NAIZ

Arlo zientifiko-teknologikoaren eta jendarte osoaren arteko zubigileei aitortza, CAF-Elhuyar sarien bidez

Galder Gonzalez Larrañaga, Leire Sangroniz Agudo eta Josu Lopez Gazpio dira aurtengo CAF-Elhuyar saridunak. Ana Zubiaga Elordieta genetikako katedradunak jaso du Elhuyar Fundazioaren Merezimendu Saria.

Aurtengo CAF-Elhuyar saridunak: ezker-eskuin, Galder Gonzalez, Leire Sangroniz eta Josu Lopez. (ELHUYAR)
Aurtengo CAF-Elhuyar saridunak: ezker-eskuin, Galder Gonzalez, Leire Sangroniz eta Josu Lopez. (ELHUYAR)

Kultura zientifikoaren beharra hain agerikoa den egun hauetan jakinarazi dute zein diren CAF-Elhuyar sariketaren irabazleak. Hain zuzen, zientzia eta teknologia gizarteratzeko lanak eta egitasmoak aitortzea da sariketaren helburua, eta aurtengo deialdiak ere eman du fruitua. Galder Gonzalez Larrañaga, Leire Sangroniz Agudo eta Josu Lopez Gazpio saritu dituzte. Eta Ana Zubiaga Elordieta genetikako katedradunarentzat izan da Merezimendu Saria.

Ezohikoa den osasun-larrialdian ezohiko moduan eman dira jakitera aurtengo saridunak, ez baita sari banaketarako ekitaldirik izan, eta oraingoz ez egitea erabaki dute antolatzaileek. Hala ere, saridunek 2.000 euroko diru-saria eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bana jasoko dute.

41 lan jaso dituzte aurten, eta parte-hartzaileen artean genero-oreka egon da.

Dibulgazio artikulu orokorren kategorian, Galder Gonzalez Larrañaga wikilari zarauztarraren ‘Io eta argiaren abiadura’ artikulua aukeratu du epaimahaiak. Haren iritziz, egileak ikuspegi historikoa aukeratu du zientziak aurrera nola egiten duen azaltzeko, eta lan irakurterraza, erakargarria eta bitxia osatu du, irakurlearen arreta harrapatzen duena.

Egilearen doktorego-tesian oinarritutako dibulgazio artikuluen kategorian, berriz, ‘Polimero birziklatu aurreratuen garapena: plastiko-hondakinei bizi berri bat emanez’ artikuluak irabazi du saria. Leire Sangroniz Agudo kimikako doktore elgetarra da egilea. Epaimahaiak nabarmendu duenez, gaur egun ahoz aho dabilen arazo bati erantzuten saiatzen da tesia. Gainera, egindako lan zientifikoa oso modu dibulgatiboan dago azalduta, eta argi ulertzen da tesiaren mamia.

Azkenik, zientzia-kazetaritzako lanen kategorian, epaimahaiak aho batez erabaki du Tolosako Josu Lopez Gazpiori ematea saria, ‘Musikaren zientzia’ lanarengatik. Hain zuzen, zientzia-dibulgazioaren adibide aproposa dela iruditu zaio. Musikaren eta zientziaren arteko erlazioa oso ongi azaltzen duela aipatu du, baita musikaren idiosinkrasia hortik haratago dagoela ere. Entretenigarria eta erakargarria dela ere azpimarratu du.

Ekitaldia ez egitea ez da izan CAF-Elhuyar sarien edizio honetako ezohiko erabaki bakarra: Neiker sari berezia (lehen sektoreko lan onena saritzen duena) eta Zientzia Gizartean sorkuntza-beka eman gabe uztea erabaki du epaimahaiak, aurkeztu diren lanek ez dutelako sarituak izateko adinako kalitaterik.

Sorkuntza-beka eta Merezimendu Saria

Antolatzaileek, dena den, aurtengo sorkuntza-bekarako diru-laguntza (5.000 euro) datorren urterako gordetzea erabaki dute, eta dei egin diete sortzaileei proiektuak aurkez ditzaten. Aurreko urteetan bultzatu diren proiektuek bide emankorra egin dute, eta horren adibide garbia da iaz irabazi zuena: ‘Fossil Plastics. Alegiazko enborrak’, Martin Etxauri Sainz de Murieta burlatarrarena.

Azkenik, Ana Zubiaga Elordieta genetikako katedradunak jaso du Elhuyar Fundazioaren Merezimendu Saria,  euskara normalizatzen eta zientzia gizarteratzen egindako lanarengatik.

Zubiagak Giza Genetikako eskola teorikoak eta praktikoak ematen ditu EHUn. Irakasle izateaz gain, ikertzaile ere bada, eta, hain zuzen, Minbiziaren Biologia Molekularra ikerketa-taldearen arduraduna da. Horrez gain, EHUko Ikerkuntzarako Zerbitzu Orokorretako Adierazpen Genikoko Unitatearen arduraduna da, eta Animalien Ongizaterako Etika Batzordeko kidea, besteak beste.

Jakiundeko kide ere bada, eta, horri guztiorri, dibulgazioan egiten duen lana gehitu behar zaio. Kontuan izan behar da lantzen dituen gaiek, biomedikuntzak eta genomikak, garapen oso azkarra izan dutela, eta gizartean jakin-mina eta, batzuetan, kezka ere pizten dutela. Elhuyarrek nabarmendu du Zubiaga beti dagoela prest laguntzeko.