Andoni Urbistondo

Errozate, Pirinioetako ate dotorea

Pirinioak Hendaian eta Larrun mendian hasten omen dira. Lehen mendi handia, Pirinio izaera hartzen duena, Orhi izaten da, Zuberoako lurretan, bi mila metroko langa gainditzen duen lehendabizikoa baita. Orhi baino lehen ere, baina, badira mendi dotore askoak, ikusgarriak. Errozate, adibidez.

Errozate inguruko parajea.
Errozate inguruko parajea.

Errozate (1.345 metro). Garaziko bailarako zaindari, 1.100 metro gorago, eta Errobi ibaiaren eta Arpea leizearen zaindari tente. Behatoki pribilegiatua Auñamendietara, eta Abodiko eta Orbaitzetako paraje belartsuetara. Artzain etxoletara iristeko bide estuetan barrena, bi auto erabilita, egun beteko txango aski interesgarria egiteko aukera ematen dute Errozatek, Errobi ibaiaren jaiotzak, eta Arpea leizeak.

Nafarroa Beherean dago Errozate, Ezterenzubi udalerrian. Baina izenak berak argi esaten duen moduan, lotura handia dauka Pirinioetatik hegora geratzen den bailara batekin: Erroibar, Nafarroan. Mendiak Erro bailarako atea esan nahi du, eta egun gertuen Aezkoa bailara badu ere, Erroibar ere dozena bat kilometro eskasera dago Errozate gailurretik. Gailurrera hurbiltzeko bide anitz ditu Errozatek, eta erabilienetakoa Orbaitzetatik, Nafarroatik iristen dena da, Azpegi eta Organbidea lepoetatik. Lepo horretatik hiru kilometrora baitago Errozatek adina erakartzen duen sorkuntza geologikoa: Arpea leizea.


Txangorik osoena Arpeatik gertu dagoen aparkalekuan hasi, Errozate gailurrera igo, eta Errobiko Iturbegietan bukatzea da, Beherobian (Sources de la Nive, frantsesez). Kontrako zentzuan ere osa liteke txangoa. Iturbegietan irteten da lur azpitik indartsu Errobi ibaia, mendi malda belartsuak estututa lur azpian kilometro batzuk egin ondoren.

Txangoa modu egokian egiteko hurbiltzea bi autotan egitea komeni. Auto bat Arpeako aparkalekuan utziko genuke, txangoaren hasieran. Bestea Errobiko Iturbegietan, txangoaren bukaeran. Beste aukera interesgarria auto bat Arpean edo Iturbegietan uztea da, eta bestea Errozateko lepoan, 1.273 metrora, Errozateko gailurretik 10 minutu eskasera oinez. Bi auto erabiliz gero, txangoa lauzpabost ordukoa da. Bakarrarekin egiten bada, zazpi ordu inguru behar dira. Egun osoko irteera, beraz.

Mendi harroa

Errozate mendi harroa da. Orbaitzetatik joanez gero, Organbidea lepoan ikusten da lehen aldiz, dotore. Ipar Euskal Herritik, Garaziko bailaran sartu bezain pronto agertzen da hego-ekialderantz. 1.000 metro amiltzen da Nafarroa Behereko hiriburutik gertu dauden Eiheralarre eta Ezterenzubi herrixketara. Amildegi hori, noski, ibai baten arroak eragin du: Errobi ibaia. Nafarroa Garaiko eta Behereko mugatik gertu jaiotzen da, Mendizar mendiaren magalean, eta azkar lehen meandro txikia egiten du, Arpea leizea inguratzeko.


Arpea txoko ederra da. Ziur aski tamainako formazio geologikorik ez dagoelako Euskal Herrian. Hiruki itxura daukan leize erraldoia da, atariko sabaian halako tolestura bereziak dituena, geologiak milaka eta milaka urtetan moldatutakoak. Artzainek artaldeei babesa emateko erabiltzen dute, mendian daudenean eguraldi txarra iristen bada. Errobi Arpea leizean sortzen dela uste dute askok, baina ez da hala. Leizetik gertu pasatzen da errekastoa, baina esan bezala, kilometro batzuk hegorago ernatzen da.

Autoa leizetik kilometro erdira uzten da, Organbidea lepotik datorren errepidearen bukaeran. Errozatera igotzeko aukerarik onena berriro aparkalekura bueltatu, eta handik Elhursaroko Etxoletara joatea da, Organbidea leporantz, 300 bat metrora. Han Iturbegietatik datorren bidearekin bat egiten duen xenda bat abiatzen da. Ez dago seinalerik, eta hasieran bide argirik ere ez, baina etxolako eskorta ezkerrera utzita, erreka zulorantz egin behar da. Azkar bide argi bat agertzen da, Xubigna zubiraino eramaten duena. Hori gurutzatu eta Errozateko malda belartsu eta erpintsuan sartuko gara.


Hainbat argitalpenetan Arpeatik gora Errozateko lepoa irits daitekeela azaltzen da, malda belartsuetan gora. Zure onetik atera eta haserretu nahi baduzu, egin dezakezu, baina ordubete emango duzu pauso bat aurrera, eta bi atzera egiten, belaze horiek sarri bustita edo heze egoten direlako, eta malda handiak oso nekoso egiten duelako aurrera egitea.

Iturbegietako bidea ere ez da zabal-zabala, eta belarrak estaltzen du ia beti, baina bidea dago, behintzat. Arpeako leizetik zuzenean gora, biderik ere ez. Aukera onena, beraz, Xubigna zubia gurutzatzen duena da. 20 minutuan Iturbegietatik datorren bidea hartu, eta ordubete eskasean Errozateko lepoa iristen da, 1.076 metrora.

Behatoki ikusgarria

Errozateko lepoan pista asfaltatu bat dago. Ez beldurtu. Artzainen bordetaraino iristeko preseski eraikitako bideak dira. Hamarkada batzuk atzera mendi bide soilak, egun edozein auto ibiltzeko moduko errepideak. Lepoan eta inguruan dozena erdi borda daude, eta ardi talde handiak. Behiak eta zaldiak ere suelto. Lepotik ordu erdi pasatxo geratzen da Errozate gailurrera heltzeko. Errepide ondotik doan belazetik egin daiteke, asfaltotik joan beharrean.


Harri batek erakusten du tontorrean gaudela. Gailurretik oso bista aberatsak daude. Ipar-mendebaldera Garaziko bailara osoa agertzen da. Ekialdera Iratiko mendiak, eta Arbaillak. Ekialdera, oso-oso tente, Orhi erraldoia, Pirinioetako lehen bi mila metroko mendia, eta hatzekin ukitzeko modukoa Errozate gailurretik.

Orhik ekialderago dauden mendi handiagoei itzal egiten dien toki bakarretakoa da Errozate, Alano mendietatik hasi eta Auñamendiraino, txiki ikusten baitira Euskal Herriko mendi garaienak. Hegora geratzen dira Abodi eta Iratiko oihan ikaragarria, Itzagaondoa eta Elomendi, eta Urkulu, Arnostegi lepoa zaintzen duen mendia, gotorleku harritsu eta guzti.

Auto bat Errozate gainean utzi baduzu, akabo txangoa. Arpea leizean utzi baduzu, beherako bide guztia geratzen zaizu. Eta Iturbegietan utzi baduzu, Errobi ibaia mendi barruan nola gordetzen den ikusiko duzu, ostera Beherobian azaltzeko. Mendi gailur soila baino askoz gehiago eskaintzen baitu Errozatek.