Taipei, tenplu, dorre eta geek artean
Duela ia pare bat hamarkada, harro zegoen munduko eraikinik altuena –Taipei 101 enblematikoa– eraiki izanaz, eta gaur egun, berriz, make eta geek-en paradisua izateagatik da erakargarri; beti, hala ere, antzinako eraikinak kontserbatuz.
Taiwan irlako hiriburuak beti jakin izan du milaka urteko kultura eta modernitate abangoardista uztartzen. Horregatik dira bizikide antzinako tenplu eta ohiturak, dorre modernoak eta geek-gune teknologiko aurreratuak Taipein.
Bitxia bada ere, bidaiari batzuek Taipei 101 aukeratzen dute abiapuntu gisa Taiwango hiriburua ezagutzeko. 2003an inauguratu zenean, munduko dorrerik altuena bihurtu zen. Eraikin enblematikoak, guztira, 106 solairu ditu; horietako 101, begibistan, eta gainerako bostak, berriz, lurpean. Hala ere, errekorrak zazpi urtez baino ez zuen iraun.
Hala eta guztiz ere, milaka eta milaka dira 89. pisuko behatokira igotzen direnak. Handik, hiriko skyline ikusgarriaz gozatu ondoren, kupulako masa motelgailu erraldoira hurbiltzen dira. Richter eskalan 7 gradu arteko lurrikarak jasateko diseinatutako 680 tonako altzairuzko bola da. Gainera, ez da denbora asko behar izaten igotzeko eta jaisteko, dorreak munduko igogailurik azkarrena duelako: 37 segundotan iristen da 89. pisura.
Hsingtian tenplua ere abiagune aproposa izan liteke hirira egokitzeko; batez ere, ibilbidea espiritu txarrak uxatuz hasi nahi dutenentzat. Tenplua, deabruen aurkako Guan Yu babesleari eskainia, hiriaren erdi-erdian dago, dragoiz zipriztindutako 7.000 metro koadroko zabalgunean.
Aukeratutako abiapuntua edozein izanda ere, Taipei ongi ezagutzeko ibilbide orok Taiwango Museo Nazionalean egin beharko luke geldialdia. Izan ere, munduko museo prestigiotsuenetakoa da, Txinako antzinako pieza eta artisautza bildumarik handiena biltzen baitu. Chiang Kai-shek-en oroimenari eskainitako museo-monumentuak ere eskaintzen ditu aldi baterako erakusketak. Txinako Errepublikako buruzagia izan zen, 1975ean hil zen arte.
Gaueko merkatuak, ezinbestekoak
Merkatuak ere ezin dira falta Taiwango edozein ibilbidetan, batez ere gaueko merkatuak. Shihlin da handiena eta jendetsuena. Lokal zalapartatsuz eta ehunka postu ibiltariz betetako hainbat kalez osatua dago. Oihu eta usain katalogaezinen artean, jendez betetako korridore estu artean, merkatuak janaria eta era guztietako artikuluak eskaintzen ditu.
Akaso, bisitari ausartenek –seguruenik, adoresuenek soilik– bertako gastronomia dastatzeko aukera paregabea aprobetxatuko dute bertan. Merkatura hurbildu aurretik, hala ere, komenigarria da jakitea niu rou mian –txahal-zopa tagliatellekin– dela Taiwango plater tipikoa. Sugeen haragia nahiago dutenek, ordea, Huaxi Streeteko merkatura hurbildu beharko lukete.
Teknologia eta diseinu topalekuak
Hori bai, ingeniaritza, teknologia eta diseinua gustuko dutenek derrigorrean bisitatu beharko lituzkete azken urteotan hirian nabarmen ugaritu diren 3D hub eta maker bar izeneko lokalak. Bertan diseinatzaile gazteak elkartzen dira; batetik, dibertitzeko eta denbora pasatzeko, eta, bestetik, era guztietako eguneroko objektuen prototipoak asmatzeko, diseinatzeko eta garatzeko.
Makers berri horiek honako beste topagune berezi hauetan ere elkartzen dira, besteak beste: Eslite Spectrum Songyan Store –Toyo Titoren kanpo-diseinu abangoardista duena–, Songshan Tobacco Factory –tabako-denda zaharberritua gazteen topagune bihurtutakoa– eta Guang Hua Digital Plaza –elektronika maite dutenentzat tentazioz jositako bost solairu dituen geek paradisua–.
Merkatu jendetsu eta kaotikoak bisitatu ondoren, gomendagarria da hiriko tenplurik interesgarrienetan zehar ibilaldi txiki bat egitea, erritmo geldoagoan, noski. Longshan eta Baoan aproposak izan daitezke. Azken horrek Unescoren aipamen berezia jaso zuen, oso ondo kontserbatuta dagoelako.
Eta gauean, agur gisa, batzuek Elephant Mountainera –hiriko punturik garaiena– igotzea erabakitzen dute, eta beste batzuk, aldiz, plaza edo parke batean lasai eseritzen dira, kasik gauero koreografiak estreinatzen dituzten taiwandarrak dantzan ikusteko. Nolanahi ere, adio esateko aukerak anitzak dira; norberak aukeratu beharko du egokiena.