Testua: Urtzi URRUTIKOETXEA (Argazkiak: U.U. eta GETTY)

Mugarik gabe, Afrika hegoaldean

Milaka urteko historia duela oso gutxiko gertaera historikoekin batzen da; hiri modernoak kontinenteko parke nazionaletako fauna ikusgarrienetik hurbil daude, eta bertako herriak eta kulturak ezagutzea esperientzia izugarri aberasgarria da. Afrikako hegoaldeko herrialdeetan izan gara.

Victoria ur-jauzi ikusgarriak.
Victoria ur-jauzi ikusgarriak.

Ez da sasoirik egokiena, beharbada, ados. Baina izango da, orain ez bada, geroago, eta Hegoafrika eta inguruko herrialdeetara bidaiatzeko aitzakiak, ohi bezala, gutxi izango dira: kontinenteko azpiegitura antolatuenetakoa dauka herrialdeak eta inguruko estatuetara ere erraz bidaiatu daiteke; alogerako autoa Johannesburgon hartu eta Botswanan uzteko aukera izan dugu. Eta bidean, kontinentearen hegoaldeko bazterrik berezienak bisitatu ditugu.

Herrialdeko hiririk handiena da Johannesburgo eta bertako historiako unerik garrantzitsuenetakoen lekuko izan da. Beraz, ezinbestean bisitatu beharreko hainbat leku ditu, Apartheidaren Museotik hasi eta Sowetoraino. Aurretik ere bisitatutako hiria izanik, ordea, bideari ekin diogu, iparralderantz, Botswanaraino doan errepidetik.

Bost orduko bidea da mugara. Ia bertan dago Gaborone hiriburua. Baina aurretik badago non geratu eta zer ikusi: Pretorian barna doan errepideari jarraituz, esaterako, Pilanesberg parke nazional ederreraino iritsi gara. Gune txikia da, Kruger eta beste parke batzuen handitasunik gabea, baina hurbilago egotea dauka alde.

Sartu eta gutxira jirafa baten sama luzea agertu da sasi artean, segidan errinozero eder bi, eta handik gutxira basozainak bideetako bat itxita dagoela esan digu: «Elefante talde handia dago erdian; hobe beste nonbaitetik jotzea». Afrika hegoaldeko parke nazionalen beste abantaila da, Kenya, Tanzania eta antzekoen aldean, norbere kontura antolatzea oso erraza dela: alokatutako autoarekin erraz sartu eta gidatu daiteke, eta ez dago zertan txango garestirik hartu Afrikako faunaz gozatzeko. Hori bai, noizean behin, merezi du txangoak ere, bertako adituek inork baino hobeto baitakite zein basapiztia non dabilen.

Pretoriatik joan beharrean barnealdeko bide sigi-sagatsuak hartuz gero, Lesedi parkean geldialdia egiteko aukera ere badago. Umeek bereziki maite duten lekua da, Afrika hegoaldeko herrien ohiturak, jantziak eta dantzak ezagutzeko. Horrez gain, bertan afaldu eta lotan geratzea hautatuz gero, oso esperientzia ederra izango du bisitariak. Gero, Pilanesbergen barna Botswanako mugaraino garamatza bideak. Mugako tramiteak errazak izan ohi dira, paperak behar bezala izanez gero (autoa alokatzerakoan jakinarazi behar da egin asmo den ibilbidea, eta haiek antolatu ohi dituzte inguruko herrialdeetan gidatzeko paperak).

Kalahariko jakituria

Gaborone utzi eta berehala, eremu zabala dator, eta erdian, asfalto marra luzea ehunka kilometroan Namibiaraino. Erdian, Kalahariko basamortua, 700 kilometro baino gehiagoan, ia autorik gurutzatu gabe, noizean behin errepidea gurutzatzen duen ganadu askeari adi. Ghanzi hiriraino joan gara, han errepide nagusia utzita Dqae Qare komunitateraino iristeko. Behinola “bushmen” edo “boskimano” deituriko eta egun “san” deitu ohi zaion herriak (hala esaten baitiote euren buruari) antolatutako ekoturismo egitasmo interesgarria dago bertan.

Afrika hegoaldean bizi den herririk berezienetakoa da, eta iparralderagotik iritsitako gizataldeek sarritan baztertu dute historian. Kalahariko basamortuak ezkutatzen dituen bizibideei esker, sanek aurrera irtetea lortu zuten, baina ohiko bizimodua uzteko presioak dituzte oraindik ere. Ostatu hartuta eta inguruak geure kabuz miatuta, afalosteko ipuin kontaketara gonbidatu gaituzte. Itzela da Kalahariko gau hotzetan sutondoan istoriook entzutea. Xgaiga du izena buruzagiak, eta itzultzaileak berba egin baino lehen, haren hizkuntzaren klik bereziei erreparatu diet, gerora, xhosa herriak ere hartu duen soinua. 28 “klik” desberdin ditu san hizkuntzak.

Biharamunean, goizean goiz abiatu gara oinez. San herriko kideek antolatutako ekimena izateaz gain, komunitateak trebatutako lagunek gidatzen dute txangoa. Gehienon begiradan basamortua eta sasiak baino ageri ez diren lekuetan bizimodua zelan atera ezagutzeko ibilaldi ederra da, jirafa, hiena edo zebra lorratzak nabarmenduz, sustrai bakoitza nola zukutu –eta, beraz, biziraun– litekeen azalduz, edo basapiztien gorotzen garrantzia ere ulertaraziz.

Namibiako muga hurbil dago, Windhoek hiriburura iristeko beste hiru orduko bidea izan arren aurretik. Afrikan sortutako azken estatuetako bat da Namibia, baina ez Europako metropolitik askatuta, Hegoafrikatik independentzia lortu zuelako baizik, 1990ean, apartheidaren amaieran. Hiriburuan bertan, Afrikatik zein Kubatik okupazioaren eta erregimen arrazistaren aurka borrokatu zirenen omenez izendatutako kaleak bisitatu ditugu, iparralderantz, Etosha parke nazioalerantz, abiatu baino lehen.

Aurretik, Namibia iparraldean eta Angola hegoaldean bizi den himba herri berezia zertxobait hobeto ezagutzeko aukera izan dugu. Botswanaraino hedatzen den herero herriaren ahaide dira, eta emakumeen bitxiek, lokatzez apaindutako ileak eta eguzkitik babesteko ematen duten okre gorriak mundu osoan famatu ditu, eta turismo antropologikoa ere erakarri du, bere dilema etiko guztiekin. Himba gehienak, edozelan ere, errepide gehienetatik urrun diren Kunene eskualdean bizi dira.

Zambezi-ren harrotasuna

Etosha, Afrika hego-mendebaldeko parke nazionalik ikusgarrienetakoa da. Arratsaldean iritsi gara kanpamentura, eta lehen txangoa egin gura izan dugu, ilunabarrean dabiltzan piztiak ikusteko. Gatzaga erraldoi baten inguruan eratutako lekua izanik, ura metatzen den lekuetan oso fauna aberatsa biltzen da: elefanteak, jirafak, zebrak, bufaloak, ñuak, antilope arruntak eta kudu handi eta harroak... felidoak uzkurrago dabiltza, noski, ehizarako behar bezala ezkutatuta. Eguzkia gorri-gorri eta handi gordetzear dela, parketik irtetean, gepardoa ikusi dugu urrunean, harrapakina hankapean, muturra gorri, eta kumeak ere oturuntzaz gozatzen.

Hotz egiten du gauez, basamortuan ohi duenez; are gehiago, urtaroak ipar hemisferiotik alderantzikatuta direla jakinik. Kanpamentuan sua piztu dute, haren inguruan bildu eta kantuan aritzeko. Barruan, independentziari buruzko eta apartheidaren aurkako afixa zaharrak dituzte. Biharamunean egun handia datorrela amesteko lokartu gara. Fresko eta eguzkitsu dator eguna, izan ere, gatzagaren alde batetik bestera ibiltzeko, une bakoitzak dakarren ikuskizunak liluratuta.

Kolonialismoaren apetek erregelaz marraztu zuten eskualde batera garamatza hurrena bideak. Capriviko Zerrenda da, Namibiaren mugen barruan dagoen 400 kilometroko lur zati estua, eta erabat ezberdina orain arteko eremu mortutik. Angola beti hurbil eta Botswana ere kilometro gutxira, Okavangoren deltaraino doan paisaia tropikalak parke nazionalen eta herrixka xumeen artetik garamatza mugaraino.

Chobeko parke nazionala

Sartu-irtena baino ez da Botswanan, Kasane atseginean geldialdia egin, alogerako autoa utzi eta Chobeko parke nazionalaz gozatzeko. Txoko honetan bost herrialdek bat egiten dute, izan ere; eta bidaiaren amaierak aldameneko Zambia eta Zimbabweraino garamatza. Iaz arte txalupa hartuta igaro beharra zegoen beste aldera, dozenaka lagun eta ibilgailurekin batera, baina bi herrialdeak lotzen dituen zubia eraikita eta zabalik dago ordutik.

Livingstone du izena Zambiako hiri nagusiak bazterrotan, eta mendebaldar guztiok bertako ur-jauziak Victoria Falls edo Victoria ur-jauziak izenez ezagutzen baditugu ere, Mosi-oa-Tunya, hots, “burrunba egiten duen kea” da lozi hizkuntzan. Berehala ikusi dugu zergatik, trenbidearen parean doan errepidean bidea egin eta Zimbabwe mugaraino iritsita. Zambezi ibaia zabaldu eta indar biziz amiltzen da 100 metro baino gehiagoko altueran eta 1,7 kilometroko zabaleran. Zambiatik gozatu dugu egun batean, Botswanako aldetik hurrengoan, eta ibilbide ahaztezin honi eman dakiokeen amaierarik bikainena iruditu zaigu.