Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad
Elkarrizketa
Garikoitz Mendizabal
Txistularia

«Txistua duintzeko eta besteen pare jartzeko urrats dotore bat da»

Txistularia eta Euskadiko Orkestra ‘Gutizia’ proiektuan elkartu dira. Jatorri ezberdinetako egileek espreski idatzitako zortzi obrako disko bat da, txistuarentzako errepertorioa zabaltzea eta nazioartean hedapen nabarmenagoa lortzea xede duena.

Garikoitz Mendizabal, Orkestrarekin grabatzen. (Gorka RUBIO | FOKU)
Garikoitz Mendizabal, Orkestrarekin grabatzen. (Gorka RUBIO | FOKU)

Garikoitz Mendizabal (Zestoa, 1973) txistuaren interpretazio, defentsa eta sustapenean erreferente garrantzitsua da. Lan handia egin du musikagile garaikideekin errepertorio berriak jorratzeko. Bide horretan, nazioarteko musikarien interesa erakarri du, eta zailtasun handiko lan sinfonikoak eskaini dizkiote.

Joan den astean, Euskadiko Orkestrarekin batera txistu eta orkestrarako zortzi pieza grabatzen hasi zen, Miramonen. Udazkenerako kaleratzeko asmoa dute ‘Gutizia’ diskoa. «Ondo goaz, sentsazio oso-oso onarekin», adierazi dio GARAri elkarrizketaz elkarrizketa eman duen goiz batean. Txistuarentzako errepertorioa zabaltzea eta hala nazioartean hedapen nabarmenagoa lortzea dituzte helburu. CDan bakarrik ez, Spotify eta iTunesen ere aditzen ahalko da.

Zein da «Gutizia»-ren jatorria? ‘Txistu Symphonic’ proiektuaren jarraipena da?
Bai, noski. Hasiera ‘Txistu Symphonic’ izan zen, 2011n sortu zena eta 2012an grabatu genuena Bratislavako Orkestrarekin. Beti izan dut jomugan haren jarraipen bezala obra berriekin egindako CD bat. Horretan jarri naiz eta azkeneko sei-zazpi urteetan obra berriak prestatu eta eskatu ditut. Orain, zorionez, Euskadiko Orkestrarekin grabatzen ari naiz. Opari handi bat da. Bi helburu ditugu: errepertorioa handitzea eta, bestalde, hemendik aurrera aurkezpen gutun bezala txistuak nazioarteratzean ere aukera askoz zabalagoa izatea txistu eta orkestrarekin aritzeko.
Musika berria den neurrian txistu eta orkestrarako literatura areagotu eta aberasten du. Hori izan da, urte hauetan guztietan, zure saiakera ondorengo belaunaldiei begira.

Orain ni ari naiz bide honetaz gozatzen baina gero txistulari berri batzuk izango dira eta horiek ere izan behar dute aukera eta materiala beraien gozamenerako orkestrekin jarduteko.

Txistua duintzeko eta beste instrumentuen pare jartzeko helburua duzu, eta bide horretan disko hau urrats bat gehiago izanen da, ezta?
Urrats handi eta elegante bat. Gero, polita iruditu zait aukeratu dugun izenburua, ‘Gutizia’, barruan duelako guztion zapore ona, elegantzia, delicatessena… elkarrekin osatzen ari garen menu honetan.

Txistua eta orkestra, bide ezberdinetatik doazen bi mundu, elkartu dituzue era natural batean. Nola uztartzen dira?
Egia da bi mundu ezberdin direla, baina bideratu diren obra berri hauek egiten dute txistuak edukitzea bere nortasun propioa, baina beste instrumentu bat bezala, ez derrigorrez herri musikari lotuta. Horrek erraztu egiten du beste musikari bat izango banintz bezala sentitu eta interpretatzea.

Euskadiko Orkestrarentzat bi munduok uztartzea euskal kultura sustatzeko bokazioa jorratzea da, oraingoan nabarmen sustraitutako instrumentu baten bidez. Aurretik beste batzuk izan dira: txalaparta (Kalakan), gaita (Gaiteros de Elciego) eta trikitixa (Kepa Junkera), besteak beste.
Nik uste oso kriterio egokiarekin orkestrak badaukala borondate bat gure instrumentuekin lan berriak egiteko. Horregatik eskertu behar diot proiektu hau bere egitea, oso-oso inportantea delako txistuaren etorkizunerako. Orkestrari berari ere tokatzen zaiola uste dut, baina gauza bat da pentsatzea eta bestea egitea. Kasu honetan egitera goaz eta ilusio handiarekin ikusten dut orkestra bera ere.

Zortzi obra ditu diskoak, batzuk berriki idatziak, bertzeak bertsio berri gisa aurkeztuak. Historia eta motibazio ezberdinak dituzte. Kontatuizkidazu batzuk.
Egia da menua oso bariatua dela. Hasteko, badago ‘Leyenda’ edo ‘Kondaira’ izeneko obra bat, Eduardo Morenorena. Musika zinematografikoa da, deskriptiboa, oso melodia ederrekin, gizakiak bizi osoan bizitzen dituen emozioen erakustaldia egiten duena. Bada beste obra bat, Libanoko konpositore Naji Hakimek egindakoa, bertan aurkeztu genuena pasa den urtean, formaz klasikoa baina dantza batzuk dituena. Erdiko zatiak Gernika hileta martxaren oroitzapenetara eramaten gaitu. ‘Symphony-Concerto’ David Johnstone ingelesak egin du. Ganbara musika da, 27 minutuko obra ederra, sokekin bakarrik. ‘Karibu Peponi’ izenekoak, berriz, Karibeko eta Afrikako eragina du. Oso-oso bitxia da eta oso ondo idatzi du Javier Martinez Campos konpositore madrildarrak. Euskal Herriko bi abesti eder ere baditugu, ‘Iruten ari nuzu’ eta ‘Atzo ttun ttun’ herrikoiak. Horietan pianoan Amaia Zipitria (ikasketetan izan nuen pianojolea) eta abesten Naroa Intxausti sopranoa izango ditugu bidelagun, baita Donostiako Francisco Escudero Kontserbatorioko haur abesbatza ere, Eva Ugaldek zuzendua. Obra hauek nire txistu irakasle kuttun izan zen Kepa de Miguelen orkestrazioak dira. 25 urte eta gero nire irakasle izandako batek egindako lan bat grabatzera goazela ikustea oso hunkigarria da.

Kontserbatorioko ikasle zineneko garaietara bueltatu eta oroitzapen ederrak ekarriko dizkizute…
Bai, bai. Hala bizi ditut, emozioz beteta.

Nola aukeratu dituzu obra hauek?
Poliki-poliki irudikatzen joan naiz disko baterako zer behar genuen. Espreski proiektu honetarako egindako enkarguak dira. Alde batetik, egile bakoitzak idazteko dauzkan moduak, joerak bilatu ditut, gustatzen zaizkidan egileak direlako. Beste alde batetik, estilo aldetik anitza, oso desberdina izatea nahi nuen eta hori, besteak beste, ezaugarri ezberdineko egileekin lan eginda lortzen da. Gehiago joan naiz egile konkretu batzuengana eta haiekin ikusi dut gero zer eratako musika nahi nuen egitea. Neurrira egindako traje bat bezala da.

Aipatu dituzun kolaboratzaileez gain, zeintzuek gehiago parte hartu dute?
Euskadiko Orkestraren zuzendari elkartu Jaume Santonja izango da musika zuzendaria, eta Iñaki Telleria eta Marc Blanes ariko dira produkzio eta soinuan, Fernando Velazquezen ikuskaritzarekin. Ekipo perfektua! [barrez]. Nazioarteko Orpheus Classical diskoetxeak grabatuko du lana.

Erran daiteke proiektua zure webgunean azaldu eta jasotzen duzun ‘Garikoitz estiloa’-rekin lotuta doala? Harritu, hunkitu eta mugak gainditzearekin, alegia?
Bai, noski. Urteek ematen dizuten ziurtasun horrekin eta norberak interpretazioan sakondu eta gero, ondorio hauetara iritsi daitekela uste dut. Horregatik, nire webgunean nire estiloa badaukadala azaltzen dut. Arraroa egiten zait hori entzutea, baina bai, nire estiloa badaukat eta hunkitzen saiatzen naiz [irriz].

Ongi definitzen du egiten duzuna eta proiektuak helburuekin lotzen ditu. Adibidez, ‘Sosegua’ lana hunkitzeko xedearekin lotuta agertzen da.
Kasu honetan, ‘Gutizia’-n, hunkitzea baino erakustea da asmoa, erakustea zertarako gai den txistua. Orkestrarekin lasai, duintasun guztiarekin eta profesionaltasun handiarekin aritzeko aukera dugula azaldu nahi dugu.

Mugak gainditzea ere bada helburua, ezta?
Jakina. Hemen, Euskal Herrian, estatuan eta atzerrian jotzeko borondatearekin jaiotako lan bat da hau.

Hainbat herritako orkestrekin kolaboratu duzu. Nola hartu dituzte entzuleek proposamen horiek?
Atzerrian jo izan dudan bakoitzean harrituta, txundituta hartu dute, batzuetan shock egoeran gelditzeraino. Nola da posible hiru zulotako flautak horrelako emaitza profesionala izatea? Horrek asko betetzen nau. Gaur egun oso mundu globalizatuan bizi gara eta iruditzen zaigu klik egin eta dena jakingo dugula, baina txistulari bat musika ona eta kalitatezkoa egiten aurkezten zaienean... aizu! Eta gure instrumentua da! Kanpora agertu behar da enbaxadore gisa.

Maiz gertatzen den bezala agian kanpoan gehiago baloratuko dute etxean baino…
Ez nuke nire kasuan hainbeste esango. Hemen oso maitatua sentitzen naiz. Hala ere, egia da hain instrumentu ohikoa izan arren jende askok ez duela bene-benetan eman dezakeen guztia ezagutzen.