NAIZ

Igaraba Urumea ibaiaren beheko eremura itzuli da 75 urteren ondoren

Aranzadi Zientzia Elkarteak duela 6 urte sortutako urmael batean grabatzea lortu du galtzeko arriskuan dagoen ugaztuna. 1940-1950 hamarkaden artean ikusi zen azken igaraba Urumeako bailaran; aurkikuntzak ikerketa lanak fruituak ematen ari direla esan nahi du.

Duela gutxira arte ez zen pentsatzen igaraba (Lutra lutra) Urumeako behe eremuan berriro ikustea posible izango zela;  Iyaraba edo ur-txakurra izenarekin ezagutzen zuten bertakoek. Lekukoen arabera 1940-50 inguruan ikusi zen azkena bailaran, ‘Gure faunari eta florari begira’ liburuak dioen moduan. Euskal Herrian galtzeko arriskuan dagoen espeziea da eta duela urte gutxira arte, Gipuzkoan desagertutzat ematen zen.

Duela astebete jakin da, ordea, berriz ere bueltatu dela. Aranzadi Zientzia Elkarteak sorturiko urmael batean izan da filmatua, gauez, putzura gerturaturiko baso-igel gorriak harrapatu nahian.

Itsas Enara Ornitologia Elkarteko eta Haritzalde Naturzaleen Elkarteko kideen laguntzarekin, igarabaren gaueko filmazioa jaso berri dute ikerlariek Urumea ibaia eta Aiako Harria Parke Naturalaren artean dagoen mikrohezegune batean.

«Urumeak agertzen duen ur-emari handiak eta dakarren arre koloreak zaildu egiten du igarabaren arrantza, eta beraz, elikatzeko aukera. Hilabete honetan putzuan dauden baso igel gorrien arraultzak ugaztun honen arrantza gune bihurtzeko aukerari ez zion muzin egin», esan du Aranzadik ohar baten bidez.

Animalia honetaz gain putzuen bueltan beste batzuk grabatu dituzte: ipurtatsa, lepahoria, basakatua, basurdeak, lertxunak edota orkatzak. Hauetako batzuk mehatxatutako espezieak dira. Espezie hauen presentziak garrantzia handia dauka bioindikatzaile bikainak direlako eta ibai ingurunean ongi egindako lanaren isla moduan hartu daitezke.

Lanaren emaitza

2005 urtetik Aranzadik naturari loturiko hainbat ikerketa eta kudeaketa lan egin ditu Hernaniko Udalaren eta Ereñotzuko Auzo Udalaren laguntzarekin. Azken hamarkadan orokorrean biodibertsitatearen kontserbazioa bermatzeko hainbat kudeaketa ekintza gauzatu dira: alde batetik Urumea ibar basoa areagotzeko zuhaitz landaketak egin dira, bestetik Aiako Harria Parke Naturalean 21 putzuz osatutako sarea ere egituratu da.

Hamabostetik gora izan dira garatu dituzten proiektuak, eta emaitzak agerikoak dira. Hasieratik izaki urtarrek –anfibioek, intsektuek, burruntziek zein sorgin orratzek– erabili zituzten sorturiko habitat berriak. Horietako asko Europa mailan babesturikoak ziren.

Orduztik espezie kopurua handitzen joan da, eta putzuen eta kudeaketa lanak egin diren eremuen kontserbazio egoera hobetzen joan den lekuetan azaldu dira suge urtarrak (biperakara eta gorbataduna), ur bila edo elikatzera datozen hainbat hegazti espezie.