Testua eta argazkiak: Xabier Bañuelos

Far Westeko mamuak: arrasto fantasmagorikoen ubera

Zilar eta beste hainbat altxor mineralek ametsak eta diru-goseak xaxatu zituzten, eta huts-hutsetik hiriak sorrarazi. Bertan lehertutako urrearen sukarra oroimenean iltzatuta dugu ehunka metro zeluloidezko irudirekin. Baina benetakoa izan zen. Gaur, berriz, irudi fantasmagorikoa eskaintzen du.

Irudi fantasmagorikoa, benetan.
Irudi fantasmagorikoa, benetan.

Ameriketako Estatu Batuetako mendebaldean lehertu zen urrearen sukarra oroimenean iltzatuta daukagu ehunka metro zeluloidezko irudirekin. Baina benetakoa izan zen. Lurraren barrunbe emankor horren urre, zilar eta beste hainbat altxor mineralek ametsak eta diru-goseak xaxatu zituzten, eta huts-hutsetik hiriak sorrarazi. Azkar jaio ziren, are azkarrago hil. Atzean ez zuten utzi ezertxo ere ez, paisaia etsigarriz inguraturiko arrasto fantasmagorikoen ubera baino ez.

Euripean iluntzen ari da. Mandoak eta gurdiak, fardelez eta gizonez zamaturik, zubia zeharkatzera doaz, handik abiatzeko asmoz helmuga duda-mudazko baterantz. Ben Rumson haiei begira dagoela, bere soa malenkoniatsua da, saihetsezinezkoaren testigu den arima noraezeko batena. Norbaitek aurre egin dio kalean:

«Ben, ba al zoaz? / Ez. / Ni ere ez. / Nire ustez, mundu honetan bi jende mota dago, badoazenak eta geratzen direnak, ez da horrela? / Ez, ez nuke hori esango. / Zer diozu, bada, zuk? / Badirela bi jende mota, inora doazenak eta inora ez doazenak. Horrelaxe da. / Ez nago ados, Ben. / Ez dakizulako zer arraio ari naizen esaten. Ez naiz inongo herritar ohi bat besterik; eta batzuetan herrimina izaten dut».

Benek basatzan aurrera segitu du, elkarrizketa hori inoiz gertatu ez balitz bezala. Lee Marvinen ahots marrantatuak atzean entzuten den melodiari laguntzen dio. Arima urratu eta urruneko baten marruma dirudi: «I was born under the wandrin’ star». Izar iheskor baten argipean jaio nintzen, Benen ahotsa arrakalatu egin da, doinuaren eta bertsoen urratsari helduta, zera esanez: «I’ve never seen a sight that didn’t look better looking back (...). Do I know where hell is? Hell is in hello, Heaven is goodbye forever, it’s time for me to go». Hau da: «Inoiz ez dut ikusi ikuskizunik atzera begiratzean hobea ez zirudienik (...). Ba al dakizu non dagoen infernua? Infernua kaixo batean dago, zerua da aguragur betiko, joateko garaia iritsi zait».

Bost minutu eskaseko sekuentzia paregabe horretan (‘Paint your Wagon’, Joshua Logan, 1969), Alan Jay Lernerren eta Frederick Loeweren abestiak ezin argiago laburbiltzen du aurrendari izatearen jaidura. Askatasuna ikurtzat harturik iparrik gabe badoazen bihotzen martxa etenezin hori sublimatu egin du erromantizismoak, sakoneko jomugen eta amets betegabeen ikono bihurtzeraino. Baina hor datorkigu berriro ere Historia, eta errealitatean murgilaraziko gaitu, epika errebeldearen grina horiek nabarmen epelduz.

«Gold Rush»

Zerumuga berriak bereganatzea beti izan da gizakiaren bidaiatu behar horren ardatzetako bat. Normalean, lur berrien bila, bizimodua bertan finkatzeko edota dirutza egin eta gero jaioterrira galtzak bete diru itzuli ahal izateko. Horri emigrazioa esaten zaio eta fenomeno horren epika era batekoa edo bestekoa izango da bidean aurkitutako zailtasunen arabera eta kontaketari erantsitako poesiaren arabera. XIX. mendearen erdialdean, Ameriketako Estatu Batuak herrialde gazte, lañoa zen, eraikitzeko zegoen, eta biztanleria multzo berriak atzera eta aurrera zebiltzan lur promestuak aurkitzeko xedez, eta jatorrizko herriekin etengabeko gatazkan.

Mugimendu hauek Mendebaldeko logika produktibistari atxikita zeuden, hau da, lurraldearen ustiaketa intentsiboa egitea helburu hartuta, nekazaritza, abeltzaintza, meatzaritza eta abarren bidez aurrera egiteko aukera izpirik txikiena ere non ikusi eta hara bideratu. Testuinguru horretan, Rio Grande ibaiaren iparraldeko bazter guztiak inarrosi zituen hitz magiko baten oihartzunak: urrea. 1848an izan zen, Kalifornian, eta ondoz ondoko urteetan metal gutiziatuaren aurkikuntzek segida izan zuten Coloradon, Nevadan, Oregonen, Montanan, Alaskan... Gold Rush delakoa hasia zen, urrearen sukarra, eta sukar horrek buruak, gogoak, ilusioak, kimerak eta anbizioak irentsi zituen, herrialde berriaren zabalera handiak jendez josi ziren, mundu osotik iritsitako milaka pertsonak ekin zioten lurra arramazkatzeari berehala aberasteko antsiari soil-soilik men eginda.

Ez zen kontinentean hori gertatzen zen aurreneko aldia. Izan ere, El Dorado delakoaren bilaketaren aurrekaria hor zegoen, Mexikoko aurifera delakoetan XVI. mendean, edo Appalacheetan XIX. mendeko 30eko hamarkadan, baina horietako bakar batek ere ez du izan Far Westen gertatukoaren moduko oihartzunik, eta hori, bereziki, pantaila handiari esker izan da. ‘Gold Fever’ abesten zuen Eastwoodek hiri malapartatu hartan: «Who can say why we came? Where’s the hope, where’s the flame? We are the same» (Nork esango du zergatik etorri ginen? Non dago esperantza, non irrika? Berdinak gara).

Eta horrekin batera, hau ere baieztatzen zuen: «Cause your the gold fever nothin’ can help you but the yellow stuff» (Urrearen sukarra delako ezerk ezin dizu lagundu, gai horixka horiek izan ezik). Eta kasu honetan, fikzioa bat dator errealitatearekin, milaka forty-niner (urre bilatzaileak) iristen hasi ziren herriak eta hiriak fundatuz erdialdeko mendebaldearen eta Pazifikoko kostaren luze-zabalean, eta gero, sorkuntza horiek beren heriotza-aktak izenpetuz joango ziren altxarazi zituen baliabidea agortuz zihoan heinean, komunikabideak desbideratuz zihoazen heinean edo hondamendi naturalen eraginpean.

Iraganeko mamuak

Urteen eta ugerraren poderioz zirtzildutako eta triskatutako kamioneta bat zain dugu Rhyoliten. Handik gertu dagoen Goldwell Open Air Museoko Charles A. Szukalskiren eskulturak bezain fantasmagorikoa da, eta denbora joanak eta itzuliko ez direnak dakarzkigu hizpidera. Izan ere, puntu gozakaitz horretan riolita gainean metatuz joandako urrearen aurkikuntzarekin sortu zen leku hori Nye konderrian, Nevadan, egungo Beatty hiritik gertu. 1904a zen eta bizialdi kartsu bezain iheskorra izan zuen, 0tik 12.000 biztanle izatera aitaren batean, eta bat-bateko bihotzekoak jota agur esan 1907ko krisiaren ondorioz.

Azken biztanleak 1924ra arte bertan temati iraun zuen, halere. Gaur egun, bertako izaki bizidun ohikoenak kriskitin sugeak dira –kartel ezin aproposago batek ohartarazi digun bezalaxe–, beren bidean aurrera doazela sastraken eta kale hutsen artean atzean utziz Cook Bank Buildinga, tren geltokia eta Union Pacificenbagoi zaharkoteak, kasino zaharra, eskola, Porter General Store eta Bottle House delako eraikin bitxia, hain zuzen, adreiluak erabili beharrean
Tom Kelly delako batek berak zuzentzen zuen saloonetik biltzen zituen botilekin egindako etxea.

Nevadan bertan, Carson City hiriburutik asko urrundu beharrik gabe, eta mendi magaletan sigi-saga ia 2.000 metroko altueraraino igota, Virginia City aurkitu dugu. Beste ghost town batzuk bezalaxe, fenix hegazti izan zen turismoari esker. Bisitarien etorrera hein handi batean hauspotzen zuena “Bonanza” telesaileko La Ponderosa etxalde ezagunaren jabea, Ben Cartwright eta s<emeak, maiz bertaratzea izan zen. Kasu honetan zilarrak altxatu zuen hiria behialako 1859 hartan, baina haren loraldia ere ez zen luzerako izan, XX. mendearen azkenetan jada izandakoaren itzaltxoa baino ez baitzen. Gaur egun herri-museo polit eta atsegina da, mila biztanle ingurukoa, dendak nonahi, Mark Twainen oroigarriak, Comstock Gold Mineko trasteak eta antologietan sartzeko moduko hilerria ditu.

Zilarrak bultzatua izan zen halaber Silver Reefen jatorria, Utahn, eta bertan fenomeno geologiko ezohiko bat gertatzen zen, zilarraren eta kare-harriaren arteko aliantza. Aurkitu zutenetik inbertsoreek sinistu zuten arte bederatzi urte pasatu ziren, eta ziurtatu zutenean, hantxe bertan kokatu zen meatzarien lehenengo herrixka, 1875ean. Bere historia kolapso egoeratik susperraldirako joan-etorri gorabeheratsuen segida izan zen, azken hatsa eman zuen arte. Leku lasaia da, meatze azpiegiturak zutik diraute eta makineria historikoaren bilduma eder bat ikusgai dago.

Asko urrundu gabe, Graftonera iritsi gara, Zion parke nazionalaren ondoan, eta honek ez dauka gainerakoekin zerikusirik. Springdaletik asfaltatu gabeko bide batetik iritsi gara, Virgen ibaiaren gaineko zubi bat zeharkatu ostean, eta mendiz eta goi-lautada gorriz osatutako paisaia ikusgarri batek inguratuta. ‘Robert M. Berry. Born Feb.3.1841. Killed by indians. Apr.2.1866’, dio kanposantuko hilarri batek. Kotoia landatzen zuten baserritar mormoiek sortu zuten Grafton 1862an. Inoiz ez da oso hiri handia izan, eta navajo herriarekin izandako gatazketatik bizirik iraun bazuen ere, gizarte modernoaren aurrerabideak hondoratu zuen; izan ere, ondoko Hurricanen ureztatze kanal bat eraiki zuten eta hango bizimodua erasoagoa bihurtu zen. 1945ean behin betiko hustu zen, nahiz eta 1969an, Paul Newman, Robert Redford, Katherine Ross eta bizikleta batek behin-behinean berpiztu zuten, George Roy Hill-en ‘Butch Cassidy and the Sundance Kid’ filmean.

Lau baino ez ditugu aipatu, baina Ameriketako Estatu Batuak halako «hiri fantasmaz» josita dago: Bodie, Calico, Randsburg... Kalifornian; St. Elmo, Leadville, Duton Hot Springs... Coloradon; Terlingua, Glenrio... Texasen; Cisco, Modena... Utahn; Tombston, Oatman, Bellemont... Arizonan; Chloride, Shakespeare, Cuervo... Mexiko Berrian; Thurmond Virginian; Bannack Mon- tanan; Cahaba Alabaman; South Pass City Wyomin- gen... Eta horrela, estatubatuar geografia izar iheskor baten gisa zeharkatuz, iraganaren oihartzunak adi- tzeko prestatu gaitezke, zera hura abestuz: «In a ca- vern, in a canyon, / excavating for a mine, / dwelt a miner forty-niner / and his daughter Clementine...» (Kobazuloan, arroilan, meatzea zulatuz bizi zen urre bilatzailea eta haren alaba Clementine).