NAIZ

Maratoi bana egingo dute Bilboko hiru eraikin ospetsu inguratuz, minbizia duten haurren alde

Ostiral, larunbat eta igande honetan hiru maratoi egingo dira Bilboko hiru eraikin ospetsuren inguruan: San Mames, Begoñako Basilika eta Arriaga Antzokia. Edu Zapata Deustuko atletak korrituko ditu hirurak, Aspanovas minbizia duten haurren gurasoen elkarteko ospitaleko laguntza programa babesteko.

Edu Zapata atleta deustuarrak korrituko ditu hiru maratoiak, «aspanotxuen» bizi kalitatea hobetzen laguntzeko. (ASPANOVAS ELKARTEA)
Edu Zapata atleta deustuarrak korrituko ditu hiru maratoiak, «aspanotxuen» bizi kalitatea hobetzen laguntzeko. (ASPANOVAS ELKARTEA)

Ostiral honetan hasiko da ‘Bilbao 360º Aspanotxus’ elkartasun erronka, Aspanovas minbizia duten haur eta nerabeen gurasoen elkartearen ospitaleko laguntza programa babesteko. Edu Zapata Deustuko atletak Bilboko hiru eraikin entzutetsu inguratuko ditu, hiru egunez jarraian hiru maratoi korrituz. Lehena San Mames estadioan izango da, bigarrena Begoñako Basilikan eta hirugarrena Arriaga Antzokian.

Aspanovas minbizia duten haurren gurasoen elkarteak eta Edu Zapata Deustuko atletak hasiko dute aurreneko maratoia, ostiral arratsaldeko sei eta erdietan, San Mamesen barruan, Pichichiren bustoaren aurrean. Mikel Martinez Athletic Clubeko presidenteordeak ere elkartasun erronkaren inaugurazio ekitaldian parte hartuko du.

Zapatak, minbizia gainditu duten bi haurrekin batera, banda guztia korrituko du kornerrera arte. Han, Andoni Goikoetxea eta Eli Ibarrak Aspanotxu sinboliko bat jasoko dute umeen eskutik, Aspanovas elkartearen panpina.

Estadioaren irteerako tuneletatik segituko dute. D atean, Aspanovaseko familiak batuko zaizkie, San Mamesi itzuli bat emateko. Katedralaren inguruko maratoia osatzeko, atletak 52 buelta emango dizkio 813 metroko perimetroari.

Begoñako Basilikan eta Arriaga Antzokian

Larunbatean, 14.30ean, bigarren maratoia egingo du, Begoñako Basilikaren inguruan. Amatxuren aldaretik aterako da Edu Zapata eta Joseba Segura Bilboko gotzainak berak emango dio hasiera maratoiari. 302 perimetroko basilikari 140 buelta emango dizkio atletak. Alde batean itzuliko 22 eskailera daudenez, 3.080 eskailera pasatuko ditu proba osoan.

Igandean, 12.00etan, hirugarren eta azken maratoia egingo du Edu Zapatak, Arriaga Antzokiaren 350 metroko perimetroari 121 itzuli emanez.  

Aspanovasen ospitaleko laguntzako programara bideratuko da bildutako diru guztia. Programa horrek minbizia duten haur eta nerabeen eta euren familien bizi kalitatea hobetzea du xede. Crowfunding kanpaina bat abiatu dute, esteka honetan: https://labur.eus/info360. Erronkak beste helburu bat ere badu: haur minbizia ikusarazi eta honen inguruan jendartea sentsibilizatzea, «covid-19ak ikusezin egin duelako». Laguntza sare bat eratzeko jendea inplikatzea ere bilatzen du.