Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad
Elkarrizketa
Haritz Harreguy
Musikaria

«Bertigoa eman zidan Delirium Tremenseko laugarren kide izateak, baina opari bat da»

Haritz Harreguy teknikari eta musikaria izango da Delirium Tremens taldearen itzuleran laugarren kidea. Erantzukizun handia dela onartzen du, ez dela ongi lo egiten ari, baina gogotsu, musika ulertzeko duen filosofia horrekin. «Instrumentuak gauzak esaten hasten dira. Eta azkenean hori da musika».

Haritz Harreguy, Delirium Tremenseko kide berria, Usurbilgo bere estudioan.
Haritz Harreguy, Delirium Tremenseko kide berria, Usurbilgo bere estudioan. (Jon URBE | FOKU)

Delirium Tremens taldeak eszenatokiak utzi zituenean 17 urte zituen Haritz Harreguyk. Ordurako askotan ikusiak zituen eta ordutik ez da musikatik aldendu, burura datozkigun taldeak eta askoz gehiago bere estudioan hartuz. Barricada, La Polla Records, Berri Txarrak, Latzen, Huntza, Etzakit, Deskontrol, Soziedad Alkoholika, Ken Zazpi eta euskal talde abar oso luze bat, baina baita ere Loquillo, Madredeus, Tremenda Jauría edo Pasión Vega. Eta guzti honen bueltan, Iñigo Muguruzaren heriotzak Delirium Tremensen itzuleran sortutako hutsunea beteko du, gitarra eskuan. «Bertigoa eman zidan. Zenbatetan entzun dut gaztetan Delirium? Pentsa. Opari bat». Ostegunean jakin zen berria, bideoklip berria estreinatzearekin batera. Eta maiatzaren 28an igoko da oholtzara lehen aldiz, BECeko kontzertu berezian.

Haritz Harreguy. Zenbatetan ikusi dugu izen hau disko bat argitaratu denean? Zenbatuta dituzu?

Ez, ez. Zenbatuta ez, baina 25 bat urte izango dira dagoeneko. 48 urte egingo ditut orain martxoan eta hori, 25 urte izango dira lan honetan. 

Musika teknikari bezala ezagutzen zaitugu. Zer ematen dio teknikariak edo produktoreak jendearengara iristen den produktu horri?

Joder. A zer galdera. Beno, ni saiatzen naiz talde bakoitza errespetatzen. Bakoitzaren soinua izan dadila entzuten dena. Huntzari ez diogu eskatuko Berri Txarraken soinua ateratzea. Edo alderantziz. Erromeria itzuli da! Eta batez ere, beti diodana, atetik pozik sartu dena, atera dadila pozik.

Nola trebatzen da teknikaria?

Badago ikus-entzunezko ikasketa egiterik, hemen Andoainen, baina ez, soinu teknikari gisa ez. Orduan hara eta hona bidaiatzen, teknikari askorekin hitz egiten, Estatuko beste toki batzuetako teknikariekin harremanetan eta musika entzuten gauzak ikasten zoaz. Gero estudioan lan eginda eta zuzeneko emanalditan. Asko lagundu naute.

Artze anaien ilobak gara eta gure amak ileapaindegi bat zuen. Mikel Laboa bertara askotan etortzen zen ilea moztera

Gaztetatik zenuen argi musika teknikaria izan nahi zenuela. Nondik datorkizu musikarekiko lotura hori?

Betidanik. Familiarengandik. Artze anaien ilobak gara eta gure amak ileapaindegi bat zuen. Mikel Laboa bertara askotan etortzen zen ilea moztera eta osabarekin askotan izan nintzen, txiki-txikitan Laboaren kontzertuetan. Etxean beti zegoen musika. Osaba mahaian ibiltzen zen hatzekin jotzen, bateria joko balu bezala. Bateria ere jotzen zuen. Baina beti izan nuen argi bai. Nik musika teknikaria izan nahi nuela nioen. Eta gainera familiak beti babestu nau. Nahiko abstraktoa zen garai horretan lanbidea, baina beti sentitu nintzen babestuta.

Musika zen zure hautua. Zer egin zenuen selektibitate egunean?

Selektibitatearen lehen egunean, azterketa amaitu eta korrika atera nintzen belodromora joateko, Pantera, Megadeth eta Iron Maiden ikustera. Hurrengo egunean, azterketa nuen berriro eta kontzertutik etxera korrika joan nintzen, ahal zena errepasatzera. Joan beharra zegoen. Begira, ez naiz sekula oso Iron Maiden zalea izan, baina etorri diren bakoitzean ikusi ditut. Bost aldiz. Ez naiz oso zalea izan, baina zuzenean… zer nolako gozatua.

Elkar argitaletxean hasi zinen eta, gerora, Kaki Arkarazorekin. Zure estudioa izatera iritsi arte.

Hori da, Kakik berarekin lan egiteko eskaini zidan eta hor ere asko ikasi nuen. Hainbat urtez egon eta gero nire estudioa sortzeko garaia iritsia zela ikusi nuen. Eta hemen segitzen dugu.

Hainbesteren artean. Denetatik egonen da. Gustoko ez duzun musikarekin ere egin beharko duzu lan.

Noski, baina lehen esan dudan bezala, atetik pozik sartzen dena, pozik atera dadila. Eta nire aldetik, lan bat onartzen dudan momentutik, topera jartzen naiz. Horretan murgiltzen zara, eta modu batean, gerturatu. Bakoitzaren nortasuna mantentzea gustoko dut. Loquilloren rocketik, Berri Txarrak edo Tremenda Jauriaren reaggetona. Baita Pasion Vegarekin ere grabatu nuen, koplak. Tremenda Jauriarekin adibidez, ba hasieran reaggetona… Nola egingo nuen nik hori? Gero kanta bati zeozer aurkitzen diozu, beste honi beste zerbait. Gero ez dut etxean entzungo, baina gerturatu egiten naiz. Instrumentuak gauzak esaten hasten dira. Eta azkenean hori da musika.

Bertigoa eman zidan. Delirium Tremenseko laugarren kide? Zenbatetan entzun dut gaztetan? Pentsa. Opari bat.

Lehen aipatu dugu. Diskoetan ia beti agertzen da zure izena. Aurpegia, ordea, gutxitan, baian musika talderen batetan ibili zara ere.

Beno, zeozer egin dugu hortik bai. Gaztetan batez ere.

Eta orain, Delirium Tremens.

Hori da. Iazko martxoan jarri ziren nirekin kontaktuan. Mauka musikagintzaren bitartez, lagun handiak ditudala, hasieran pare bat kanta grabatzeko. Grabatzen ari ginela ba beno, hiru ziren eta horrekin hasi ginen lanean. Gero ni frogak egiten hasi nintzen, han edo hemen bigarren kitarra bat sartzen. Gustatu zitzaien. Eta azaroan edo abenduan deitu egin ninduten eta proposatu ea haiekin zuzenean jo nahi nuen, laugarren kide gisa. Bertigoa eman zidan. Zenbatetan entzun dut gaztetan Delirium? Pentsa. Opari bat.

30 urte geldirik egon den talde batean. Opari bat eta erronka.

Bai, egun hauetan ez naiz oso ongi lo egiten ari. Esnatu eta pentsatzen jartzen naiz. Kriston erantzunkizuna da. Baina beno, asko entsaiatu, lan eta lan egin eta eszenatokira igotzerakoan, begiak itxi eta ahal den guztia egin.

Delirium 30 urte eta gero itzuliko da. Zuk urte pila daramatzazu munduan. Eta musika badoa aldatzen. Nola ikusten duzu eboluzioa?

Bai, bai. Joder. Asko. Haientzat ere (taldekideentzako), pentsa. Erabat desberdina da musika bera egiteko modua. Ni baino 10 urte helduagoak dira. Baina onartu eta egokitu egin beharra dago. Dena aldatu da. Eta horrela egin dute. Eta gogotsu.

Eta zuk, zer musika entzuten duzu? Edo lanarekin aski?

Kotxean entzuten dut. Gero etxera iristerakoan semeak ere izaten dira musika entzuten eta ez diet segituan haiek entzuten ari direna kentzeko esango. Noizbait bai, kentzeko esan behar zaie, bestela erotuko naizelako. Kitarra ere ikasten hasi dira, hori zerbait ere transmititu diegu. Baina beno, zer entzuten dugun? Euskal musika motel, hori bai, euskal musika.