Joseba Salbador

Piriniotar behia, %100 bertako arraza

Pasa den irailaz geroztik, Pirinioetako behiak badu arrazaren jatorria eta produktuaren goreneko kalitatea ziurtatzen duen zigilua. Logotipo berriak 27 urte merkatuan daraman Nafarroako Aratxea AGBaren zigiluarekin partekatuko du bere irudia.

Azken datuen arabera, 40.000 buru inguru daude Bizkaian, Araban, Gipuzkoan, Nafarroan, Aragoin eta Katalunian, ia erdiak Nafarroan.
Azken datuen arabera, 40.000 buru inguru daude Bizkaian, Araban, Gipuzkoan, Nafarroan, Aragoin eta Katalunian, ia erdiak Nafarroan.

Urte luzez bazterturik egon ondoren, piriniotar arrazako behia zabaltzen ari da Euskal Herrian eta horren adibide garbia da pasa den irailaz geroztik arraza horren jatorria eta produktuaren goreneko kalitatea ziurtatzeko lortu duen zigilua: «%100 piriniotar arraza autoktonoa». Hemendik aurrera, harategietan aurkitu ahal izango dugu zigilu hori daraman haragia, Nafarroako Aratxearen zigiluarekin batera.

Piriniotar behi arraza gaur egun goraldian dagoen arraza autoktonoa da, eta gero eta ugariagoak dira haragitarako hazten duten ustiategiak. Hala ere, betizuarekin harremana duen behi hau desagertzeko arrisku larrian egon zen 70eko hamarkadan, kanpotik ekarritako beste arraza emankorragoen mesedetan. Hainbat abeltzainen elkarte eta administrazioen ahaleginari eta mentalizazioari esker, ordea, suspertzen joan da, eta gaur egun desagertzeko arriskutik urrun dagoela esan daiteke. Azken datuen arabera, 40.000 buru inguru daude zentsaturik, batez ere Bizkaian, Araban, Gipuzkoan, Nafarroan, Aragoin eta Katalunian. Horietatik ia erdiak (17.600) Nafarroan daude eta beste 9.500 Euskal Autonomia Erkidegoan. Ustiategien datuei dagokienez, Nafarroan 489 daude eta EAEn 243.

Pasa den irailean Elizondon antolatutako jardunaldian, Nafarroako Gobernuko INTIA institutuak, ASPINA ganaduzaleen elkarteak eta Nafarroako Aratxea AGBak «%100 piriniotar arraza autoktonoa» zigilua aurkeztu zuten sektoreko hainbat ganaduzaleren aurrean.

Bertan izan ziren Mikel Nazabal INTIAko abeltzaintzako koordinatzailea, Patxi Aranguren ASPINAkoa eta Carmen Diaz de Cerio Nafarroako Aratxea AGBko idazkari teknikoa. Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak sustatzen du %100 bertako arrazaren zigilu hori, eta bultzatzaileek nabarmendu dutenez, tresna bat da arraza garbiko elkarteek beren izena gehitu ahal izateko arrazaren garbitasun jakin bat duten animaliengandik lortzen dituzten produktuei, kasu honetan haragiari.

Estatu mailako CONASPI elkarteak prestatu du ziurtagiria erabili ahal izateko baldintza guztiak jasotzen dituen baldintza agiria. Bertan zehazten denez, ustiategiek aldez aurretik inskribatuta egon beharko dute Nafarroako Aratxea AGBan. Horren ondorioz, kontrol lana batera egin ahal izango da, eta kontsumitzaileak informazio gehiago izan dezake erosten duen produktuari buruz.

Nafarroako Aratxea

Logotipo berriak 27 urte merkatuan daraman Nafarroako Aratxea Adierazpen Geografiko Babestua (AGB) zigiluarekin partekatuko du bere irudia. Gaur egun, Nafarroako Aratxea AGBaren barruan 467 ustiategi eta 16.300 behi inguru daude inskribatuta. Adierazpen horren barruan, pirinioetar arraza ez ezik, blonda, alpetar arrea, txarolesa eta horien artean gurutzatutako arrazak ere babesten dira.

Ustiategi hauek erabiltzen duten abeltzaintza eredua baliabide naturalak modu iraunkorrean aprobetxatzean oinarritzen da, ingurumena errespetatuz, eta Nafarroako landa eremuetako biztanleria ekonomikoki garatzen eta mantentzen laguntzen du.

Nafarroako Aratxearen kalitatea balioan jartzeko helburuarekin, joan zen urrian haragi-ontzearen txapelketa egin zen Iruñean, Reyno Gourmet erakundeak, INTIAk eta AGBak berak antolatuta. Bertan, Nafarroako 21 harategik beren txuleta onenak aurkeztu zituzten, Mario Goyen sukaldariak prestatzeko.

Txapelketako irabazleak Iruñeko Jose Sandua eta Dani Lizarazu harakinak izan ziren, hain justu ere Abaurrepeko ganadutegian hazitako piriniotar arrazako txuletarekin. Saria Nafarroako Aratxea AGBko lehendakari den Fermin Gorraizek eman zien.