NAIZ

Osakidetza indartzeko Ahal Duguren sinadura bilketak «milaka» babes lortu ditu jada

Podemos-Ahal Dugu alderdiko militanteek sustatutako sinadura bilketak aurrera jarraituko du eta hori indartzeko udalerrietan informazio mahai gehiago jartzea erabaki dute. Era berean, adierazi dute sindikatuek deitutako mobilizazioekin bat egingo dutela.

Herrietan jarri dituzten sinadura bilketarako mahaietako bat.
Herrietan jarri dituzten sinadura bilketarako mahaietako bat. (PODEMOS-AHAL DUGU)

Podemos-Ahal Dugu alderdiko militanteek Osakidetza indartu dezaten eskatuz sinadura bilketa bat martxan jarri zuten. Eskaeren artean, kaleratu zituzten 4.000 osasun langileak berriro kontratatzea dago. Alderdiak ezagutzera eman duenez, ekimenak oso harrera ona izan du eta jada «milaka» sinadura bildu dituzte. Parte hartu nahi dutenek ospitale eta osasun zentroen atarietan kokatutako mahaietan zein webgunearen bidez eman dezakete babesa.

Kanpainari bultzada emateko asmoz, udalerrietan informazio mahai gehiago jartzea erabaki dute. Hala, Lakuari Osakidetzan giza baliabide eta baliabide material gehiago eskatu nahi dizikiote, «lehen mailako arreta kolapsatuta baitago eta ospitaleetako egoera, tentsionatuta». «Osasun zentroak gainezka daude, zaila da aurrez aurreko hitzordua lortzea, gaixo kronikoak ez daude ondo artatuta», arrazoitu dute.

Alderdiak nabarmendu duenez, herritarrak, beren sinadurekin, kritiko agertzen ari dira Lakuaren pandemiaren kudeaketarekin; izan ere, Podemos-Ahal Duguren ustez, Gobernuak «ez ditu oraindik herritarren beharrak entzun ezta neka-neka eginda dauden osasun langileenak ere, behar adinako giza baliabiderik ez dagoelako».

Bihar Satsek, ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk deituta Osakidetzan egingo diren mobilizazioekin bat egin du alderdiak eta protesta ekitaldietan parte hartuko duela iragari du.

Ildo horretan, Podemos-Ahal Duguk dei egin die herritarrei elkarretaratze horiekin bat egiteko, bai eta sindikatu horiek hilaren 23an EAEko hainbat udalerritan deitu dituzten mobilizazioetan parte har dezaten ere, «Osakidetzak pairatzen duen krisi larria salatzeko eta pandemiaren olaturik okerrenari aurre egiteko behar adinako giza baliabide izatea eskatzeko».

«Herritarrek eta osasun langileek bitarteko gehiagoko Osakidetza bat behar dute, gure osasuna, guztion osasuna, jokoan baitago», ohartarazi du alderdiaren militantziak bultzatutako sinadura bilketa kanpainan.