NAIZ

Aranora itzuli da Olatz Zugasti ‘Mairu baratzetan’ single berrian

Aranora, aitonaren herrira, itzuli da Olatz Zugasti kantaria ‘Mairu baratzetan’ kantu berriarekin. Oroitzapenak ditu ardatz abeslari hernaniarrak, kondairez, menditar eta hiritarren arteko harremanaz eta denboraz mintzatzeko.

‘Mairu baratzetan’ kantua sareratu berri du Olatz Zugasti abeslari hernaniarrak. Kantu honekin, Aranora, bere aitonaren sorterrira itzuli da Zugasti, mairu baratzetara bisita bat egin asmoz eta, horrekin batera, «aurre-kondairatik berari dei egitera», ohar baten bidez azaldu duenez.

Aranorako bidaia horretan «oroitzapenek harrapatu» dute abeslari hernaniarra eta, era horretan, hainbat gogoetarako bidea irekitzen du: «Soinu, usain, nerabezaroko zentzukoitasun, menditar eta hiritarren arteko berezko harremana, antzina eta gaurkotasuna bat eginda, guztia une batean, guztia kantu batean», zehazten da oharrean.

Abestiaren bidez, Zugastik «barnera begirako hunkidurak erritmo bizi batean pausatu» dituela ere zehazten da. Kantuan bertan honakoa dio: «Oihu egingo dut mairu baratzetan, entzuidazu berriro, zure oihartzun hunkituan bil nazan maitekiro». Kantua plataforma nagusietan entzungai dago dagoeneko.

Olatz Zugasti (Hernani, 1965) gazterik hasi zen musikaren munduan, harpa jotzen eta abeslari modura. Benito Lertxundiren diskoetan ohikoak dira hernaniarraren partehartzeak eta oriotarrarentzat hainbat kantu ere konposatu ditu. Bakarlari gisa euskal jatorriko musika eta zelta uztartu izan ditu eta herri musika ezagutzera emateko irrati saioak ere gidatu ditu, Egin Irratian lehenik eta azken hamarkadan Euskadi Irratian (‘Kantaita)’.

Hainbat disko kaleratu ditu, tartean ‘Kantu baten bila nabil’ (1991, Elkar), ‘Gau hotzenean ere’ (2021, Elkar), ‘Ur goiena ur barrena…’ (2015, Elkar) edota ‘Orion zuzenean’, (2019, Kantaita Enea).