Donostia Kulturak Amaia Zubiriari emango dio 2021eko Adarra Saria. Abeslariak ekainaren 21ean, Musikaren Europako Egunean, Victoria Eugenia Antzokiko oholtzan jasoko du sariaren garaikurra, Eneko Goia Donostiako alkatearen eskutik. Aholku Batzordeak aho batez erabaki du aurtengo Adarra Saria Amaia Zubiria kantariari ematea.
Amaia Zubiria euskal musikaren ordezkari garrantzitsuenetakoa da. 1970eko hamarkadan hasi eta gaur egunera arte luzatzen den ibilbidean, «aparteko gaitasuna» duen interprete eta musikagilea dela utzi du agerian eta funtsezko eragina izan du haren ondorengo euskal musikarien belaunaldietan, Donostia Kulturak nabarmendu duenez.
Kantu tradizionalen gaurkotzaile gisa egindako lanak eta euskal zinemaren puntako soinu-bandetan izandako lankidetzak haren lan artistikoaren garrantziaren neurria ematen dituzte.
Halaxe adierazi du Zubiriak Adarra Saria jasotzeak eragin dionaz: «Bizitza asko izan ditut. Eta horietako bakoitza zirkulu bat bezala ikusten dut. Aurrekoa itxi arte ez nintzateke erabat sartuko hurrengoan. Balego. Gainera uztai bat ixterakoan beti xirrikitu bat uzten saiatzen naiz, batek daki. Adarra Saria horrela bizi dut, musikarekiko dudan zirkulu honen amaiera bezala. Hurrengoaren hasiera, agian».
Amaia Zubiriak kontzertua eskainiko du ekainaren 21ean Victoria Eugenian musikari talde zabalaz inguratuta: Pascal Gaigne, Karlos Gimenez, Angel Unzu, Iñaki Salvador, Aitor Furundarena, Ritxi Salaberria, Gonzalo Tejada, Luis Camino, Manu Gaigne... Hainbat kolaborazio ere izango dira: Maider Ansa, Jaione Olazabal, Matixa Otero, Francisco Herrero, Ainara Ortega, bere seme Edorta Amurua Zubiria eta Jon Maia bertsolaria tarteko.
Kontzerturako sarrerak gaur jarri dira salgai, 20 euroan, Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan edota Donostia Kultura webgunean. Lau sarrera erosi ahal izango dira gehienez pertsonako.
Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak 2014an sortu zuen Adarra Saria, euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bati, urtero, omen egiteko. Orain arte Mikel Laboak, Ruper Ordorikak, Benito Lertxundik, Fermin Muguruzak, Anarik, Berri Txarrak taldeak eta Kepa Junkerak jaso dute saria.