Jon Maiaren ‘Kantu bat gara’ liburu diskoak azaroaren 12an ikusiko du argia. Bertan Maiak azken 30 urteotan Euskal Herriko hainbat musika talde eta abeslarirentzat idatzi dituen kanta ezagunen bertsioak egin ditu.
Bere hainbat kanta hitz eta hausnarketa biltzen dituen liburuarekin batera datorren CDan hainbat abeslari ezagunek kolaboratzen dute eta horietako bat da Asier Etxeandia aktore eta abeslari bilbotarra, Jon Maiak Gozategi taldearentzat idatzitako ‘Nirekin’ kantuaren bertsio honetan bertsolari zumaiarrarekin kantatzen duena.
Gozategi taldearen kantu ezaguna erabat eraberrituta dator, Pello Ramirez, Nacho Soto eta Gorka Hermosak osatutako taldearen eskutik, txeloaz, akordeoiaz eta pianoaz interpretatua. Jon Maiaren eta Asier Etxeandiaren ahotik bi gizonezkoen arteko elkarrizketa bihurtua ageri zaigu ‘Emoixtaxux muxutxuek’ bezala ezagunagoa den abestia. ‘Kantu bat gara’ lanaren lehen aurkezpen kanta da honakoa.
30 urte dira bertsolariak bere lehenengo kantak idatzi zituela, Negu Gorriak taldearen ‘Gure jarrera’ diskorako. Ordutik hamaika talde eta ekimenetarako letrak egin ditu. Benito Lertxundi edo Soziedad Alkoholika, Pirritx, Porrotx eta Marimotos edo Ken Zazpi, eta Gozategi bera, besteak beste.
Victoria Eugenia antzokian, abenduaren 29an, lagunez inguratua aurkeztuko ditu Jon Maiak bere kanta ezagunenak, «kontzertu bat baino gehiago, kantari eta letragintzari eginiko gorazarrea izango den emankizun-ospakizun berezian».