NAIZ

Covid-19ak eragindako heriotzak %22,7 jaitsi ziren EAEn 2021eko hirugarren hiruhilekoan

Covid-19ak eragindako heriotzak %22,7 jaitsi ziren pasa den urteko hirugarren hiruhilekoan EAEn. 276 heriotza eragin zituen koronabirusak: 272 covid-19 egiaztatuaren ondorioz eta lau covid-19 probablearen ondorioz.

Ehorzketa etxe bateko langileak Donostia ospitaleko tanatoriotik hildako baten gorpua jasotzen. (Gorka RUBIO/FOKU)
Ehorzketa etxe bateko langileak Donostia ospitaleko tanatoriotik hildako baten gorpua jasotzen. (Gorka RUBIO/FOKU)

Eustatek argitaratutako datuen arabera covid-19ak eragindako heriotzak % 22,7 jaitsi ziren pasa den urteko hirugarren hiruhilekoan EAEn.

Ohar batean erakundeak adierazi duenez, 2021eko hirugarren hiruhilekoan, covid-19ak 276 heriotza eragin zituen EAEn: 272 covid-19 egiaztatuaren ondorioz eta lau covid-19 probablearen ondorioz. Gainera, beste 35 heriotzatan covid-19a heriotza kausa ziurtatuen artean egon zen, baina funtsezko kausa izan gabe.

Herrialdeka, zifrarik handiena Bizkaiari dagokio (176), gero Gipuzkoari (74) eta, azkenik, Arabari (26). Eta hiriburuei dagokienez, Bilbo nabarmentzen da, covid-19ak eragindako 62 heriotzarekin. Ondoren Gasteiz dator, 19 heriotzarekin, eta azkenik Donostia, 15 heriotzarekin. Irun eta Getxo ere nabarmentzen dira, bakoitza 15 heriotzarekin.

Emakumeen heriotzen kopurua (139) gizonena (137) baino handiagoa izan zen; adinaren arabera, berriz, nabarmentzekoa da covid-19aren ondoriozko heriotzen %67 80 urtetik gorakoen artean gertatu zela, eta %17,4, berriz, 70-79 urtekoen artean. Heriotza gehienak EAEko ospitaleetan izan ziren (%86,2); ondoren, egoitza sozio-sanitarioetan (%9,1) eta bizilekuetan (%4).

2021eko lehen bederatzi hilabeteetan 1.405 heriotza gertatu ziren covid-19aren ondorioz, hau da, aurreko urteko aldi berean baino 708 heriotza gutxiago; horietatik 1.374 analisi espezifiko baten bidez baieztatu ziren, eta 31 covid-19 probable gisa diagnostikatu ziren. Heriotza gehienak urtarrilean (358) eta otsailean (325) gertatu ziren, eta ekainean eta uztailean izan zen heriotza gutxien zio horregatik (44 eta 42, hurrenez hurren).

Nabarmendu behar da covid-19a ere agertu zela hilabete horietako beste 128 heriotzatan, baina ez zela kausa nagusia izan, heriotzen mediku-ziurtagirietan agertzen den bezala eta Osasunaren Mundu Erakundearen heriotza kausak kodetzeko irizpideak aplikatuta.

Heriotzek gora egin dute

2021eko hirugarren hiruhilekoan covid-19ak eragindako heriotzak jaitsi egin ziren, baina heriotza kausa guztiak kontuan izanez gero 2021eko hirugarren hiruhilekoan 5.515 pertsona hil ziren EAEn, aurreko urteko aldi berean baino %2,7 gehiago. Hiruhileko honetan 147 heriotza gehiago izan dira aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, eta aurreko 10 urteetako batezbestekoa baino 762 gehiago.

Bizkaian eta Gipuzkoan heriotzak %4,3 eta %2,7 gehitu ziren, hurrenez hurren; Araban, berriz, %3,6 gutxitu ziren. Sexuaren arabera, 2.791 gizon eta 2.724 emakume hil ziren; hau da, %3,5eko igoera gizonen kasuan eta %2koa emakumeenean. Hiruhileko honetan izandako heriotzen artean, 11 heriotza urtebetetik beherakoenak izan ziren, eta 75 heriotza ehun urtetik gorakoenak.

Heriotza kausa nagusiak tumoreak eta zirkulazio-sistemako gaixotasunak izan ziren, 1.601 eta 1.349 heriotza eragin baitzituzten, hurrenez hurren; beraz, bien artean heriotzen % 53,5 izan ziren. Hirugarren heriotza kausa nerbio-sistemako gaixotasunak izan dira, 355 (%6,4), eta laugarren kausa arnas sistemako gaixotasunak izan dira, 335 (%6,1).

Arrazoiak desberdinak izan ziren sexuaren arabera. Gizonen artean, tumoreak izan ziren lehenengo heriotza kausa (%34) eta zirkulazio-sistemako gaixotasunak bigarrena (%23,3); emakumeen artean, alderantziz gertatu zen: zirkulazio-sistemako gaixotasunak izan ziren kausa nagusia (%25,6), eta tumoreak, berriz, bigarrena (%23,9).

EAEko hazkunde begetatiboa negatiboa izan zen 2021eko hirugarren hiruhilekoan, 1.732 pertsona gutxiagorekin. Hiru lurraldeetan galdu da biztanlerik: Bizkaian 1.173 pertsona, Gipuzkoan 494 eta Araban 65.