NAIZ

Esan Ozenkiren diskografia osatzeko falta ziren hiru biniloak berreskuratu ditu Elkarrek

Esan Ozenki zigiluaren 30. urtebetetzea dela eta, edizio berezi batzuk prestatu ditu Elkar argitaletxeak. Azkena binilo formatuan dator; alde batetik, Negu Gorriak taldearen diskografia osatzeko falta ziren hiru biniloak eta, bestetik, Anestesiaren EP mitikoa.

Esan Ozenki zigiluaren 30. urtemugan (19991-2021), hainbat berrargitalpen eta edizio berezi kaleratu ditu Elkar argitaletxeak.

Alde batetik, Negu Gorriak taldearen diskografia osatzeko falta ziren hiru biniloak dira, hirurak gatefold formatuan, argazkiak, kartelak edo kontzertu sarreren irudiekin moldatutako diseinuekin.

Eta bestetik, Anestesiaren lehen EParen oso berrargitalpen zaindua egin dute, hain zuzen ere ‘Toki berean’ izena duen biniloarena.

1991ean argitaratuta, 7’ singlearen formatuan, berritu ostean, oraingoa 10’koa da. Diskoetxeak azaldu duenez, disko mitiko haren oso ale gutxi egin ziren, eta «zor historikoa» zen hura «berreskuratzea eta eguneratzea».

Urte hasieran ‘Gure jarrera’ diskoaren edizio berezi bat kaleratu zuen Elkarrek, binilo bikoitzean eta aspalditik deskatalogatuta dagoen ‘Gora herria’ maxia ere barne hartu duena.

Esan Ozenkiren 30. urtemugako ospakizunak biribiltzeko, Youtuben kanal bat ireki zuten dute apirilaren 20an, eta orain arte sarean egon ez den hainbat bideo eta material interesgarri daude ikusgai bertan.

Besteak beste, hainbat bideoklip, Etsaiaken 25. urteurreneko kontzertua eta 1995eko urriaren 28ko Hitz Egin kanpainaren barruan egin zen jaialdia.

Horrez gainera, askorentzat hain bereziak izan diren bildumak ere bertan entzun daitezke: ‘Esan Ozenki Records 1991-1994’, ‘Independentzia 5 urtez’, ‘Gora Herriak’, ‘Ikastola berria eraiki dezagun Zuberoan’, ‘Factory 9’ eta ‘Independentzia 10 urtez’. Baita diskoetxea itxi eta hamar urtera kaleratu zen ‘Esan Ozenki Records 1991-2011’ bilduma ere.