NAIZ

Egitarau oparoa Astigarragako Sagardoetxearen 15. urteurrena ospatzeko

15 urte ospatuko ditu aurten Astigarragan dagoen Sagardoetxeak eta jarduera ugari antolatu dira herritarrek sagardoaren kulturaz eta sagardogintzako kultur ondarez gozatzeko.

Erakundeetako ordezkariak Sagardoetxean izan dira asteazken honetan. (Gorka RUBIO/FOKU)
Erakundeetako ordezkariak Sagardoetxean izan dira asteazken honetan. (Gorka RUBIO/FOKU)

Sagardoetxea Museoa sagardoaren kultura mantendu nahiz sustatzeko lanetan aritu da 2006ko irailean bere ateak ireki zituenetik. Hala, 2021ean 15 urte ospatuko ditu Sagardoetxeak eta jarduera ugari antolatu dira herritarrek sagardoaren kulturaz eta sagardogintzako kultur ondarez gozatzeko.

Sagardoetxean bertan prentsaurrekoa izan da asteazken honetan urteurrenaren ospakizunerako egitarauaren berri emateko eta bertan izan da Xabier Urdangarin, Astigarragako alkatea eta Sagardun Partzuergoko presidentea, egitaraua aurkeztu zuenak.

Gordailua (Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa) eta Sagardoetxearen arteko elkarlanari esker, Ubegi baserriko XVI. mendeko dolare ardatza ikusgai egongo da Sagardoetxean. Honetaz gain, Sagardoetxeako Dokumentazio Zentroaren erakusketa antolatu da eta bertan katalogatuta dauden funtsak ezagutzeko bisita gidatuak izango dira. Herritarrek ere izango dute kultur aisialdiaz gozatzeko tartea eta larunbat honetan, irailak 25, familientzako bisita gidatu nahiz tailer ezberdinetan parte hartzeko aukera izango dute.

Sagardoetxeak urte hauetan sagardogintzako kultur ondarea mantentzeko egindako lana azpimarratu eta ondare hori datozen belaunaldiei erakusteko Astigarragak herri gisa duen erantzukizuna azpimarratu ditu Urdagarinek.

Ekitaldian izan da ere Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza politikako sailburua. Sagardoetxeak bere Dokumentazio Zentroan nahiz Jaurlaritzako ENSIME aplikazioan gordeta duen ondarea balioan jarri eta «ondarearen zaintzaren ikuspuntutik bidelagun» izaten jarraitzeko asmoa azpimarratu du.

Bestalde, Maria Jose Telleria Aldundiko Kultura zuzendariak, «Sagardoetxean ikusgai dagoen Gordailuak utzitako Ubegi baserriko dolare ardatza denon arteko elkarlanaren ikur bat» izatea nahi dutela adierazi du.

Sagardoa eta turismoa

Turismo arlotik ere, sagardoaren kultura esperientzia garrantzitsua da EAEn. Javier Hurtado sailburuak adierazi duenez, «Sagardotegiko esperientzia erritu bat eta enogastronomia gizarte-jarduera gisa ulertzeko modua da».

Iker Goiria Aldundiko Turismo Zuzendariak adierazi duenez, «Sagardoaren esperientzia Gipuzkoako 10 top esperientziatako bat da eta Sagardoetxeatik esperientzia hau munduratzea garrantzitsua da».

HAZItik ere lan handia egin da azken urte hauetan bertako sagarra eta sagardoaren alde. Peli Manterola zuzendari orokorrak aipatu duen moduan, «azken urteotan gertatutako ekintza garrantzitsuena 2017ko  Jatorri Izendapenaren sorrera izan da eta hori elkarlanaren emaitza izan da».