«Lehen edizioan lortu genuen publikoa kultur eredu ez-masibo eta deszentralizatu batera erakartzea. Hiri eta populazio gune nagusietatik atera, eta mendia eta musika konbinatuz, kalitatezko kultur proposamena Euskal Herriko landa eremuetara eramatea. 2021an berriz ere, kulturaz gozatzeko beste mota bateko ereduak posible direla baieztatu nahi dugu». Asmo sendo horiekin, eta euren helburuak bete daitezkeenaren ziurtasunarekin, abiatuko da Urmuga, natura eta kultura batzen dituen jaialdia.
Iazko edizioaren arrakastarekin indarberrituta, eta mendi ibilaldi musikatuen formatuari lotuta, proposamen sorta berria dakarte antolatzaileek. Uztailaren 13an hasi eta 31n amaituta, Euskal Herria mendebaldetik ekialdera zeharkatzera gonbidatzen dituzte mendizale zein musikazaleak, natura eta gizartearen arteko harremanetan sakondu eta hartu-eman horren onurez, eta beharraz, jabetzeko.
«Garobel Mendilerrotik Auñamendietako Hiru Erregeen Mahairaino, Urmugak Euskal Herria josten du. Gailurrik gailur, errekaz erreka, zuhaitzez zuhaitz, Urmuga jostura luze bat da gure geografian eta gure herri izaeran», nabarmendu dute, eta bigarren edizio honetan ertz luzearen oinezko zeharraldia 19 egunetarako antolatu dutela iragarri dute: «Angulo portutik Hiru Erregeen Mahairaino, espedizioan mendizaleak eta musikariak bat eginik. Bertako gailur, leku eta herri esanguratsuenetara musika eraman eta Urmugaren inguruko pertsonak eta herriak elkarrekin harremanetan jarriko ditugu». Tologorri, Gorbeia, Anboto, Aketegi, Lindus, Saioa, Okabe, Orhi eta Auñamendi zeharkatuko dituzte ibilbidean zehar eta egunaren arabera 5 eta 11 ordu bitarteko mendi ibilbidea dute zehaztua. Proposamen horietan, norberak topa dezake bere neurriko txangoa.
Kontzertuak
Jaialdiak iraungo dituen hemeretzi egun horietarako formatu handiko sei kontzertu eta formatu apalagoko beste sei antolatu dituzte. «Urmugatik pasatuko dira bigarren aldiz Euskal Herri osoko musikagintzan erreferente diren izen ugari. Estilo, belaunaldi eta kantaera desberdinak bilduko ditugu eta, gainera, formatu eta espazio ezohiko batean. Naturan eta orkestra batez lagundurik», zehaztu dute.
Zehazki, iaz bezala, Et Incarnatus Orkestra izango dute lagun jaialdian parte hartuko duten musikari eta abeslariek. Oraindik programazioa itxita ez badago ere, Dupla, Gorka eta Nerea Urbizu, Alex Sardui, Olatz Salvador, Nøgen, Anari, Chill Mafia, Niko Etxart, Juantxo Arakama ‘Glaukoma’ eta Idoia Asurmendik parte hartuko dutela aurreratu dute, eta kontzertuak Tologorrin (uztailak 13), Abadiñon (15), Diman (16), Aramaion (17), Urbian (18 goizean), Oñatin (18 arratsaldean), Zegaman (19), Aizpearron (21), Andoainen (23), Baigorrin (25), Iratiko Oihanean (27), Larrainen (28), Orhin (29), Zaraitzun (29) eta Izaban (31) izango direla ere zehaztu dute.
«Urmuga kontzertuetara denetariko jendea hurbildu daiteke. Mendizale nahiz musikazale. Dela mendi buelta bat emateagatik, dela haurrak eremu garbi batera eramateagatik, dela musikaz gozatzeagatik... izan Urmugalagun!», egin dute gonbidapena.