naiz

Kostaldean ekaitzak izateko arriskua arintzeko eta iragarpena hobetzeko ikertzen ari da Azti

Azti zentro teknologikoa mugaz gaindiko proiektu batean murgilduta dago. Proiektu horren helburua da Euskal Herriko kostan eta Kataluniako itsasertzean ekaitzak iragartzeko eta arriskua aurreikusteko mekanismoak hobetzea, klima-aldaketak izan duen bilakaeraren arabera.

Olatuak Orioko kai-muturraren aurka, 2017ko Bruno ekaitzak jo zuenean. (Jon URBE/FOKU)
Olatuak Orioko kai-muturraren aurka, 2017ko Bruno ekaitzak jo zuenean. (Jon URBE/FOKU)

Astearte honetan Aztik komunikatu batean adierazi duenez, "Marlit" proiektuaren azken helburua ekaitzen ondorioak murriztea da, bereziki itsasertzeko herrietan.

Aztirekin batera, Kataluniako Unibertsitate Politeknikoak ere parte hartzen du ikerketan, eta Lakuako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak (DAEM) eta Kataluniako Institut Cartogràfic i Geològic institutuak laguntzen dute.

Programak behaketa sistema berriak garatu nahi ditu, hala nola behaketa topografiko autonomoak eta tresna bideometriko berriak, baita olatuen hedapenari buruzko modelizazioa ere, ekaitzen eragina kontrolatu eta ondorioak arindu ahal izateko.

Aztiren ozeanografo eta proiektuaren arduradunak, Pedro Liriak, azaldu duenez, 2014tik aurrera «ekaitz segida batek Atlantikoko fatxada astindu zuenean», «muturreko fenomeno meteorologikoen hazkundearekiko eta klima-aldaketarekin duen loturarekiko kezka» handitu zen.

«Berrikiago, Gloria ekaitzak eragin handia izan zuen Mediterraneoko kostaldean», eta udazken honen hasieran «ekaitz atlantiko handiei lotutako hainbat gertaera garrantzitsu» egon direla esan du adituak.

Ekaitz horien ondorioak, esan duenez, euskal eta kataluniar kostaldeek «krisi klimatikoaren ondorioz itsasoak eragindako hondamendiekiko» duten «esposizio handiaren adibide dira».

Hori dela eta, "Marlit" proiektua «lan-foro» gisa sortu zen, inpaktu handiko kostaldeko ekaitzen arriskuak aurreikusteko mekanismoak hobetzeko eta automatizatzeko nahiz haien ondorioak «arintzeko», epe laburrerako eta klima-aldaketaren testuinguruan neurriak diseinatuz.

Programa 2022ra bitarte garatuko da. Lehenengo zatian, tokiko datuak eta informazioa lortu eta aztertuko dira, eta eremu horien bilakaera historikoa aztertuko da. Bigarrenean, berriz, kostako arrisku horien etorkizuneko bilakaerari buruzko pronostikoa egingo da.