasa eta Palomares mendebaldean. Eta Lagran herrixka iparrerantz. Peña del Castillon gaude.

Gozamena da baso elurtuetan barrena ibiltzea.
Gozamena da baso elurtuetan barrena ibiltzea.

Elurrak magia du. Elementu berezia da, bakarra. Bereganatu egiten zaitu. Siberian, Kanadan edo Eskandinavian bizi ez bazara, non elurrarekin gozatu ez, sufritu egiten duzun. Kantauriar mendikatea Hego Euskal Herriko haitz lerro dotore eta luzea da. Arabako Errioxako ardo goxoen zaindaria, itsasotik datozen laino eta hezetasuna ipar isurialdean tenkatuta uzten dituena, hegoaldea idor eta eguzkitsu mantenduz. Horrek haitzak zuri-zuri uzten ditu hotzaldietan. Halaxe dago Arabako Mendialdea, Pipaon, Lagran eta beste, azaroan. Baina mendira joateko moduko eguraldiarekin. Hotza baina lehorra. Eurite eta elurteak kantauriar isurialdean geratu dira, eta Peña edo Cruz del Castillok panorama ederra eskaintzen du, 1.431 metroko behatoki dotoretik, Kantauriar mendikateko gailurrik bisitatuenetakotik.

Hemezortzi egunetan jarraian egin du euria azaroan Euskal Herriko ipar isurialdean. Egun batzuetan gehiago, besteetan gutxiago. Denetan prezipitazioa. Mendi bideak putzuz beteta daude, bazterrek ur gehiago irentsi ezinik. Eguzkia gorde egin da, lainoen gainetik, eta gorputzak zimurtu egin dira, kemena itzali. Mendi txangoen aukera garestitu egiten da herritarren aisiaren burtsan, baina udazken gordinak askok espero zuten oparia ekarri du berarekin: elurra. Gizakion artean miresmena sortzen duen elementu zuri ederra.

Zuri-zuri. Zuri haitzak, ezpelak, pagoak, hurritzak...

Helburua. Euri jasarik ez zerutik, eta elurra zangopean. Non ematen da ekuazio hori? Araba hegoaldean, Kantauriar mendikatean. Euririk ez, baina elurra gozo. Arabako Mendialdea Euskal Herriko txoko hotzenetakoa baita, Nafarroa eta Zuberoako Pirinioetako herri garaienekin batera. Urizaharra, Pipaon, Lagran, Bernedo aldea... Paraje hauetan hotzak ostatu hartzen duenean nekez egiten du hanka. Horregatik zabaltzen da elurra bide ertzeraino. Eta horregatik agertzen da hain ikusgarri Toloñon, Errioxa eta Burgosko mugatik gertu hasten den mendikate ederrean, eta Joar tontorrean, Nafarroa mendebaldeko erregearen etxean bukatzen den eskualde menditsuan. Zuri-zuri. Zuri haitzak, ezpelak, pagoak, hurritzak, erkametzak eta beste.

Lagran herrian bertan has daiteke txangoa, baina soro bideetan barrena kilometro eta erdi aurrera daiteke autoan. 850 metroko garaieran hasten da Peña edo Cruz del Castillora daraman bidea. Gainean daukan gurutze erraldoia dela-eta hartu zuen Cruz izena, baina bertakoek Peña del Castillo esaten diote, gailurrean eraiki zuten gazteluagatik. Gaztelu hori VIIImendekoa omen. Gurutze erraldoia 1963. urtean jarri zuten gailurrean Gasteizko Manuel Iradier mendi taldeko kideek eta hainbat boluntariok, Lagrango Nemesio Gonzalez alkatea lanen gidari zela. Puerto del Toron, Arabako Mendialdea eta Arabako Errioxa banantzen dituen lepoan, jarri zuten kanpaleku nagusia. Haraino (1.202 metro) abereekin igotzen zuten materiala. Handik gora, mendizaleek.

Isiltasunaren paradisuan, aurrera

Txango ederra da. Bost minutuan elurrak paisaia osoa irensten du, eta oinetakoak plisti-plasta hasten dira elur gozoan. Zentimetro pare bat aurrena, bost, hamar, hamabost ondoren. Gozamena da baso elurtuetan barrena, isiltasunaren paradisuan aurrera egitea. Lagrandik Paso del Toro lepora hainbat ikaztegi daude, eskualde honetan mende pare bat atzera ikatzak zeukan garrantziaren erakusgarri. Ikaztegia nola egiten den azaltzen duten informazio panelak daude, eta garaiko ikaztegien antzeko eraikin pare bat ere bai. Lurra erre, pagoak jarri, hondarrez estali eta zuloak estaltzen joan, ikaztegi barruan zegoen pagoa erre ez eta egosi zedin, ikatz bihurtzeko. Lantegi zaila, eta etengabeko arreta eskatzen zuena. Zulo txikienetik oxigenoa ikaztegi barrura sartzen bazen, akabo lanak, egurra erre egiten zen ikatza sortu gabe. Hala bizi izan ziren gure arbasoak, mendian egunak eta egunak emanez, bakardadean.

Elur erauntsi txiki bat bidean. Haizeak hosto-zorutik eta zuhaitzetako adarretatik haizatutako elur pinporta ugari dantzan jarri ditu gure begien aurrean. Basoa itxia da: Hurritzak, pagoak, ezpelak, erkametzak... Tarteka bide zabala, besteetan estu-estua, makurtu behar izateraino. Bat-batean, argia: Paso del Toro mendi-lepoa, 1.202 metrora. Mendebaldera, Peña del Castillo agertzen da, harro-harro, eta ekialdera, Arabako Errioxako lur hori eta idorrak, eta Kantauriar mendikateko zerra itxurako haitz lerro polita, Peña del Leon (1.392 metro) eta San Tirso (1.333 m.) nabarmentzen direla.

Bisita laburra gailurrean

Ipar isurialdean lehen ordua, hego isurialdean barrena azken ordu erdia. Zatirik ederrena, noski. Elur geruza 30 zentimetrokoa da dagoeneko, baina hainbat mendizalek arrastoa egin dute, eta bidea polit-polita da, sigi-saga eginez Peña del Castilloko haitza hego isurialdetik inguratuz. Pendiza ere handituz doa, pixkanaka, baina ohartzerako Peña del Castilloren eta Larrasaren (Kantauriar mendikateko gailur garaien eta zailena) siluetak agertzen dira, oldarkor. Larrasak 1.454 metro ditu, eta udan II, III. eta IV. graduko pasabide batzuk ditu. Jende dezente urruntzen du horrek Larrasatik, eta negu betean, are gehiago. Gailurretara iristeko azken metroetan izotza dago zoruan, eta 100 metro kranpoirik gabe egin badaitezke ere, hobe amildegi handirik ez dagoen tokian ibiltzea.

Peña del Castillok ez dauka amildegirik, eta irristatuta ere, ez dauka arriskurik. Hotz dago gailurrean, haizea. Lagranen gradu bat, gailurrean lau zeropean, eta haize petrala. Beriain magaleko herrietan dioten moduan, «alde ai hemendik haize bihurria». Gurutzea lauzpabost metroko burdin puska zatarra da. Hain da handia, ezen Lagrandik bertatik ere ikusten baita. Baina gurutzetik ikaragarria da paisaia. Joar, ekialdean, Errioxako mendiak, hegoaldean. Larrasa eta Palomares mendebaldean. Eta Lagran herrixka iparrerantz. Iparrerago daude Kapildui, Gasteizko Mendiak eta Arabako Lautada. Baina horiek euri, elur eta laino anabasan ezkutatuta daude. Kantauriar mendikatea ez. Euskal Herri txiki aberatsaren altxorrak.