‘Begietara Begiratu’ singlea da Piztiak taldeak kaleratu duen abesti berriaren izena. Etxean gaixotasun larri baten ondorioz izandako bizipen eta galeraren sentipenez sortutako abestia da. Gaixotasun larri bat eduki edota izan dutenei eta bere ingurukoei eskainita dago kanta, baina bereziki, taldeak bideoklipean adierazi duen bezala, Marcos eta Manuelentzat. Bestalde, bideokliparen lanean “El Monstruito” ikus-entzunezko ekoizle independentea aritu da eta aktore lanetan, berriz, Inma Chapadok emakumearen papera egin du, Ramiro Iglesiasek gizonarena eta, azkenik, Rufo izan da agertzen den txakurra.
Beren esentziari eutsi dio Piztiak taldeak kantu berriarekin, baina ez dira alferrik pasa 30 urte eta eboluzioa ere nabari da haien soinuan.
Piztiak
Piztiak taldea, 1991.urtean urtean TU-K taldea desagertu zenean, Txomin Uribe, Josu Aranbarri, Peio Larrañaga, Jesus Galan musikariek eta Kirmen Uribe idazleak osatutako Ondarroa eta Mutrikuko taldea da eta, egun, Jose Lastra ere badabil taldean. Ibilbide honetan zazpi disko kaleratu ditu kostaldeko taldeak, ‘Huts nazazu’ (Elkar, 1991), ‘Hasi orduko’ (Elkar, 1992), ‘Argia eta itzala’ (Gaztelupeko Hotsak, 1998), ‘ZERO’ (Gaztelupeko Hotsak, 1999), ‘Euriaren zain’ (Gaztelupeko Hotsak, 2005), ‘Gabeko kalapitxixak’ (Buztenbaltza, 2009) eta ‘Bixitxi marabilli re’ (Buztenbaltza, 2015).
Taldeak 2021ean 30 urte bete zituen eta hori ospatzeko ‘XXX’ diskoa argitaratuko dute, bi abesti berrirekin eta aipatutako zazpi diskoen artean aukeratutako abesti zerrenda batekin. Disko berri hau, martxoaren 10ean kaleratuko da eta lau aurkezpen kontzertu eskainiko dituzte, martxoaren 11n Bilboko Biran emanaldi akustikoa izango da, martxoaren 26an Algortako Azebarrin, apirilaren 30ean Tolosako Bonberenean, eta, azkenik, maiatzaren 14an Azkoitiko Matadaixen.