NAIZ
Bilbo

‘Egunero’, Gatiburen bideoklip berria

«Egunero hiltzen gara eta egunero jaiotzen gara», diote Gatibu taldekoek. Gizakion transformazioari buruzko kantua da ‘Egunero’, hain justu orain bideklipa bezala kaleratu dutena. ‘Musikak salbatuko gaitu’ lanaren barnean kokatzen da.

Bi hamarkada luze bete zituztenean oholtzaren gainean, konfinamenduak errepidetik atera eta etxean sartu zituen. Handik atera zen Gatibu taldearen ‘Musikak salbatuko gaitu’ lan biribila.

Mezu zuzenak, errealitatearen isla direnak eta ahalik eta modu baikorrenean biltzen ditu beren azken lan honek. Haimar Arejitak NAIZ Irratiko MusikHaria saioan aipatu zuen bezala, kulturak bizi duen egoeraren argazkiarekin ematen dio hasiera lanari. Hain zuzen, diskoari izena ematen dion ‘Musikak salbatuko gaitu’ kanta da.

‘Zure bila’, ‘Egurre emon’ eta ‘Zure ahoan lore bat’ diskoekin batera, orain bideoklipa propioarekin kaleratu duten ‘Egunero’ abestia aurkitu daiteke. «Egunero hiltzen gara eta egunero jaiotzen gara. Gizakion transformazio pertsonalari buruzko kantua da ’Egunero’», gernikarren esanetan. «Atzo izan ginena ez da zertan izan behar gure gaurko etiketa, aldatzeko eskubidea eta pertsona berriak izateko aukera daukagu. Korapiloak askatu, iragana barkatu, oraina onartu eta bizi geroari kasu larregi egin gabe».

2020an ospatu ezin izan zuten 20. urteurreneko kontzertua, azkenean azaroaren 13an finkatu da. Miribillan izango da eta sarrerak salgai daude taldearen web orrialdean. Larunbat honetan bertan Gasteizko Iradier Arenan eskainiko dute kontzertua.