NAIZ

‘Aho arraro’, Maite Larburuk euskarari eskaini dion ironiaz beteriko kanta dibertigarria

Maite Larburuk single eta bideoklip berria estreinatu ditu, ‘Aho arraro’ izenekoak. Euskarari eskainita, askotan zalantzan jarri izan ohi den hizkuntza delako, kanta hau ‘Krak’ (Zart) izeneko Hernaniko artista polifazetiko eta interesgarriaren bakarkako bigarren diskoan dago.

«Hizkuntza bat hitz guzti-guztiak baldin bada, ahoa mundu oso bat da. Izendatzen duen horretan bilakatzen dena. Aho arraro kantua euskarari eskainia dago. Gure hizkuntza zaila, zaharra, arraroa dela sarri entzun izan dudalako; eta hori ere izango da, akaso. Nondik begiratzen diozun! Zer kontatzen den! Edo kasu honetan, zer kantatzen den. Arraroa al zaio behiari marrua? Zaila txoriari kantua? Zaharra al da itsasoaren burrunba? Bihotzarekin entzun behar». Hitz hauekin definitzen du Maite Larburuk ‘Aho arraro’, ‘Krak’  bere bigarren diskoan aurkitu dezakegun abestia eta, orain, bideoklip berriarekin datorrena.

‘Aho arraro’ Larburuk berak idatzi zuen euskararen omenez, askotan zalantzan jarri izan ohi den hizkuntza hain zuzen ere, bere morfologiagatik eta historiagatik, besteak beste. Artista moldakorrak ironiaz eta aldi berean dibertigarria den letra batean nabarmendu nahi izan ditu alderdi horiek eta orain Txintxua Films, S.L.k oso irudi berezigarriekin egindako bideoklipa du bidelagun.

Larburu beraren eta Harkaitz Cano idazlearen jatorrizko ideiatik abiatuta, Asier Altuna zuzendari eta gidoilaria eta Marian Fernández ekoizlea buru dituen lantaldeak, Javi Agirre argazki-zuzendari ezagunak egindako argazki ugarien sekuentziarekin osatutako bideoklipa egin du.                                                        

Raúl Lópezek, aldiz, mimo handiz egindako muntaiaz arduratu da eta emaitza ondorengoa izan da:

Krakateko bat sentitzen duzun guztietan, hausten zarenean, zabaldu egiten zara. Horixe da ‘Krak’ diskoa: pitzaduraz-pitzadura musikaren bitartez are indartsuago batuko zaituen kantu multzoa eta bertan aurkitu dezakegu single berria.

Maite Larbururen laugarren lan honetan (bigarren bakarkakoa ere bada neighbor bikotearen bi diskoen ondotik) Carlos Taroncher eta Karlos Arancegui musikariak dira zuzeneko lagun. Klarinete baxu eta bateria jotzeko modu ortodoxoei muzin eginez, klarinete baxua elektroniko, eta bateria perkusio set bihurtuko dituzte, haien jotzeko modu apartak ahalmendurik.

‘Krak’ 2021eko maiatzean grabatu zen Haritz Harreguyren Usurbilgo estudioan. Ainhoa Resanoren argazkiak eta Alain Urrutia margolariaren diseinua ditu. Hain zuzen ere, azken hori *Zart taldeko kidea da, eta zigilu horren pean argitaratu zen diskoa.

Larburu bera ere diziplina ezberdinetako euskal artisten kolektiboaren partaidea da, Harkaitz Cano, Rafa Rueda, Elizabeth Macklin, Oier Aranzabal, Mikel Urdangarin, Iker Lauroba eta Naiara Egimendiarekin batera.


Honako hauek proiektu honetaz zuzenean gozatzeko aukera eskainiko duten kontzertuetako batzuk: -2022/03/10. Kafe Antzokia, Kutxa Beltza. Bilbo. 20.00.
-2022/03/11. Herriko Antzokia. Elgoibar. 10.00.
-2022/03/12. Aiaraldeako Faktoria. Laudio. 21.00.
-2022/05/06. Chillida Leku. Hernani.
-2022/05/12. Jimmy Jazz. Gasteiz. 20.30.
-2022/06/16. Patio de los Gigantes. ‘Kantu eta Hitza 2022’. Iruñea.
-2022/06/17. Doka Kafe Antzokia. Donostia. 21.00h.


Kolektiboaren helburuen artean, nabarmentzekoa da talde-lana eta diziplina anitzetako sinergien batuketa, euskal kulturarentzat aberasgarriak izan daitezkeen proiektu berriak sortzeko.