Bere hitza bete du Marenek. ’Margaritas y Lavanda’ (Hook Ediciones Musicales, 2021) diskoa kaleratu zenean Naiz Irratian hitz eman zuen euskara hutsezko lan batekin itzuliko zela. Eta hala izan da, Durangoko Azokara ekarri du lan berria: ‘Begixek’, bost kantuz osatutako diskoa.
Lehendabiziko aldia da Durangoko Azokan Marenenentzako. Etorri da bisitari gisa, baina aurten stand propioa du eta ilusioz hartu du erronka. «Lana da bai, baina guk gure kalean oso ondo pasaten dugu. Atzo bizkotxo bat ekarri nuen ospatzeko!», dio.
Urte berezia izan da berarentzako, eta ez soilik pandemiarengatik. 2020ko azaroaren 29an eman zuen bandaz lagundutako bere lehen kontzertua, eta geroztik ez da geratu. Han eta hemen aritu da, «urtebete pasa da lehen kontzertutik, ez nuke sekula imaginatuko pasa den guztia, oso eskertuta nago. Oso pozik. Batzuetan pentsatzen dut, orain arte hau dena gertatu bazait, zer gertatu behar ote zait bizitza osoan?». Eta poztasun hori ez da hitzetara mugatzen, nabaritzen zaio ilusioa, positibismoa eta batez ere egiteko gogoa.
Kontzertu bereziena baina, dudarik gabe, Benicàssimeko SanSan festibalean eskaini zuena da Marenenentzat: «20.000 lagunen aurrean, iluntzean...eta denek zekizkiten letrak!». Fenomeno bitxia da Mareni gertatzen zaiona, lau hizkuntza menperatzen ditu eta lau horietan sortzen ditu kantuak, sare sozialetan euskaraz zein gazteleraz aritzen da, baina kanpoan, askoz kontzertu gehiago ematen ditu etxean baino. «Ikusten dut desberdintasun handia, estatuan gauza asko egiten ari naiz eta Euskal Herrian beste giro bat topatzen ari naiz. Bada, euskarazko disko hau ateratzea hortik dator, dei bat da: ez ahaztu estatutik nabilena baina ni Euskal Herrikoa naiz» esan du Marenek Musikharia saioan.
Hori ez da izan Iker Gurrutxagari egin dion aitorpen bakarra. Oso zorrotza dela dio, batez ere bere buruarekin. Eta disko honetan lan handia egin dutela estudioan berak buruan zuen soinu hori lortzeko. Bere proiektuak kontrolpean mantentzea gustatzen zaiola, eta kontrol ezak beldurra eragiten diola; ‘Begixek’ kantuan ari da hain zuzen ere horretaz.
Mimoz egindako lana da Marenen ‘Begixek’, hasieratik bukaerara etxean egindako lana. Familiako etxean aurkitu dituen argazki makina analogikoei hautsa kendu eta argazkilaritza hobbytzat du orain. Sare sozialetan konpartitzen ditu bere argazkiak, onak zein akatsdunak izan, eta argazki horiek erabili ditu azken disko hau ilustratzeko.
Ondoan, noski, oraingoan ere, ama. Orain arte, atzeko lanak egiten aritu da ama, giran, ekoizpenean, baina alabaren kantuan aritzera animatu da oraingoan Bea Berzosa. «Amak baietz esan zidan! eta harrituta geratu nintzen aurrekoetan beti esan didalako ezetz. Nik pentsatzen nuen momentu batean ezetz esango zuela, baina ez!».
Harreman berezia dute ama-alabek. «Asko eskertzen dut amaren lana. Bera gabe ez nuen lortuko egin dudan erdia» aitortu du Marenek, eta garrantzitsuena: «Oso ondo pasaten dugu!».
2022ra begira kontzertu sorta lotua duela iragarri du Gallartako musikariak eta gauza handiak, edota berarentzat garrantzitsuak direnak behintzat, badira tartean. Euskal Herrian ere egingo du geldialdirik Marenek.