Harro daude haien auzoaz Chill Mafiakoak. Erakutsia zuten hori aurretik, eta gaur kaleratutako ‘31014’ kantuaren bideokliparekin are garbiago esan dute. 31014 ez baita edozein zenbaki, 31014 beren zenbakia da, beren auzoa. Pasa den otsailaren 14an kaleratu zuten ‘Ezorregatik x Berpizkundea’ diskoa, eta pixkanaka ari dira bideoklipak argitaratzen, gaurkoa disko kantuekin osatu duten hirugarrena da.
«Cuando era txiki en mi barrio se quemaban villabesas y ahora hay casas de apuestas» dio Chill Mafiaren 31014 kantuak, edo «I was born Errotxapean, ibai ertzean eta erdigunepean». Har daiteke kantu hau auzoko ereserki bezala, «eta amari erosiko diot etxe bat, baina auzoan izanen da» dio, besteak beste, abestiak. Arrotxapea beren auzoaren inguruan idatzitako reggae estiloko kantua da euskaraz eta gazteleraz abesten dute. Aurrekoetan ez bezala, hirugarren honetan Kiliki Frexko da protagonista.
‘Ezorregatik x Berpizkundea’ izeneko lana kaleratu zuten Chill Mafia taldekoek aurreko igandean, otsailaren 14an. 10 kantuz osatutako lana da eta digitalki entzungai daude plataforma digitaletan. Pixkanaka ari dira kantu bakoitzaren bideoklipak argitaratzen eta ‘31014’ da hirugarrena. Lehena, ‘Zure kebapa’, Tatxers taldekoekin elkarnanean; eta ondoren etorri zen lau haizetara zabaldu zen 'Gazte Arruntaren Koplak'. Xabier Leteren bertsoetan oinarritutako bideoklipak 165 mila ikustaldi baino gehiago izan ditu. Kantuak berehalako arrakasta izan zuen sare sozialetan eta zalaparta sortu zen Twitterren ere.