Osagaiak 6 lagunentzat
Orea: 250 g irin, 125 g gurin, 100 g gazta birrindu, gatz pixka bat. Betegarria: 500 g barrengorri, tipulina bat, 100 g Cheddar birrindu, 100 g Emmental birrindu, 50 g sesamo hazi, 200ml esne-.gain, 125 ml esne, 3 arrautza, gatza, piperbeltz zuria. Saltsa: tipula eta piper berde erdia, baratxuri ale bat, 3 tomate, olioa, gatza.
Zailtasuna 3
Orea:
1. Irina mahai gainean jarri eta erdian zulo bat egin.
2. Erdian beste osagaiak jarri. Nahasi irina beste gai guztiak irensteko moduan, guztiak bereganatu arte.
3. Tapatu eta hozkailuan ordu betez beratzen utzi.
4. Tarta molde baxu bat gurinez igurtzi. Arrabola batekin orea zabaldu eta moldea bete. Labe beroan sartu, 190ºC-an, 10 minutuz.
Betegarria:
1. Txikitutako tipulina olio pixka batekin erregosi, su eztitan.
2. Barrengorriak garbitu eta txikitu. Tipulari gehitu eta erregosi.
3. Ontzi batean esnea, esne-gaina eta arrautzak jarri eta irabiagailuarekin nahasi. Barrengorriak eta gaztak gehitu eta behar adina gatz eta piperbeltz zuri bota. Moldean jarri eta sesamoa bota.
4. Labe beroan sartu, 190ºC-an, 20-25 minutuz edo. Atera, zatitu eta epela jan.
Saltsa bero honekin lagundu:
1. Zerrendatan moztutako barazkiak olio pixka batekin erregosi.
2. Tomateak gehitu eta erregosi.
3. Irabiagailuarekin nahasi eta txanotik pasatu.