Jon Garmendia

Hautsi da anphora Korrika osatzeko

1980an argitaratutako diskoa berriro argira ekarri dute igandean Senperen Ruper Ordorikak eta Bernardo Atxagak, Loraldiaren eta Korrika Kulturalaren eskutik. Ondoren etorriko dira Iruñea (martxoak 10), Bilbo (martxoak 11), Eibar (martxoak 20), Gasteiz (martxoak 25), eta Errenteria (martxoak 27). 

Senpereko emanaldia. Bira honen lehenengo hitzordua.
Senpereko emanaldia. Bira honen lehenengo hitzordua. (NAIZ)

Duela lau hamarkada sortu zen zerbait memorian izatea kosta egiten bada ere, ‘Hautsi da anphora’ diskoak ez du gaurkotasunik galdu. Mugarri bat izan zen garai hartan, eta errefentzia izaten jarraitzen du.

Poema eta melodia ederrez osatutako disko horrekin hazi eta handitu diren euskal kulturaren sortzaile anitz elkartu dira Senpereko Larreko aretoan igande honetan bi maisu handiak zuzenean entzuteko, agian lan horrek duen dimentsioa horrexek ematen dio bere hutsean.

Korrika Kulturalaren barnean ordu terdiko emanaldia eskaini du Ruper Ordorikak, Bixente Martinez, Arkaitz Miner, ‘Lutxo Neira’ eta Hasier Oleagarekin batera. Musikari handiak denak, agertokietan zailduak, Ruperrek maisuki gidatuak, plazera belarrientzat.

‘Hautsi da anphora’ diskoaren hamar kantuak hurrenkeran jo dotuzte ‘Hi hintzena’rekin hasi eta ‘Zenbait bertso xelebre’rekin bukatuz. Kantuen artean hitza hartu du haien idazle den Bernardo Atxaga, handiak, kantuei argi pittîn bat ezartzeko, nola sortuak izan ziren iradokiz, nongotasuna eta kokalekua eskainiz.

Plazer bat bere anekdotak entzutea, azalpenei ezartzen dien maisutasunarekin gozatzea, bere poesia zuzenean ukaitea.

Publikoak sutsuki «beste bat» eskatu ondoan, ‘Berandu dabiltza’ izan da emanaldiaren ginda. Ruperren musikarekin urteak ez direla pasatzen, baizik bizitzen eta biziberritzen direla oroitzeko modurik ederrena.