Te Waiponamu, jadearen uretan barrena
Zeelanda Berriko hegoaldeko uhartea berezia zen maorientzat, hango erreka basatietako uretan lortzen baitzuten «pounamu»-a; alegia, jadea. Hortik izena, «wai» ura baita. Parke nazionalak ditu lau aldeetara. Natura bere osotasunean.
Te Waiponamu uharteak parke nazionalak ditu lau aldeetara, bakoitza bere berezitasun propioarekin; Alpeetako mendilerroko glaziarrak eta tontor garaiak, mendebaldeko kostaldeko hondartza basatiak eta hegoaldean fiordoetan nabigatzeko txokoak eskainiz.
Izakia txiki sentiarazten du uharte honek. Dena da alimalekoa. Munduarekin edota norberarekin adiskidetzeko parajeak nonahi. Jendearen presentzia nekez sumatzen da, uharterik handiena izan arren, biztanle gutxien dituena baita, klima aldakor, heze eta euritsuagatik. Balantzaren beste aldean, bakardadearen sentsazio ederrak sentiarazten ditu eta, Zeelandan endemikoak diren baso eta hegaztien babespean, bidaia naturalista bihurtu.
Te Waiponamu natur eta kultur balioengatik da ezaguna, natur balioak bistan dira; kultur balioa, berriz, maoriek pounamua eskuratzeko uharteko ibaietara egiten zituzten bidaien ondorioz jaso du. Harri preziatu honekin lepokoak eta amuletoak egiten zituzten, forma ezberdinek sinbologia ezberdina hartuz.
Familia maorietan sinbologia horren esanahiak bizirik dirau oraindik: naturako elementuen, pertsonaia mitologikoen edo lan tresnen forma ematen zitzaien lepokoei. Pounamuaren bila egindako bidaia hauek ere, kondaira askoren sorburu izan dira eta glaziarrek zein mendi tontorrek sakratu izaten jarraitzen dute maorien sinesmenetan.
Iparraldetik hegoalderaino luzatzen da Alpeetako mendilerroa eta honek orotara bereizten ditu Alpeen mendebaldeko eta ekialdeko isurialdeko klima, geologia eta landaretza. Mendebalde euritsuan hasiko dugu bidaia, baso tropikalak, kostalde basatia eta mendi garai elurtuak lagun ditugula. Eguraldia lotsagabe aldatzen da uhartearen alde honetan; udara betebetean egon arren neguko eguraldia egin dezake, edo lau urtaroak egun berean.
Aldakortasuna eguneroko ogia dute bertan bizi diren biztanle urriek. Kostalde honetan jendearen okupazioa XIX. mendean gertatu zen, ikatz eta urre meategiak aurkitzean. Ingalaterratik migrazio mugimendu handia egon zen meategietan lan egiteko asmoz eta gutxika azal zurien presentzia maoriena baino garrantzitsuago izan zen. Westport hiri berria da, Zeelanda berriko historia koloniala bezalaxe eta bertako itsasargitik bi kilometroko ibilbide ederra dago Taurangako badiaraino. Bidean foka kolonia bat ikusteko aukera ere bada.
Hegoaldea jomuga hartuta, Paparoa Parke Nazionaletik igaroko gara, batzuentzat kostaldeko errepiderik ederrenetakoa, eta, edertasuna subjektiboa bada ere, paisaia bikaina eskaintzen du errepideak. Gune honetan ikusiko ditugu lehen aldiz, Nikau palmondo basoak eta Pancake Rocks deritzan formazio geologiko berezia. Harrizko xafla meharrak, bata bestearen gainean dorre modukoak sortuz, itsasoko uraren eta haizearen erosioaren ondorioz. Geologia, arte bilakaturik.
Glaziarrek itsasoarekin bat
Paisaiari begiratu besterik ez dago eta geologiak berak azalduko digu, duela milaka urte, Alpeetan sortzen ziren glaziarrek itsasoa besarkatzen zutela. Egun, bailara zabalak ditugu herentzian eta erreka zabaletako ur emaria dugu oraindik historia geologiko horren testigu.
Tai Poutini parkean sartu gara, glaziarren lurrean. Franz Josef eta Fox glaziarrak dira bisitatuenak parke honetan, abiadura azkarregian txikiagotzen ari diren glaziarrak, itsasotik 30 kilometrora. Glaziarren sorburua, maorien kondairek diotenez, maitasun historien ondorioz sortutako galeren ondorio dira, izoztutako malkoak, alegia. Horien mingainera iristea txango oso erraza da; hain erraza, ezen urtean milaka bisitari jasotzen baitituzte. Beste aukera bat abioneta batean Alpeetako zeharkaldia egitea da eta txorien ikuspegitik naturaren edertasunaz gozatzea.
Fox Glacier herrian dago Matheson edo Te Ara Kairaumati aintzira, glaziarren atzeraldiaren ondorio, eta egun eguzkitsuetan eskaintzen duen ikuspegia ez da makala. Parez pare Aoraki-Mount Cook tontorra gailentzen da, Zeelandako tontorrik garaiena 3.724 metrorekin. Ur ilunek, ispilu baten gisara, Alpeetako tontorrak islatzen dituzte, magia bailitzan. Aintzira oinez inguratzea txango erraz eta atsegina da, basoko zuhaitz, garo eta goroldio espezie zabalaz gozatuz.
Wanaka aintzira
Glaziarrek ia itsasoarekin bat egiten duten lurra atzean utzi eta hegoaldea jomuga dugula, Haasteko mendatea zeharkatuko dugu eta norabideak Alpeen ekialdeko isurialdera eramango gaitu. Paisaia pixkanaka-pixkanaka aldatuz joango da, orain arte bidelagun izan dugun baso tropikal endemikoa (rimua, kaponga, totatara, pagoa, nikau palmondoa...) tupustean aldatuko da eta lur soilagoetarako eremura pasatuko gara. Ekialdeko isurialdea lehorragoa izaki, glaziarrak ere lehenago urtu ziren eta demaseko aintziren parajea da egun. Wanaka da horietako bat, izen bereko herrixka uren ertzean dagoelarik.
Parean, Aspiring Parke Nazionala eta bere gailur elurtuak, ia-ia desagertzear dauden glaziarren arrastoak zintzilik bada ere oraindik gordez. Wanakaren inguruak txangoak egiteko leku paregabeak dira; Matukitukitu bailara zoragarria da horretarako. Animalia etxalde batzuk bidelagun ditugula, harrizko pista batean ia 40 kilometro egin ondoren iristen da amaierara. Bertatik, Rob Roy glaziarra –ia zintzilik dagoena, azken elurrak gordez– ikus daiteke, pago eta garo espezie ezberdinen bideari ekinda.
Arrowtown herrian geldialdia egitea ere ezinbestekoa izango da; historikoa izango da, gainera. XIX. mendeko urrearen sukarraren lekuko izan zen. Usteak erdia ustel izan ziren, ordea, Zeelandako biltzaileen historian, uste zena baino urre gutxiago baitzegoen eta nahi zena baino biltzaile gehiago. Arrowtownek jakin du garai hartako arkitekturari probetxua ateratzen eta herriak zinema estudio bat dirudi. Zeelanda Berriko historia arkitektonikoaz gozatzeko parada izango da hau.
Aintziren lurrean gaudenez, Wakatipuko urak ukitzeko irrikan, Queenstown herrira joango gara. Zeelandako herririk modakoena, gazte ugari erakartzen dituena, neguan elurraren inguruko kirolak egitera, udan berriz mendiaz eta aintziraz gozatzera. Abentura kirolen erreinua dela diote beraiek, betiere poltsikoak ongi beteta edukiz gero. Bada, ordea, sosik ordaindu gabe ere gozatzeko modua; lorategi botanikoa bisitatzea guztiz gomendagarria da eta aintzirako uretan bainatzea guztiz freskagarria.
Te Anau. Fiordland Parke Nazionalaren sarreran
Hegoaldeko uharteko aintzirarik handiena ere ezagutu beharrekoa da, Te Anau. Fiordland Parke Nazionalaren sarreran dago lakutzarra, izen bereko herriaren zaindari, mendiz eta pago basoz inguraturiko mantu berdea uretaraino iristen dela. Te Anauk baditu berezitasunak eta horietako bat uren erdian dauden kobazulo batzuk bisitatzea da. Txalupa batean hurbilduko gara haraino, maoriek 1948an abenturazale zuriei erakutsitako kobazuloaren sekretuak ezagutzeko asmoz.
Kareharrizko kobazulo sakoneko horma eta sabaietan argi distira sortzen duen fungus gnat eltxoa bizi da; kobazuloa dute habitat bakarra eta pulpa eta larba diren bitartean sabaian zintzilik egoten dira argi distira sortuz, eta eltxo bihurtzean bi eguneko bizia izaten dute, ugaltzeko tartea ematen diena. Kobazuloan txangoa egitea gau izartsu batean zerua parez pare edukitzea bezalakoa da, magia lurraren erraietan. Desagertzeko bidean dauden hegazti endemikoak ikusteko aukera ere ematen du herrian dagoen hegaztien santutegiak, bertan Fiordlandeko lurretan ustez desagertutzat jo zen Takahe espeziea berreskuratzeko lanetan dihardute. Hegan egiten ez duen 5-8 kiloko hegazti lumaurdin eta mokogorri ederra da Takahea.
Te Anau munduaren amaieran dagoela dirudi, menditzarrek muga egiten dute eta bidaiariak mendien bestaldean fiordoak eta itsasoa imajinatu behar ditu. Milford Sound edo Piopiotahi da fiordo bisitatuena; bertaraino iristeko Te Anautik 120 kilometro egin behar dira; baso, bailara, glaziar, erreka, ur jauzi eta mendi garaien artean, bidea bera ikuskizun handia bihurtzen da. Fiordoan nabigatzea ere esperientzia ederra da, 15 kilometroko luzera duen mendiarte estuan itsasoa besarkatu arte. Parke nazionalik basatiena da, dudarik gabe; urak landutako paisaiaren formak begi-ninien angelu guztietan iltzatzen dira.
Sosegua eta bakea dario Te Waiponamuri, bai egun eguzkitsuetan bai lainopeko egun misteriotsu horietako batean. Uharteak horixe baitu eskaintzeko, naturako elementu guztien sorta.