Zientzialari txiletarrak ekosistemen eraldaketen erantzun bila ontziratu dira
19 zientzialari txiletar bederatzi eguneko espedizioan ontziratu dira klima aldaketaren ondorioz suspertutako organismo kaltegarrien bilakaera aztertzeko. Era berean, birus mikroskopiko zein balea erraldoien laginak batuko dituzte ekosistemen etorkizunaren erantzun bila.
Itsas biologoz, kimikoz eta fisikoz osatutako 19 kideko zientzialari talde bat klima aldaketak etorkizuneko ekosistemak nola eraldatuko dituen aurreikusteko lagin bila ontziratu da Txilen. Espedizioak bederatzi egun iraungo du eta zientzialariak «munduaren azken muturreraino» joango dira. Zehazki, Punta Arenas hirian ontziratutako taldeak (Txile hegoaldean), Magallaneseko itsasarteko fiordo eta kanalak zeharkatuko ditu Beagleko kanalera heldu arte, zeinak ozeano Atlantikoa Pazifikoarekin konektatzen duen.
Zientzialariak itsas armada txiletarraren ‘Cabo de Hornos’ ontzian itsasoratu dira eta organismo kaltegarrien presentzia eta klima aldaketaren arteko harrena aztertuko dute lagin desberdinak batuz. Lagin bilketa amaitu ostean, Latitude Altuetako Itsas Ekosistemen Dinamiken Ikerketa Zentrora (IDEAL) eramango dituzte laginak bertan aztertzeko.
«Naturak esan ezin duenaren ahotsa garela uste dut», hausnartu du Wilson Castillok, 24 urteko biokimika ikasleak eta espedizioko kide gazteenak. «Zientzialari bezala asko eman dezakegu, bereziki klima aldaketaren testuinguru batean», baieztatu du.
Castillok itsasoko ura iragazi du eta hori eginez birusak zein milimetro bosten bat gainditzen ez duten mikroorganismoak harrapatu ditu. Lagin mikroskopiko horietan bere planetaren kontserbazioa babesteko beharrezkoa den puzzlea osatzeko piezak ikusten ditu.
Klima aldakorraren ondorioz, Magallanes eskualdeko parajeak, fiordo eta kanalez josiak, erabat ikusgarriak dira. Halaber, zientzialari gehienak lanpetuegi dabiltza laginak biltzen aurrean duten paisaiaz gozatzeko.
Berunezko euriteak -itsas haize hotzek eramandakoak- gelditu bezain pronto, paisaia ia monokromatikoak koloretan lehertzen direnean, lanari ekiten diote berriro ere. Zientzialariek hodeiak urruntzen diren bitartean sortzen diren ostadarrei ere ez diete erreparatzen, egun berean hainbat aldiz agertu daitezkeen arren.
Klima aldaketa bizkorra
Espedizioak enfasi berezia jarri dio alga kaltegarrien loraldiari, marea gorria bezala ezagutzen denari hain zuzen ere. Fenomeno hau duela 50 urte erregistratu zen lehen aldiz Magallaneseko eskualdean eta, garai hartan, 23 pertsona hil eta 200 intoxikatu ziren alga hauen agerraldiaren ondorioz.
Planetaren bataz besteko tenperaturak igotzen diharduen bitartean, Patagoniako glaziar askok espazioa galtzen dute ur gezaren kantitate handiak itsasoetara isuriz. Ur gezaren handitze honek, sakontasun gutxiko uretan batez ere, alga hauen loratzeak errazten dituela uste dute zientzialariek.
Horregatik, gakoa ur hauek ikertzean dagoela uste du zientzialari taldeak. Izan ere, klima aldaketa eta berotegi efektuak eragindako glaziarren urtze eta CO2 isurketen bidez, datozen hamarkadetan itsasoan ekosistema berriak sortuko direla aurreikusten dute. Dagoeneko hipotesi hau berresten duten PH mailako (azidotasuna) eta uraren gazitasuneko aldaketak atzeman dituzte.
Hala ere, misio zientifikoko arduraduna den Jose Luis Iriartek aitortu du oraindik jakiteke dagoela zein izango den inguruaren aldaketa hauen aurrean organismoek emango duten erantzuna: «Ez dakigu organismoek eta bereziki mikroorganismoek nola erantzungo dieten efektu hauei».
Tripulazioak programatuta dituen 14 geldialdietan uraren lagin desberdinak batzen dituzte. Hau da, botilaz betetako aparatu bat 200 metroko sakoneraraino bidaltzen dute, eta, horren bidez sakonera desberdinetako laginak eskuratzen dituzte. Itsas hondoari dagokionez, berdin. Batzuk ur laginak batzen dituzten bitartean, beste ekipo batzuek itsas hondoko sedimentuak biltzen dituzte, batzuetan 300 metroko sakoneraraino iritsiz. Era berean, itsas ertzetan alga eta moluskuak bilatzen dituzte zientzialariek.
Dena den, Iriartek larrialdi klimatikoari aurre egiteko politikei urgentzia handiagoa emateko eskatu die agintariei: «Klima-aldaketa arintzeko eta klima-aldaketara egokitzeko eskualde-planak zaharkituta daude ingurumenean gertatzen ari denarekin alderatuz. Ingurumena gizarte gisa erantzuten ari garena baino bizkorrago eraldatzen dabil».
Baleak
Ontziaren puntu garaienetik, Rodrigo Hucke biologoak orduak pasatzen ditu baleen presentzia iradokitzen duten seinaleen bila. Urrunean ur txorrota bat ikusten duen bakoitzean, Hucki begiek dir-dir egiten diote eta «balea!» oihukatzen du tripulazio guztiak entzun dezan.
Itsasontziaren inguruan igerian ibili den balea «xibarta» bat izan dela jakinarazi du Huckek. Segidan, itsasontziari atxikitako ontzi txikiago batera salto egin eta balearengana hurbiltzen saiatu da honen gorotzak batzeko asmoz. Gorotzen bidez baleen elikadura nola aldatu den aztertu dezakete. Tamalez, oraingoan ez du laginik lortu.
Huck unibertsitateko irakaslea eta itsasoetan aditua da eta zinez atsekabetzen du agintariek itsasoen aferari era serioan heltzeko iragan den COP-26 bilerararte itxaron izanak. Hala ere, Egipton ospatuko den hurrengo COP-27an du itxaropena eta, bertan, benetako eraldaketa global bat ikustea espero du.
Laborategi eta unibertsitateko klaseetara itzultzen diren unetik hilabeteak pasatuko dira zientzialari hauek munduaren azken ertzean batu dituzten laginengandik planetaren etorkizun hurbilaren inguruko erantzunak jaso arte.