Euskal Encounter informatika topaketa Barakaldoko BECen egingo da berriro, uztailaren 22tik 25era. 29.a edizio berezia izango da, parte-hartzea «nabarmen mugatua» izango baita covid-19aren aurkako segurtasun neurriak zorrotz bete ahal izateko, pasa den urtean 28. edizioa sarean ospatu ondoren, osasun egoera dela eta.
Euskaltel Fundazioak antolatu eta Lakuako Gobernuak SPRIren bitartez eta Euskaltelek babestutako bilkurak sormen digitalarekin, hardwarearekin, software librearekin eta bideo jokoekin lotutako dozenaka jarduera eta lehiaketa eskainiko ditu, eta ikaskuntza nahiz ezagutza trukea sustatuko ditu parte-hartzaileen artean.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, ‘Opengune’ publikoari irekitako stand eta hitzaldien atala sarean egingo da, eta gai espezifikoei zein interes orokorrekoei buruzko hitzaldiak eta doako lantegiak izango dira.
Hitzaldi horietako asko zuzenean jarraitzeko aukera izango du interesa duen edonork, bai Discord plataformaren bai YouTubeko kanalaren bitartez, eta gai anitz izango dira aztergai, besteak beste, bideojokoen diseinatzailearen rola eta sektore horretan ekintzaile izateko gakoak, kriptotxanponen munduan sortzen ari diren iruzur motak, adimen artifizialaren aplikazioak eta zibersegurtasuna hainbat arlotan.
Topaketaren jarduera gehienak Encounter TV programan eman eta komentatuko dira, eta azken albisteak jarraitu nahi dituen edonork saioa streaming bidez jarraitzeko aukera izango du Twitch plataformaren bidez.
Euskal Encounter da Euskaltel Fundazioak antolatzen duen Encounter sarearen urteko ekimen nagusia, eta bere xedea da pertsonen, enpresen eta egitasmoen arteko loturak sortu eta bultzatzea, IKTen testuinguruan.