Nagore Belastegi

Half Dome, eskalatzaileen ametsa

Yosemite AEBko parke nazionalen artean ospetsuenetakoa da, Yellowstonekin batera. Mundu osoko eskalatzaileen amets bihurtu da. Haientzat paretarik erakargarriena El Capitan bada ere, parkeko irudia Half Dome da. Merchandising guztietan ikus daiteke kupula erdiaren forma duen mendiaren silueta.

Half Domeren silueta.
Half Domeren silueta.

Tontor ikoniko horrek badauka interes berezia eskalatzaileentzat, mendizaleentzat zein txangozaleentzat. Era berean, ohiko turistentzat ere deigarria da eta ez da egongo bakar bat ere parkean Half Dome-ren argazkirik ateratzen ez duenik. Puntu desberdinetatik ikus daiteke mendia, baina ospetsuena Glacier Point da. Oinez igo daiteke Four Mile Trail delakoari jarraituz, baina autoz igotzeko aukera ere badago. Jende ugari iluntzean gerturatzen da, eta ez dugu ukatuko une ederra dela mendi puntak ikusteko, baina aukeran, hobe da goizean zehar igotzea Glacier Pointera. Zergatik? Alde batetik, jende gutxiago dagoelako eta lekuaz gehiago gozatzeko aukera dagoelako. Bestetik, eguzkiak mendiaren atzealdean joten duelako eta, beraz, aurreko paretan kontraste izugarriak sortzen direlako, argazkiak ateratzeko aproposagoa.

Parke honetara joaten diren turisten gehiengoak pare bat egun ematen ditu soilik eta puntu ospetsuak ezagutzera joaten da zuzenean. Horietako bat da aipatutako Glacier Point. Baina parkeak askoz gehiago eskaintzen du eta egun gehiago igaro ostean, merezi du txangoren bat egitea. Turismo bulegoan oso ondo azaldutako mapak eskaintzen dituzte eta bertan agertzen dira egin daitezkeen paseoak, batzuk laburragoak eta beste batzuk luze eta zailagoak. Zailen artean kokatzen da Mist Trail, Half Domeren gailurrera eramaten gaituena. Bakoitzak erabakitzen du, noski, noraino ibili nahi duen. Bidea bera atsegina denez eta bi ur-jauzietara gerturatzen gaituenez, jende askok egiten du Mist Trail erdia.

Parkeko ikurrera igo nahi dutenek, ordea, 10-15 ordu beharko dituzte (joan eta etorri). Honetarako ere aukera desberdinak daude; azken zatia oinez edo eskalatzen egitea. Mist Trail bidea Half Dome Village ostatuaren ondoan hasten da. Bertan aparkaleku bat dago eta egunean zehar autoa bertan uzteko arazorik ez dago, baina debekatuta dago gauez aparkatzea. Hala ere, goizaldean gerturatuz gero ranger-ek ez dute isunik jartzen, badakitelako Mist Trail osoa egiteko denbora asko behar dela eta, hortaz, beharrezkoa dela oinez oso goiz hastea. Izan ere, komenigarria da egunsentia baino lehenago martxan abiatzea. Bide osoa egin nahi ez dutenek agian nahiago izango dute autobusez gerturatzea (7.00etan hasten da zerbitzua).

Lehen zatia erraza da, maldarik gabeko bide zabal batetik. Ondoren malda pixka bat hasten da Vernall ur-jauzira iritsi arte. Bertan iturri bat dago eta udan ura har daiteke. Botilak betetzeko azken aukera dugu honakoa. Esan beharrik ez da ezinbestekoa dela nahikoa ur eramatea, baita oinetako egokiak ere. Pixkanaka bidea zailtzen hasiko da puntu horretatik aurrera. Ibaiaren ondotik doa bidea, eguna argitzen doan heinean paisaia gero eta harrigarriagoa bilakatuz. Zubi txiki baten bidez Merced ibaia zeharkatu ostean, sigi-saga, gorantz joanez, Nevada ur-jauzia utziko dugu eskuinean.

Benetako erronka

Aurrerago amaitzen da txango arrunta eta benetako erronka hasten da. Liberty Cap mendiaren itzaletik jarraituz, Little Yosemite Valley zeharkatu behar da, maldarik gabeko gune bakarti bat. Laster aurkituko dugu kanpaleku bat. Ez da kontrolatutako kanpaleku arrunta, bertan gaua igaro nahi duten mendizaleentzako gune bat baizik. Erreferentzia bezala hartuta, azken txanpari ekingo diogu. Puntu honetan egin behar dugu hautua. Eskalatzen igo nahi badugu, bide bazterrean mugarri bat dago, pinaburu erraldoiak ematen dituzten pinuen artean garamatzan bide bat markatuz. Basoa zeharkatzean, Half Dome izango dugu parean.

Oinez igo nahi badugu, berriz, baimen bat derrigorrezkoa da. Mendiak malda gutxien duen aldetik igo ahal izateko kable batzuk jartzen dituzte, baina jende gehiegi gerturatzen zenez, baimenak zozketa bidez banatzen hasi ziren duela urte gutxi. Gehienez 300 mendizaleri ematen diete baimena egun bakoitzeko. Zozketan parte hartzeko Recreation.gov webgunean izena eman behar da. Baimenik ez duenari bidea moztuko diote Little Yosemite Valley-n. Baimena duenari, ordea, gomazko eskuzorroak utziko dizkiote kableei errazago eusteko.

Bide hori oso bertikala denez, gomendagarria da poliki igotzea eta bidetik ez ateratzea. Webgunean zehaztu ez arren, arnes bat eramatea ere lagungarria litzateke kableetatik zintzilikatzeko eta seguruago sentitzeko. Bide arriskutsua dela badirudi ere, gertatu izan diren istripuak arduragabekeriarengatik izan dira: bidetik ateratzeagatik, ekaitza zegoenean igotzen saiatzeagatik, neguan kableak kentzen dituztenean igotzeagatik...

Kableetatik jaisteko ez da baimenik behar, beraz, mendia eskalatzen igotzen dutenak gero oinez jaits daitezke. Esan bezala, eskalatzaileak basotik ateratzen eta mendiaren azpian utzi ditugu. Pareta ertzetik abiatu behar da, kontu handiz, ‘Snake Dike’ marra parez pare izan arte. Ez da mendian dagoen marra bakarra, baina Half Dome-ren hego-mendebaldeko 250 metroak igotzeko lerrorik errazena da (5.7 edo 5a gradua dauka) eta baita ospetsuena ere. Hasiera zailagoa dauka, adherentziazko luze batzuk dituelako, baina bideari izena ematen dion «sugea» (snake) harrapatzean, alegia, pareta bertikalean zeharkatzen duen txorrerara iristean, dexente errazten da lana.

Amaieran bertikaltasuna galdu egiten da eta oinez igo daitekeen malda bilakatzen da. Bide hau eskalatzeko friendsak eraman behar dira zuloetan sokari eusteko zintak sartu ahal izateko. Hala ere, zinta bat eta bestearen arteko distantzia oso handia izan daiteke, beraz, lerro erraza izan arren, hasiberrientzat ez da egokia.

Tontorrean eskalatzaileek eta mendizaleek bat egiten dute. Denek elkarbanatu ohi dute ilusioa eta poza, ordu luzez ibili ostean helmugara iritsi direlako. 2.693 metrora, 1.400 metroko desnibela gainditu ostean, edonoren eskura ez dauden Sierra Nevada mendien bista paregabeak dira saria. Baina indarrak gorde itzulerarako, oraindik atzera itzuli behar baikara.

Historia egin dute

2015eko maiatzean zendu zen Dean Potter eskalatzaile ospetsuak, istripuan hil baino egun batzuk lehenago, Half Dome igotzeko errekorra hautsi zuen. ‘Snake Dike’ bidetik igoz eta hainbat bidezidor hartuz, 2 ordu, 17 minutu eta 57 segundoan egin zuen joan-etorria. Horretarako, hainbatetan egin zuen txangoa eta puntatik salto egiten zuen bere wingsuit-arekin (urtxintxa hegalariak bezala planeatzeko jantzi berezia). Konturatu zen inolako pisurik gabe joaten bazen, posible zuela munduko azkarrena izatea lortzea. Hala, urik gabe, zapatila arruntekin eta sokarik gabe abiatu zen, eta korrika igo eta korrika jaitsi zuen. Astebete geroago Yosemiteko beste tontor batetik salto egitean istripua izan zuen Graham Hunt lagunarekin batera, eta biak hil ziren.

Dean Potter izan zen Yosemite eskalatzaileen artean hain ospetsu egiten lagundu zuen kirolarietako bat, nahiz eta berak lortzen zuen adrenalina puntua ez zen denen gustukoa. Bera bezalako beste izen askok egin zuten Yosemite handi. Garai bateko Lynn Hill, Yvon Chouinard eta John Long, edo egun ospea duen Alex Honnold, esaterako. Royal Robbins entzutetsuak Half Domeri indarra eman zendiaren alderik bertikalena eskalatzea ahalbidetzen du. Duela bi urte, ordea, lur-jausi bat egon zen eta lerroaren parte bat sunetan berriro luze guztiak lotzea lortu zuten, garai bateko kirol eskaladaren sortzaileen omenez.