NAIZ

Digitalizazio industrialeko profesionalak prestatuko dituzte IIOT Elgoibarko zentro berrian

IMH Fabrikazio Aurreratuaren eta Digitalaren Campusak eta Ikusi negozioen eraldaketa digitalizatuan espezializatutako enpresak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute digitalizazio industrialeko prestakuntza zentro bat sortzeko. Urtero 200 ikasletik gora trebatuko dituzte gauzen internet industrialean.

Ixaka Egurbide IMHko zuzendari kudeatzailea eta Quique Candorcio Ikusiren Digitalizazio Unitateko zuzendaria, zentro berriaren aurkezpenean.
Ixaka Egurbide IMHko zuzendari kudeatzailea eta Quique Candorcio Ikusiren Digitalizazio Unitateko zuzendaria, zentro berriaren aurkezpenean.

IIOT Elgoibarren irekiko den Gaitasunen Zentro berriak gauzen internet industrialean aritzeko profesionalak prestatuko ditu. Eta enpresetan produkzio prozesuak hobetzea ere bultzatuko du. Enpresek test praktikoak egin ahal izango dituzte benetako industria ingurune batean. Horri esker, segurtasunez digitalizatuko dira, eta une oro egiaztatuko dute zer onura lor ditzaketen tresna digital horiek aplikatuta.

Bestalde, zentroak eragin zuzena izango du IMH Fabrikazio Aurreratuaren eta Digitalaren Campuseko ikasleen prestakuntzan. Urtean 200 ikasle baino gehiago hartzea espero dute.

Zentro berria Elgoibarko IMHren Fabrika Digitalaren instalazioetan egongo da, eta Ikusi enpresak Thingworx plataforma ezarriko du bertan. Tresna berritzailea da Thingworx, PTC multinazionalak garatua. Adimen artifiziala erabiltzen du fabrikazioaren, zerbitzuen eta ingeniaritzaren erabileraren hainbat kasu probatzeko, hala nola makinen urruneko ikuskapena eta mantenua eta aktiboen hobekuntza.

Thingworxek benetako ingurune batean probak egiteko aukera ematen du eta, aldi berean, proiektu pilotuak enpresa irtenbide zehatz bihurtzea posible egiten du.

Prestatutako langileak aurkitzeko zailtasunak

Ixaka Egurbide IMHko zuzendari kudeatzaileak eta Quique Candorcio Ikusiren Digitalizazio Unitateko zuzendariak zentro berriaren aurkezpenean nabarmendu dutenez, bi erakundeen arteko lankidetza estuan pauso bat gehiago emango dute zentro berri hau irekiz.

Josep Ortega PTCko zuzendari komertzialak, aldiz, proiektuak talentua erakartzeko egindako ekarpena azpimarratu du: «Gauzen internetekin lotutako teknologiak industriara gehitzen ari dira eta, askotan, zaila izaten da langile kualifikatuak aurkitzea teknologiok erabiltzeko. Halako ekimenek balio handia du, behar hori zuzenean asetzen dutelako».