Iñigo Esnaola Arbizak euskarazko sukaldaritzaren inguruko Wikiliburu bat sortu du. 600 errezeta baino gehiago, kozinatzeko teknikak, truko eta aholkuak, hiztegia eta sukaldaritzaren historia jasotzen ditu liburu honek. Wikiliburua den heinean modu askean eskura daiteke bertako informazioa eta elkarlanaren bidez ere molda daiteke.
18 urterekin bukatu zituen sukaldaritza ikasketak eta geroztik kozinatzen eta eskolak ematen aritu da, baina hasieratik izan du euskaraz sukaldaritzaren inguruan idazteko nahia. Lan horri ekiteko momentu aproposik aurkitu ez eta urteak pasa ditu beste proiektu batzuetan murgilduta. «Xelebrea da urte asko pasata ere euskaraz ez dagoela idatzita behar lukeen adina» esan digu, are gehiago Euskal Herrian dagoen sukaldaritza mailari erreparatuz gero.
Beraz, konfinamendua tarteko, denbora hartu eta lanari ekin zion, zehazki zer egingo zuen jakin gabe. Poliki-poliki edukiak egituratu eta hainbat lagunen laguntzarekin Wikiliburua izan da lan honen emaitza. Oraindik sarera txertaketa prozesuan dago, baina eduki asko dagoeneko eskuragarri dago. Argazkien beharra duela adierazi du, jendeak egiten edo jatetxetan jaten dituen platerak eskatu ditu Wikiliburua osatu ahal izateko.
Prozesuaz, ideiaz eta ikusten ez den lanaz hitz egin digu Iñigok Bigarren Kafean.